-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
EHUren memoriaren zaindaria
In memoriam: Gurutze Aldabaldetreku Iturbe
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2022/06/06
Benetan sentitzen dugu Gurutze Aldabaldetreku Iturbe (1963-2022) irakaslearen heriotzaren berri ematea, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakasle titularra Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean.
1986. urtean, Euskal Filologia lizentziatura amaitu eta gero ekin zion bere irakaskuntza lanei, lehendabizi UPV/EHUri atxikitutako irakasle eskolan, 1990. Urtetik aurrera UPV/EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan. Maisuak eta maistrak prestatzen 36 urte egin ditu, eta bitarte honetan une eta gertaera ugari partekatu ditugu.
Haur Hezkuntzako etapan Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika arloan aditu onenetakoa izan da, eta egungo irakasleentzat erreferentzia nagusia izan da. Argitalpen ugari ditu eta honek adierazten digu bere lana oparoa eta bikaina. Bere ekarpenak beti koherenteak izan dira eta oinarri sendoa izan dute. Beste irakasleoi, ikasleei eta administrazio eta zerbitzuko lankideei laguntzeko beti prestutasuna erakutsi du. Ikastaro eta proiektu askotan parte hartu du baina bere lehentasuna unibertsitateko irakaskuntza izan da, bereiziki Haur Hezkuntza graduan, maisu eta maistren prestakuntza lanetan. Bere ekarpen nagusiena eta aipagarriena Irakurketa gela sortzea, diseinatzea eta eraikitzea izan da. Bere iniziatiba eta apostua izan zen, hizkuntza eta literatura lantzeko gela-laborategi berezian irakaskuntza garatzea. Dotorea, txukuna, erakargarria sortu zuen, haur eta gazteen irakurketa bultzatzeko motibagarria den gunea. Bere liburuak eta bere oroitzapenak bertan jarraituko dute, eta etorkizunerako baliagarriak izango dira.
Pertsona hurbila, laguna, errespetatua, zintzoa, konfiantzazkoa eta maitatua, bai ikasleen aldetik, bai irakasleen aldetik eta baita administrazio eta zerbitzuko langileen aldetik. Pertsona goiztarra, lehen ordutan eskolan (orain fakultatean) prest egoten zen, bai kopistegian Milarekin eta Celestinorekin, baita tabernan, beti irrifartsu, goizeko kafea hartzen eta bulegoan irakats-ikas materialak prestatzen. Bere ardura irakaskuntza zen eta klaseetarako beharrezko materialak prest izan nahi zituen. Beti laguntzeko prest egon da, modulo eta irakasgai koordinazio lanetan aritu da, gradu amaierako lan ugari zuzendu ditu, practicumaren tutore izan da eta beste guztiokin lanean aritu da. Bazekien, estimua geniola, baina agian ez zuen imajinatzen hainbeste maite geniola.
Bere hutsunea betetzea ezinezkoa izango da, baina urte askotan bidelaguna izan dugun Gurutze Aldabaldetreku Iturberen oroimena beti mantenduko da gure bihotzetan.
Beti gogoan izango zaitugu, beti arte, Gurutze.
Zure unibertsitateko bidelagunak