Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak enpresa sarearen eta talentuaren arteko zubia sendotu du
Enpresa Egunaren edizio berri arrakastatsua ospatu du Donostian
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/12
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Enpresa Egunaren edizio berri bat ospatu du Donostian, eta ekimena sendotu egin da inguruko enpresa‑sarearen eta unibertsitatearen arteko topagune nagusietako gisa.
Aurtengo jardunaldian 65 stand jarri dira, eta 100 enpresa baino gehiago egon dira ordezkatuta agerian utziz Eskolak lurraldeko industria eta teknologia arloko erakundeekin duen lankidetza-sare sendoa. Parte-hartzea bikaina izan da, oso handia bai enpresen aldetik bai ikasleen aldetik.
Topaketaren helburua izan da ikasleen eta erakundeen arteko harreman zuzena erraztea, praktikak, Gradu eta Master Amaierako Lanak nahiz etorkizuneko lan-aukerak sustatzeko. Enpresek euren proiektuak, beharrak eta profil profesionalak aurkeztu ahal izan dituzte; ikasleek, berriz, euren prestakuntza eta gaitasunak erakusteko aukera izan dute, testuinguru profesional eta hurbil batean.
Lehen balorazioak oso positiboak izan dira. Enpresek nabarmendu dute ikasleen prestakuntza-maila eta gaitasun teknikoa; ikasleek, aldiz, lan-munduarekin lehen harreman zuzena egiteko aukera eskertu dute, beren ibilbide profesionala eraikitzen hasteko urrats erreal eta baliagarria delako.
Mikel Iturrate, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Kanpo Harremanetarako zuzendariordearen hitzetan, “Enpresa Eguna Eskolaren konpromisoaren isla da, bai ikasleen enplegagarritasunarekin bai gure inguruko garapen ekonomiko eta teknologikoarekin. Halako ekimenek unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetza sendotzen dute, aukera errealak sortzen dituzte gure ikasleentzat eta Gipuzkoan prestatzen den talentua bertako ehun produktiboan txertatzeko bidea errazten dute”.
Edizio honekin, EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak berriro berretsi du prestakuntza, berrikuntza eta enpresa uztartzen dituen eredu baten aldeko apustua, lurraldearen lehiakortasunean eta ikasleen etorkizun profesionalean eragin zuzena duena.
