euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Joxerramon Bengoetxea Caballero

Gaindituko al du EBk nazional-populisten erasoa?

EHUko errektorea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/04

Joxerramon Bengoetxea errektorea | Argazkia: EHU.

Hona Oñatiko Unibertsitate zaharrean, euskal urrezko mendean, XVI.an sortutakoan, astelehen honetan aurkeztu dugun liburuaren izenburua: ‘Will the EU Survive Populis Nationalism?’. Europako Batzordeko buru Ursula Von der Leyenen eta Frantziako presidente Emmanuel Macronen dei bateratuari erantzunez, ‘Choose Europe for Science’ ekimenaren bilkuran izan ginen maiatzean, gure taldea Errektoretzara heldu eta aste batzuetara. Errusia, Txina, India eta AEB bezalako potentzia handien populismoak eta hauen kimu europarren nazional-populismoa (AfD, Vox, PiS, Fidesz, Lega, FdI,  Rassemblement National, Aurora, PVV, ...) ugaltzen den heinean Europaren integrazio eredua, balio humanista eta demokratikoetan oinarritua, baztertuta geratzen ari da munduko agertoki geopolitiko berrian. Nazional populismoak eztabaida intelektuala botere gordinaren jiran kokatzen du, arauetan oinarritutako nazioarteko ordenaren tokian indar erlazioetan oinarritutako ordena jarriz, eta bizimodu eta pentsamolde desberdinen arteko gerra kulturalak piztuz. Horren aurrean Europako unibertsitateak askatasunaren gotorleku gara egun, zientzietatik heldu eta jorratu behar ditugu erronka totalitarioak. Testuinguru honetan, unibertsitateok rol bikoitza hartu behar dugu: alde batetik, bermatu behar dugu lehia eta ongizatea garapen zientifiko-teknologikoaren bidez; eta, bestetik, unibertsitate eredu eraldatzailea sustatzea dagokigu, demokrazia, berdintasuna, kontzientzia ekologikoa eta garapen kultural eta komunitarioa hauspotzeko.

Europako unibertsitateok irmo agertu behar gara intolerantziaren eta irrazionaltasunaren aurrean, indarkeriaren eta gerren aurrean, gehiegikerien eta pobrezia betikotzen duten desberdintasunen aurrean. Azaroan ezagutu dugu munduko desberdintasunen inguruko G20-aren txostena, Joseph E. Stiglitz Ekonomia Nobel saridunak zuzendua, Aditu Independenteen Batzorde Bereziarentzat. Txostenak dioenez, 2000. urteaz geroztik sortutako aberastasunaren euro bakoitzeko, 41 xentimo munduko aberatsenen % 1ak jaso ditu, eta xentimo bakarra biztanleria pobreena den % 50ak. Aberastasun hori ez da soilik botere ekonomikoa edo finantzarioa; eragin politikoa ere badu, eta mehatxupean jartzen ditu herrialde askoren garapen ekonomikoa eta demokrazia bera, baita Europan ere.

Enric Julianak ohartarazi duenez (“El cesarismo está ganando fuerza en el mundo”, La Vanguardia, 2025/11/16), ezkortasun uhin bat zeharkatzen ari da Mendebaldea demokrazia liberalaren etorkizunaren eskutik. Bigarren Mundu Gerratik sortutako kanon antifaxistaren agortzea, blokeen dinamikaren berragerpena, globalizazioak eragindako arrakala gero eta handiagoa, berrarmatze orokorra, desberdintasun sozialen areagotzea, sare sozialek eragindako polarizazioa, gizartea txoko digitaletan zatitzea, gazteen desorientazioa, eta adimen artifizialak ekonomian eta lanean izango duen inpaktuaren inguruko ziurtasun eza, horiek guztiak etsipen lauso bat elikatzen ari dira, eta hori bereziki antzematen da Europako gizarteetan. Horri krisia gehitu dakioke, ez bakarrik Europarena, baita hark oinarri izan duen atlantismoarena berarena ere. Joschka Fischerrek esana da Europaren integrazioak adierazten duen guztia arbuiatzen dutela Steve Bannonek eta bere aliatu populista europarrek: balio ilustratuak, estatu-nazioen nazionalismoa gainditzea, Garapen Jasangarrirako Helburuen agenda (‘Project Syndicate’, 2025/11/24). Amorruan oinarritutako nazionalismoa dario MAGA mugimenduari, eta prest dago aliantzak egiteko politikaren ikuspegi txobinista, supremazista eta matxista ororekin. Trumpek esana du Europar Batasuna AEB izorratzeko sortu zela, baina, bide batez, transatlantismoa ere hondatu du, batere lotsagorritu barik Putinekin elkar hartuta Ukrainia absorbatzeko edo Netanyahurekin Palestina.

Nazional-populistak Europa, sistema gisa, erasotzen ari dira eta ez gara behar bezala erreakzionatzen ari EBren Tratatuaren 2. artikuluan jasotako balioak babesteko; era berean, ez gara ari serio hartzen zientzia, teknologia eta berrikuntzarako inbertsioa. Draghi txostenak, hain justu ere, lehiakortasunaren bi maila bereizten ditu: berrikuntza (sektore guztietan) eta maila goreneko ikerketa zientifikoa (bikaintasuna), gure lehiakortasuna eta garapen jasangarria sendotuko nahi badugu.

Europarrok bietan hobetu behar dugu, zientzia uztartuz bai transferentzia eta berrikuntzarekin eta bai gobernantza demokratikoarekin. Unibertsitaterik gabe, baina, hori ezinezkoa da. Horixe izan zen Sorbonako ‘Choose Europe’ ekimenaren mezua. Gogoetan oinarritutako gobernantza malgu eta inklusiboak erraztu egin behar du eraldaketa hori. Ikerketa sustatzeko programak (Horizon) eta ikertzaileak laguntzekoak (Marie Curie, ERC) mantendu eta indartu behar dira, eta Europako unibertsitateen arteko aliantzak sustatu. Horrez gain, beharrezkoa da industria sarea eta enpresa kultura askoz sendoago eta prestatuago egotea berrikuntzarako eta arriskuak hartzeko, eta horri gehitu behar zaio industria eta ekintzailetza bultzatuko dituen politika publikoa. Europako unibertsitateok kalitate handiko oinarrizko ikerketa egiten dugu, baina ez gaude inola ere maila berean transferentzian, berrikuntzan eta ekintzailetzan. Azken finean, ikerketaren eta unibertsitateen finantzaketa publikoa finkatzea erabakigarria da lehiakorragoak izan gaitezen. Izan ere, jakintzaren gizarte ekitatibo bat eraikitzea izango da Europar Batasunaren zilegitasun iturri jasangarri bakarra.