euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Tutoretzapeko adingabeen hezkuntza egoerari buruzko sentsibilizazio jardunaldiak egin dira UPV/EHUn

Helburua da Unibertsitatearen, Hezkuntzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean zubiak eraikitzea, egoitza harreran artatuta dauden haur eta nerabeek hezkuntzaren arloan aukera berdintasuna izan dezaten laguntzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/11

Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Areto Nagusian sentsibilizazio jardunaldi batzuk egin dira, SM Fundazioarekin lankidetzan: ‘Babes sisteman dauden haur eta nerabeak: hezkuntza erronkak’.

Jardunaldi hauek egoitza harreran artatuta dauden haurren hezkuntzaren arloko erronkei erantzuteko zubiak eraikitzeko lehen urrats bat dira, eta Joana Miguelenak eta Joxe Garmendiak antolatu eta dinamizatu dituzte –Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak eta Hezkuntza Zientzietako Saileko IkasGaraia taldeko kideak dira–. “Jardunaldiaren abiapuntu da askotan sail estanko gisa funtzionatzen dugula, pentsatuz zenbait gai gureaz bestelako sailei dagozkiela, eta askotan ez dugula pentsatzen kolektibo hori esfera askotan bizi dela eta sail askotatik igarotzen dela, eta guk erantzun koordinatuak eman behar dizkiegu”, baieztatu dute ekitaldiko koordinatzaileek.

Goiz oso emankorra izan zen, gai asko jorratu ziren eta jardunaldi eta lan-mahai hauei jarraitutasuna ematea ekarriko duten erronkak planteatu ziren. Jardunaldia erakunde-mahai batekin hasi zen. Honako hauek parte hartu zuten: UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurrak eta Nerabeak Babesteko Bulegoko zuzendari Patxi Agirianok, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berrikuntzako zuzendari Juango Agirrezabalak, SM Fundazioko Proiektu eta Programen zuzendari Paula Benitok eta IkasGaraia taldeko ikertzaile nagusi Luis Mari Nayak.

Ondoren, UPV/EHUko irakasle Joana Miguelenak hitzaldi bat eskaini zuen; hauxe: ‘Babes sisteman artatuta dauden haur eta nerabeen hezkuntza eremua’. Miguelenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egoitza Harrerako Atalarekin batera hiru ikasturtetan egin den azterlan bat aurkeztu zuen. Horretan, tutoretzapeko kolektiboaren eta gainerako haur eta nerabeen arteko hezkuntzaren arloko alderdiak alderatzen dira. Emaitzek erakusten dutenez, tutoretzapeko kolektiboak hezkuntza erronkak ditu; izan ere, egokitasun tasa txikiagoak ditu, errepikatze tasa, eskola absentismoko tasa eta hezkuntza behar berezien tasa handiagoak. Gainera, datuen arabera, aldea dago kolektibo batek eta besteak egiten dituzten hezkuntza ibilbideen artean; hots, babes sisteman daudenek oinarrizko lanbide heziketako ikastaroak aukeratzen dituzte gehienbat eta besteek batxilergoko ikasketak. Hori eragiten duten faktoreen artean daude 18 urte betetzean nahitaez babes sistematik kanpo gertatzea eta, 18 urte bete eta ‘heldu’ bilakatzen direnean, gizarteratu eta laneratu behar izatea. Irakasleak emandako beste datu interesgarri bat da unibertsitatera iristen diren tutoretzapeko neska-mutilen ehunekoa; hain zuzen ere, % 2 eta % 4 artean. Gainerako neska-mutilen zifratik (% 35) oso urrun.

Bigarren hitzaldia Amaia Vesgak eta Yolanda Troitiñok eman zuten. Lehena Gipuzkoako Foru Aldundiko Egoitzako Harrera Ataleko Goi mailako teknikaria da eta bigarrena, berriz, Euden Fundazioko egoitza harrerako arduraduna. Honako hauek izan zituzten hizpide: zer dela eta sar daitekeen pertsona bat babes sisteman, nolakoa den sistemaren mapa eta nolakoa den babes egoitza batean bizi diren neska-mutilen bizitza.

Azken saioa mahai inguru bat izan zen. Hona parte hartzaileak: Yolanda Troitiño, egoitza bateko arduraduna; Belén Etxaburu, Intxaurrondo ikastolako orientatzailea, Iker Callado, UPV/EHUko ikaslea, UPV/EHUko IkasLagun programan parte hartzen du babes egoitzei errefortzu akademikoa eskaintzen; eta Ikhlas Seddik, UPV/EHUko ikaslea eta babes sisteman egondakoa. Erantzukizun partekatua, eskolaren moldagarritasuna, espektatibak (edo espektatibarik eza) eta eskolaren eta babes egoitzaren arteko koordinazioa dira mahaian jorratu zituzten alderdietako lau. Alderdi horiek dira, bada, 2023an egingo diren bigarren jardunaldietarako.