EHUko BEZ-EKOFISKO ikerketa-taldearen lan baten arabera, birplanteatu egin beharko litzateke basogintzan eukaliptoa erabiltzeko hautua. Ikerketak agerian utzi du premiazkoa dela baso autoktonoak kontserbatzea eta lehengoratzea; izan ere, ikusi dute hegazti-espezieen konposizioa aldatu egiten dela eukalipto-landaketak, pinu-landaketak eta baso autoktonoak alderatuta.
-

Ikerlari aipatuenen zerrendan hazi egin da EHUkoen kopurua
-

Miren Garbiñe de Diego: «Palarekin bi egunez aritu ondoren jakin nuen hura izango zela nire GrALa»
-

“Aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”
-

Karrantzan, denbora artilez ehuntzen da
-

Beharren diagnosia eginda EHUk 607 milioi euroko aurrekontu-premia duela adierazi die alderdiei
Hegazti-espezie gutxiago bizi dira eukalipto-sailetan baso autoktono eta pinu-landaketetan baino
Eukalipto-sailek hegazti-komunitateei eragiten dieten kostu ekologikoa aztertu du EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Sailak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/06

Iberiar penintsularen iparraldean hedatuz joan dira tokiko basoen ordez landatutako pinu- eta eukalipto-plantazioak. Euskal Autonomia Erkidegoan, esate baterako, eukalipto-sailen azalera bikoiztu egin da 2005-2024 bitartean, pinudietako gaitzen ondorioz pinuaren ordez eukaliptoa landatu baita. Gaur egun, “EAEko azaleraren ia % 55 estaltzen dute zuhaitzek: azalera horren erdia inguru baso naturalei dagokie, eta beste erdia landaketei (% 25 inguru intsinis pinua da, eta % 7 baino gutxixeago eukaliptoa)”, azaldu du Unai Sertutxa EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak. Eukaliptoak hazkunde-tasa bikainak ditu eta oso errentagarria da paper-industrian, baina informazio gutxi dago lurraldean eukalipto-landaketek eragin ditzaketen ingurumen-inpaktuen inguruan.
Hala, eukalipto-landaketek landareetan, hegaztietan eta lurreko mikroorganismoetan zer eragin duten aztertzen ari dira EHUko BEZ-EKOFISKO ikerketa-taldeko kideak. Oraintsu argitaratutako lan batean, ezagutzera eman dute hegazti-espezieen dibertsitatea nola aldatzen den baso autoktonoak eta pinu- eta eukalipto-landaketak alderatuta, eta alde horiek zeren arabera gertatzen diren ebaluatu dute (besteak beste, landaredia, inguruko paisaia, baso-egitura, kokapena eta egur hila).
EAEko zuhaitz-sistema mota bakoitzeko hogeina sailetan egin dute hegazti-espezieen kontaketa eta azterketa; horrela, hegazti-espezieen aberastasuna eta haien ugaritasuna kalkulatu dituzte. Eta, bestalde, hegaztiek landareekin zer-nolako interakzioak dituzten aztertu dute. Sertutxak dioenez, “ikerketa honetan ikusi dugu hegazti-espezieak aldatu egiten direla sistema-motaren arabera, eta eukalipto-sailetan baso autoktonoetan edo pinu-landaketetan baino hegazti-espezie gutxiago dagoela nabarmen: espezieen aberastasuna eta ugaritasuna txikiagoa da”. Bestalde, pinu-landaketetan basoetako hegazti-espezie batzuk bizi diren arren, hegazti-komunitateak ez dira baso autoktonoetakoak bezalakoak. “Horrek erakusten du baso autoktonoak paregabeak direla hegaztien habitat gisa”, adierazi du Sertutxak.
Baso naturalek eremu zabaleko hegazti-espezieak ere babesten dituzte
Ikerketaren emaitzek agerian utzi dute “bertako basoak garrantzitsuak direla hegazti-komunitateei eusteko. Bertako landare-espezieek funtsezko baliabideak eskaintzen dizkiete bai basoetako hegaztiei bai eremu irekietan (adibidez, larreak, sastrakadiak etab.) bizi direnei”, azaldu du Sertutxak. Izan ere, EHUko ikertzaileek eremu irekietako hegazti-espezieak ere hauteman dituzte baso autoktonoetan; horrek esan nahi du “baso naturalek ez dutela bakarrik balio basoetako espezieak babesteko (hala nola garrapoa, eskinosoa edo gerritxori arrunta), baizik eta basotik kanpo bizi diren espezieak babesteko ere balio dutela (birigarro arrunta eta karnaba, esate baterako)”.
Hegaztien eta landareen arteko interakzioen azterketaren emaitzek erakutsi dutenez, “hegaztiek gehiago erabiltzen dute bertako landaredia exotikoa baino; oso interakzio txikia dute landare-exotikoekin”. Izan ere, bertako basoetako landare-espezieen dibertsitateak eta egiturak aukera zabalagoa eskaintzen die hegaztiei, zuhaitz-landaketen landare-komunitate sinpleagoek baino. Bestalde, ikertzaileek hauteman dute “hegaztiek, batez ere, fruitua ematen duten landareekin (eta, gutxiago, zuhaitzekin) dutela harremana”, erantsi du.
Horren guztiaren ondorioz, “premiazkoa da baso autoktonoak kontserbatzea eta lehengoratzea, hegaztien dibertsitateari eutsi nahi bazaio”, dio Sertutxak. Garrantzitsua da biodibertsitatearen kontserbazioa lehenetsiko duten baso-kudeaketako estrategia iraunkorrak erabiltzea, paisaia erresilienteak izateko. Ikerketa honek erakutsi du “agian eukalipto-landaketak birplanteatu egin beharko liratekeela. Bizkaian, adibidez, eukaliptoak landatzeko debekua amaitzera doa (2025), eta erabakiak hartzeko unea da. Beraz, emaitza hauek ikusita uste dugu agian hobe dela eukaliptoak baztertu eta beste bide batzuk jorratzea”, adierazi du EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak.
Informazio osagarria
Ikerketa hau Unai Sertutxa Irazolaren doktore-tesiaren atal bat da. Ibone Ametzaga Arregi eta Lorena Peña Lopez EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaile eta irakasleak dira tesi-zuzendariak. BEZ-EKOFISKO Zerbitzu Ekosistemikoak eta Landareen Estresaren eta Kutsaduraren Ekofisiologia ikerketa-taldeko kide dira hirurak, eta taldea Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedraren barruan sartuta dago.
Erreferentzia bibliografikoa
- The ecological cost of eucalypt plantations for bird communities
- Forest Ecology and Management
- DOI: 10.1016/j.foreco.2025.122961



