-
Gradu eta graduondo amaiera ekitaldi bateratua ospatuko du EHUk San Mamesen ekainaren 12an
-
EHUk atsekabea erakutsi du Garaikoetxearen heriotzagatik: "Euskal unibertsitate publikoa zorretan dago berarekin"
-
Sexua aldagai saihetsezina ikerketa biomedikoan
-
Non dago armairu hau?
-
‘Bullying’a ikasgelan jaio eta Interneten hedatzen da adingabeen artean
Habanako gure gizonaren kronikak (eta II)
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/04/30
6. Jubilatu bizitza
Alfredo Carvajal (Las Tunas, 1938) ezagun dut Habanara egin nuen lehen bidaiatik. Ordurako erretretan, hainbat modutan osatzen zuen erretiro pentsioa: Espainian bizi zen kubatar lankide batek alokairuan uzten zidan apartamentuaren gestio lana egiten, bere etxean otorduak prestatuz (orduan dastatu nuen lehen aldiz otarraina ‘Costa Brava’ erara) eta zigarro puru habanoen salmentarekin (langile bakoitzak kopuru jakin bat eskuratzeko eskubidea du, gure arrantzaleen arrain kuotaren antzeko zerbait). Batistaren erregimenaren kontra borrokatu zen, sabotaje brigada baten buru gisa, Las Tunasen. Atxilotua izateko zorian, Habanara ihes egin zuen, sasian. Kubako hiriburuan atxilotu zuten, Escambray mendikatean zeuden Camilo Cienfuegosen eta Che Guevararen zutabeekin bat egiteko prestatzen ari zela. Iraultzaren garaipenarekin, 1959ko urtarrilaren 1ean, presondegitik irten eta lan sindikalera itzuli zen. 1976tik 1982ra, Zuzenbidea ikasi zuen, Habanako Unibertsitatean, eta 1989an, Lanaren Nazioarteko Erakundearen Nekazaritza Batzordearen bileretan parte hartu zuen, Genevan. Carvajalen pentsioa batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da (.,000 peso), osagarri bat jasotzen duelako gerrillari ohi gisa, nahiz eta ezer gutxirako balio dion, Kubak duen inflazioa dela-eta. Beste erretiratu askok bezala, ez du begi onez ikusten neurri handi batean turismoaren dibisen mende dagoen uhartearen egungo sistema ekonomikoa. Hain zuzen ere, ia guztiz galdu den turismoa: 2020. eta 2021. urteetan, COVID-19agatik; orain, “iparraldeko bizilagunaren” blokeoarengatik. Alfredok eta biok esan ohi dugu pandemiak lortu zuela 60 urteko blokeoak lortu ez duena, Kubak bere mugak itxi behar izan zituelako ia bi urtez (bere herritarrak babesteko munduan hori egin zuen lehenengo herrialdeetako bat izan zen). Gaur egun, horri guztiari gehitu behar zaio AEBen legez kanpoko eta alde bakarreko blokeo energetikoa.
7. ‘Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia’, nekez aurrera
‘Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia’ (AVNB) Habanako elkarte zaharrenetariko bat da. Ez alferrik, 1877an sortu zen. Egoitza fisiko propiorik ez duenez (duela urte batzuetatik hona, plan bat darabilte buruan egoitza bat zabaltzeko Centro Habana udal barrutian, baina gauzak mantso doaz Kuban), bere jarduerak antolatu ohi ditu beste egoitza batzuetan, horietako bi izanik ‘Centro Andaluz’, La Habana Viejako Paseo del Pradon, eta ‘Casa Balear’, El Vedadoko Avenida Paseon. AVNBk, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzekin, kultura ekitaldiak egiten ditu, euskara eta euskal kultura ikastaroak antolatu, liga jubenileko futbol talde bat babestu… Nolanahi ere den, egiteko nagusia du Eusko Jaurlaritzatik jasotako funtsak banatzea esklusio arriskuan dauden bazkideen eta kolektibo zaurgarrien artean. Elkartearen buru Renatok (Habana, 1965) diosku eten egin behar izan dituztela kultur eta kirol jarduerak, garraiorik ez dabilelako, blokeo energetikoagatik. Ez daki noiz hasiko diren berriro kirol jarduerekin, baina baikorragoa da Etxepare Institutuak diruz laguntzen dituen euskara ikastaroekin. Kubatar guztiei eragiten dieten arazo energetikoez gain, AVNBek badu beste arazo bat: zain dago noiz liberatuko dituen Kubako Banku Zentralak Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntzen funtsak, laguntza behar duten kolektiboen artean banatzeko.
8. Ez kongresu ez bilkura zientifikorik
Kubako arazo energetikoek kongresu eta bilkura zientifikoetan duten eraginaren erakusgarri, lerrootara ekarri nahi izan dut BioHabana 2026 kongresua bertan behera utzi dela dioen komunikatuaren zati bat. Nire asmoa zen CENCECeko (Centro Nacional de Ensayos Clínicos) lankideekin egiten ari naizen lanaren inguruko bi ponentzia aurkeztea Kuban bioteknologiaren eta produktu farmazeutikoen alorretan garrantzitsuena den eta bertako nahiz atzerriko adituen arreta pizten duen kongresu horretan. Komunikatuan irakur daiteke, besteak beste: “…gure herrialdearen eta nazioartearen egungo gorabeherek eragina dute eguneroko bizitzaren hainbat alderditan, BioHabana bezalako batzar bat behar bezala egingo dela ziurtatzeko beharrezkoak diren logistikan eta bitartekoetan barne. Horiek horrela…erabaki dugu ekitaldia formatu presentzialean eta bere osotasunean atzeratzea”. Guztiz aurreikusteko modukoa zen komunikatua, kontuan izanik Kubaren egungo egoera, programatutako 6-12 orduko itzalaldiekin Habanan, eta itzalaldi are luzeagoekin herrialdearen barrualdean, non ez duten ‘apagón’ hitza erabiltzen, ezpada ‘alumbrón’, argindarra duten aldiak argindarrik gabekoak baino laburragoak direlako. Ikerketa proiektuak koordinatzen dituen CENCECeko kide batek dioen bezala, “argia heltzen denean, arropa garbigailua jarri behar duzu, otorduak prestatu… elektrizitatea behar duen guztia egin behar duzu, eta orduan zentzugabea da ikertzaileei eskatzea ordenagailuaren aurrean esertzeko eta beren lana egiteko, kontuan izanik gainera horietako batzuk barrualdeko probintzietan bizi direla”. Ni El Vedadon bizi naiz, Habanako amaetxe handienetako baten ondoan (Hospital González Coro), eta ez dugu normalean itzalaldirik izaten, sistema elektriko nagusiak huts egin (SEN - Sistema Electroenergético Nacional) eta Kuba osoa ilunpean gelditzen denean izan ezik (bi aldiz gertatu zen martxoan). Kubako egungo arazo energetikoek are gehiago zaildu dute 65 urteko blokeo ekonomikoagatik jada berez zaila zen kubatarren bizimodua. Dena dela, etorkizunari begira, baikor izan nahi dute, eta CENCECeko kideen asmoa da kongresua aurtengo azaroaren amaieran egitea. Nire aldetik, espero dut BioHabanaren hitzordu berria ez huts egitea eta maiatzerako prest nituen emaitzak aurkeztu ahal izatea.
9. Jubilatu bizitza Habanan
Ileana Yarza (Habana, 1940), bere etxearen atarian, leku zinez atsegina, eta freskoenetako bat El Vedadon sargori denean. Ileanak ezin izan zuen bere garaian Habanako Unibertsitatean (UH) ikasi, Batistaren gobernuak itxi zuelako, eta 1980ra arte itxaron behar izan zuen Ekonomian matrikulatzeko, ordurako Kubako Gobernu Iraultzailearen langile zela. Burges jatorrikoa, Habanako Ikastetxe Amerikarrean ikasi zuen, eta, dioskunez, sozialista bihurtu zen Fidel Castro entzun zuenean Habana Hilton hoteleko —egungo Habana Libre hotela— estatubatuar turistei mintzo, 1959ko martxoan. Gobernuko langile gisa, Ileanak lan egin zuen Fidel Castro eta Ernesto Che Guevara buru zituzten departamentu eta proiektuetan. 1995ean hartu zuen erretiroa, Kultura Ministerioko langile zela, eta, horren aurretik, 1982tik 1988ra, lotura zuzena izan zuen Habanako Polo Zientifikoaren proiektu bioteknologikoekin. Gaur egun, 3.000 pesoko pentsioa jasotzen du hilean. Kopuru hori osatzeko, Kubako kulturari buruzko kurtsoak eman izan ditu, ‘freelance’ modura, Johns Hopkins Unibertsitatean (Baltimore, Maryland) eta Francis Collegen (Brooklyn, New York), eta oraintxe bertan Yorkshire txakurrak hazten ditu. Elkarrizketatu nuenean, Ileanaren auzoa programatutako itzalaldi batean zegoen. Eta itzalaldia dagoenean, ez dago ere urik, motor elektrikoak erabiltzen direlako eraikin bakoitzeko zisterna kargatzeko eta ura depositu indibidualetara eramateko. Kubatar guztiek bezala egunerokoan estutasunak baditu ere, Ileanak ‘Martiana’, sozialista eta ‘Fidelista’ izaten jarraitzen du, buruz eta bihotzez, nahiz eta, formazioz ekonomialaria izanik, oso kritikoa den herrialdearen ekonomiak hartu duen bidearekin.
10. Agurra eta amaiera
Azken kronika hau idazten ari naiz maiatzaren lehenaren ‘desfilearen’ bezperetan (hemen desfileak egiten baitituzte, ez manifestazioak), Malekoi ezagunaren Plaza Antiinperialistan egingo dena (edo Banderen Plaza, AEBen Enbaxadaren aurrean jarritako Kubako 138 bandera erraldoiengatik). Eta dagoeneko hasi naizenez hemen proiektuak ixten (ekainaren 3an hasiko naiz berriz EHUn lanean), egoki deritzot zenbait gogoeta egiteari. Etxean egokitu zaizkigun sistema elektroenergetiko nazionalaren etenaldietan, Radio Relojeko albisteak entzun ditugu, eguzki energiaz funtzionatzen duen irrati txiki batean, eta mugikorrak kargatu ditugu eguzki plaka txikiz osatutako bateria batekin, bi-biak neronek ekarriak, itzalaldiak izango genituela aurreikusita. Itzalaldiak oso bakanak izan dira bizi garen El Vedadoko eremuan, ondoan ospitale bat dugulako, baina ohikoak dira Kubako leku askotan, hiriburuko auzoetan ere bai. Batzuetan, guk argindarra genuenean, argirik gabe zeuden sei ‘cuadra’-tara” (etxadi edo ‘cuadra’ batek 100 metro neurtzen ditu). Errusiar kargaontziak ekarritako petrolioari esker, pitin bat arinduko da arazo energetikoa. Duela egun batzuetatik hona, 23. abenida argiztatuta dago (argazkian atzealdean ikusten den El Vedadoko hiribide nagusietako bat), eta hasi da dagoeneko argia Habanako gauera itzultzen. Arazo hauek guztiak kontuan hartuta, merezi izan du hona etortzeak? Bai, jakina. Kubara etortzea, duela hamabost urtetik urtero egin dudan bezala, ez bakarrik irakasteko eta ikertzeko, baita hemendik joan ez diren lagunekin egoteko ere, haiekin eztabaidatzeko, giza kontuez eta jainko kontuez, Kubaren arazoez eta kontraesanez, ekonomiaren ataka larriaz, hemen ‘pelota’ deitzen duten beisbolaz (tutik ulertzen ez badut ere…)… garrantzitsua da, gure unibertsitatearen lemari jarraituz, fruituak eman eta zabaltzen ahalegintzeko. Oraingo honetan, gainera, Kubarekiko elkartasuna sentitu dut, herrialde askotako ordezkari politikoen eta gizarte zibilaren babesa, bai eta urtarrilaz geroztik 65 urteko blokeo ekonomikoari gehitu zaion blokeo energetikoaren gaitzespena ere. Ohar hauek amaitzeko, gaurko albiste bi, guztiz antagonikoak: alde batetik, AEBetako presidenteak, ez bat eta ez bi, Zientziaren Kontseilu Nazionaleko kide guztiak kargugabetu ditu (El País, 2026/04/27); bestetik, Euskadi-Kuba elkartea prest da azken hilabeteetan bildu duen laguntza uhartera bidaltzeko (Facebookeko albistea). Historiaren alde egokian egoteaz usu mintzo garen honetan, neure aldetik espero dut zalantzarik ez izatea zein den alde hori. Besarkada solidarioak Kubatik. Laster arte!