-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Nahia Idoiaga Mondragon, Naiara Berasategui Sancho, Naiara Ozamiz Etxebarria, Maitane Picaza Gorrotxategi, Amaia Eiguren Munitis, María Dosil Santamaría, Ugo Mayor, Guiomar Perez de Nanclares
Hamabost hilabete pandemiaren eraginpean: Zer ikasi dugun eta zertan huts egin dugun
UPV/EHUko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2021/07/05
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
2020ko otsailean COVID-19aren birusa munduko herrialde guztietan hedatzen hasi zenetik, gure bizitzak errotik aldatu dira. Ondorio biologikoak, psikologikoak, sozialak eta ekonomikoak suntsitzaileak izan dira.
Pandemia oso arrisku gertagarria zen, baina ez ikusiarena egitearen ondorioz, behar baino garestiago ordaindu dugu. Pandemia hau sindemia bihur ez zedin, munduko herrialde guztietan gertatu den bezala, osasun publikoaren ikuspegi zabalago bat beharrezkoa zen, osasungintza esparru hutsaz harantzago.
Horregatik, hainbat alorreko 44 ikertzailek eta profesionalek diziplina anitzeko begirada izan dugu, ebidentzietan oinarritua, analizatze aldera zer gertatu den, zertan huts egin dugun eta zer ikasi dugun. Horrela, krisia amaitu arte geratzen zaiguna modurik hoberenean gainditu ahalko dugu.
Horretarako, gertatutakoari buruzko gogoeta planteatu dugu dozena bat alorretan baino gehiagotan; hala ere, funtsezko gai gehiago ere plantea litezke oraindik. Horregatik, lan hau hasiera moduan planteatzen da, eta ez amaiera gisa. Horrela jaio da Liburu Zuria.
Murrizketak, txertaketa eta osasungintza sistema
175 proposamen aurkeztu dira hainbat ikuspuntutatik. Horietako lehenengoa osasungintzari dagokiona da. Honako ideia hauek analizatu dira:
- Osasungintza soziosanitarioa. Proposamenen oinarriak hauek dira: sistema publikoa indartzea, zainketa sistema efikaz eta efiziente bat lortzea, eta adinekoak nola zaindu behar ditugun pentsatzea. Halaber, Lehen Mailako Arreta osasun aurrekontuen % 25era igo eta Osasun Publikoko aurrekontua bikoiztu nahi da, oreka egokia lortzeko.
- Neurri ez farmakologikoak. Murrizketak ezartzearen eta kentzearen ping pong efektua aztertu da. Gainera, hobeto kudeatutako zaintza, prebentzio eta kontrol neurriak ere proposatu dira.
- Txertatze planei dagokienez, proposamenen funtsa aditu independenteen batzorde bat osatzea da, txertaketen jarraipena egiteko eta haien albo ondorioak kontrolatzeko, hobetzeko eta eguneratzeko. Aldi berean, birusaren aldaerei buruzko halako batzorde bat ere planteatzen da. Azkenik, txertatze plan sendo bat zehaztu behar da ezinbestean, eskuragai dagoen ebidentzian eta adituen gomendioetan oinarritua.
Gainera, nahitaezkotzat hartu da plan bat eratzea txertoak bidezkotasunez banatzen direla bermatzeko eta dosirik galtzen ez dela ziurtatzeko.
Halaber, lehenetsi egin beharko litzateke hilkortasun handieneko biztanle taldeak eta aurretik kutsatu gabeko pertsonak txertatzea.
Azkenik, datu gordinetarako sarbidea bermatuta egon dadin nahi dugu, bai eta txertoen entsegu klinikoen emaitzen azterketa independentea ere.
Agintari eskudunek bermatu beharko dituzte C-TAPen helburuak eta erabakiak, bai eta COVAX mekanismoa ere (txertoak bidezkotasunez egon daitezen eskuragarri), eta txertoen patenteak behin-behinean eten daitezen eskatu beharko dute. Horretaz gain, funts-funtsezkoa da I+G+B integratzea. - Bestalde, liburuan jasota dago Osasun mentala –pandemia honetan nabarmen ahaztu dena–, biztanle talde guztientzat, eta ohitura osasuntsuak proposatzen dira , nola jarduera fisikoan hala elikaduran.
Etorkizuneko krisi baterako hobekuntza ekonomikoak
Ekonomia atalean, adituek bi gai aztertu dituzte krisiari aurre egiteko.
- Faktore sozioekonomikoak. Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna gutxitzeko eskatzen da, bai eta desparekotasunei jarraipena egiteko eta neurri fiskalei buruz hausnartzeko ere.
Gainera, oinarrizkotzat jo da Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen dela ziurtatzea, udal zerbitzuei diru partidak ematea eta lanpostu berriak sortzea. - Mikro eta makroekonomia. Sektore den-denak lehengoratzeko sistema bat sortzea gomendatzen da eta enpresei tokia uztea, horiei eragiten dieten erabakiak hartzeko.
Bestalde, oinarrizko ondasun eta zerbitzuen hornikuntza dibertsifikatzeko lan egin behar da, elkarlan publiko eta sozial egokia sortu behar da eta enplegura sarbidea izateko laguntzak martxan jarri behar dira, kolektibo mota bakoitzari egokituta daudenak. Hori dena, hiru trantsizio handiak ahaztu gabe: berdea, digitala eta soziodemografikoa.
Komunikazioa, zuzenekoa eta argia: egiteko dagoen lana
Bere aldetik, esparru sozialean hiru gairi buruzko gogoetak jaso dira:
- Komunikazio politika. Pandemian ikasi dugu herritarrei azalpen argiak, ulergarriak eta zorrotzak eman behar dizkiegula, kalitatea lehenesteaz (kantitatearen eta maiztasunaren gainetik) eta datu eguneratuak eskaintzeaz gain.
Halaber, garrantzitsua da komunikazio emozionala zaintzea eta hizkuntza ofizialetan gaitasuna duten bozeramaileen presentzia bultzatzea. Komunikazio horrek eguneroko bizitza erraztu dezan lortzea da horrek helburua, eta herritarrei entzutea, eta horrenbestez, noranzko biko komunikazioa erraztea. - Datuen kudeaketa. Proposatzen da datu eguneratuak modu gardenean argitaratzea, horietarako sarbidea egokitzea, informazioa zentralizatzea eta informazio hori aurretiaz interpretatzea.
- Lege esparrua. Lege autonomiko bat zehaztea proposatzen da, pandemia bat gertatuz gero hartu beharreko neurriei buruzkoa, bai eta Osasun Publikoaren Lege Orokorra garatzeko araudi bat onartzeko aurrerapausoak ematea ere, autonomia erkidegoen arteko koordinazio erakunde eraginkorrago bat sortzez gain.
Funtsezkoa da, gainera, zenbait lege egokitzea, hartutako neurriak betetzen direla bermatzeko sor litezkeen zehapen erregimenak kontuan izanda.
Haurren babesa eta berrikuntza ikasgeletan
Azkenik, hezkuntzari dagokionez, hezkuntza maila guztietarako proposamenak egin dira:
- Haurrei zuzendutako legezko eta protokolozko neurriak hartzea, haurren zaurgarritasuna kontuan hartuta. Kanpoko guneak lehenestea eta naturaz gozatzeari ere lehentasuna ematea, eta ikasketa planetan zaintzara eta emozioen kudeaketara bideratutako neurriak biltzea. Ikastetxeetan, osasun prebentziorako baliabide berriak instalatzea, hala nola musuko gardenak eta adingabeentzako eta CO2 irakasleentzako proba ez hain inbaditzaileak. Era berean, garrantzitsua da antolaketa birformulatzea burbuila taldeentzat eta jangeletarako, garraiorako edo ikastetxeetako sarrera eta irteeretarako.
Unibertsitate mailari dagokionez, honako proposamen hauek egin dira:
- Erabakiak hartzean hezkuntza arloko eragile guztiak kontuan hartzea, eta komunikazio bide guztiak hobetzea argi transmititzeko, irakasleei eta ikasleei, protokoloei dagokiena.
- Gune egokitzea, zabaltzea eta eskaintzea, unibertsitate bizitzak kalitatea izan dezan: lanerako eta atsedenerako guneak, jangela, garraioa, etab.
- Metodologia berriak txertatzea –kasurako, plataforma digitalak–, onlineko eskolen kalitatean hobekuntzak txertatzea, zerbitzu psikologikoa eskaintzea eta ordaindu beharreko tasak berrikustea.
Proposamen horiek eta beste asko ageri dira COVID-19aren Liburu Zurian. Finean, proiektu hau pandemiaren bilakaerari buruzko proposamen eta analisi lan baten hasiera besterik ez da, den-denon bizi kalitatea hobetzeko xedea duena.
Diziplina anitzeko lantaldeak lanean jarraitzen du proposamen eta ikuspuntu berriak jasotzeko, hainbat arlotatik, lan poliedriko, koordinatu eta zientifiko batean. Gardentasuna, eztabaida eta elkarrizketa soziala behar-beharrezkoak direlako uste osoa dugu.