euskaraespañol

Redes sociales campusa

Hitzarekin konbentzitzea

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2026/02/20, 09:00

Kokapena

Bilboko Hezkuntza Fakultatea
Sarriena. -48940- Leioa-Erandio (Bizkaia)

Ikasleak Eztabaida Liga batean lehian (artxiboko argazkia) | Argazkia: EHU

Deskribapena

Oratoria hitz-jarioz hitz egiteko artea da, modu argi eta egituratuan, entzuleak atsegin hartzeko, hunkitzeko edo konbentzitzeko. Sizilian jaio zen, eta batez ere Grezian garatu zen; han, prestigioa eta botere politikoa lortzeko tresnatzat hartu zuten. Gaur egun, mende asko geroago, oratoria Eztabaida Ligaren giltzarri bihurtzen da, non oratoria hitzetatik haratago doan: ez da hitz egitea bakarrik, konbentzitzea baizik. Eta hori hitzen bidez egiten da, baina baita intonazioaren, keinuen, begiradaren... bidez ere.

Ostirala, otsailak 20, 9:00etatik aurrera, oratoria Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Hezkuntza Fakultatean, Leioan, egingo den Eztabaida Barne Ligako protagonista izango da. Fisika, soziologia, zuzenbidea, filosofia, ingeniaritza mekanikoa, haur-hezkuntza eta ingeniaritza biomedikoa, besteak beste, ikasten ari diren 22 ikaslek hartuko dute parte. Bost taldetan banatzen dira: ‘Sin notificaciones’, ‘Lógica en redes’, ‘Nexo’, ‘Hefistak’, eta ‘Tsunami Atómico’. Talde horiek galdera honen inguruan eztabaidatuko dute: ¿Está la juventud perdiendo su capacidad de diálogo en la era de las redes sociales? (Gazteak elkarrizketarako gaitasuna galtzen ari al dira sare sozialen aroan?). Lehiaketa hasi baino minutu batzuk lehenago talde bakoitzari dagokion jarrera zozkatuko da: eztabaidatu beharreko gaiaren alde edo aurka. Lehia bakoitzak hiru fase ditu: sarrera, ezeztapena eta amaiera. Sei epaimahaik, jakintza-arlo desberdinetako 18 irakaslek osatutakoak, talde bakoitzak jardunaldian zehar izandako esku-hartzea baloratuko dute. Talde guztiek konbentzitu nahiko dute beren jarrera zuzena dela. Hor datza eztabaidaren oinarria.

Lau txandaren ondoren, talde bakoitzeko norgehiagokak zozketa bidez ezarriko dira, eta arratsaldean, azken eztabaida izango da. Ondoren, talde irabazlea iragarriko da. Talde honek EHU ordezkatuko du G9ko Unibertsitate arteko XVI. Eztabaida Ligan, Zaragozako Unibertsitatean, martxoaren 11tik 13ra bitartean. Gainera, kategoriaka diplomak emango dira: Sarrerarik onena, 1. ezeztapenik onena, 2. ezeztapenik onena, ondoriorik onena eta hizlari onena. EHUko Eztabaida Liga Ikasleen eta Gizarte Konpromiso Sozialerako Errektoreordetzak antolatzen du, EHUko Eztabaida Ikasleen Elkartearekin (ADUEEE) lankidetzan.

Oratoria, entrenatzen den trebetasuna

Erica Quincoces Negro ‘Lógica en redes’ taldeko kapitaina da. Eztabaida-talde bateko kide izatea erabaki zuen, bere burua gainditzeko. "Ahozko azalpenak beti izan ziren nire ahulgunea; oso urduri jartzen nintzen eta jendaurrean hitz egitean trabatu egiten nintzen. Banekien beldur horri nolabait aurre egin behar niola, eta eztabaida erronka ezin hobea iruditu zitzaidan falta zitzaidan segurtasuna irabazteko”. Ericak "hiru urteko esperientziak ematen dizun erantzukizunarekin" ekingo dio ostiraleko txapelketari, “baina baita talde honek nola funtzionatzen duen ikusteko ilusioarekin ere. Sare sozialen eta elkarrizketaren gaiak oso gertutik ukitzen gaitu gazte gisa, beraz, gure jarrera nola defendatzen dugun ikusteko gogo handia dut". Ez da erronka erraza izango. "Talde askotarikoa denez, gure prestakuntza elkarri laguntzean oinarritzen da- azaldu du Ericak-. Denbora gehiago daramagunok, nik bezala, unibertsitate-estrategia ekartzen dugu, eta hasi berri direnek, berriz, ideia freskoak eta gogo handia dakarte. Kritikei nola erantzun entseatzen ari gara, eta sareek gure komunikazioan duten eraginari buruzko datuak ondo antolatzen”. ‘Lógica en redes’  taldeko kapitainarentzat oratoriak erronkei aurre egiteko modua aldatu dio. "Orain ez naiz blokeatzen besteen aurrean hitz egin behar dudanean. Beste ikasle batzuei esango nieke ez kezkatzeko lotsatiak diren edo hasieran trabatzen diren. Oratoria ez da jaiotzen den talentu bat, entrenatzen den trebetasun bat da, eta bizitzako edozein egoeratan beldurra galtzeko balio dizu ", amaitzen du.