euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

In memoriam

Paco Letamendia Belzunze, 'Ortzi': «Bihar jarraituko dugu»

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/30

Paco Letamendía, Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean
Paco Letamendía, Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean | Argazkia: EHU

Bihar jarraituko dugu. Orain eskola prestatu behar dut. Gogoan dut esaldi hori, puntu eta jarrai jartzen beti elkarrizketa guztiei, ikerketa proiektuetako bilera guztiei eta lan guztiei. Esaldi xalo bat, baina garbi uzten zuena “ikasgeletako parlamentario” honen benetako grina zein zen.

Paco Letamendiak, ukabila goratuta trantsizioaren ikonoa izan zenak, beste guztia uzten zuen eskolarik baldin bazeukan. Bere apunteen matazan murgildu behar izaten zen hurrengo leziorako oharrak gainbegiratzeko, irakaskuntzaren erritualari debozio sakratuaz ekin aurretik.

Pacok begirune erreberentziala zien, ia mistikoa, “inor ez”-ei, ahaztutako pertsonei. Eta, zoritxarrez, gure unibertsitateetan ikasleek joera izaten dute “ikusezin eternalak” izateko. Baina Pacok ikasleak jartzen zituen bere eginbeharren erdi-erdian. Esaten zuen unibertsitateko irakasleok zorionekoak garela. Gurea dela munduko lanbide bakarra zeinetan zahartu gaitezkeen mundua nola aldatzen den ikusiz aurpegi beti gazteetan.

Paco Letamendia Politika Zientziako irakasle emeritua zen, eta uste zuen politikak zoriona bila dezakeela eta bilatu egin behar duela. Haren begiradak erdian jarri nahi zituen beti bazterreratutako subjektuak. Ilea lazten du entzuteak Espainiako Kongresuan egin zuen lehen mintzaldietako bat. Diputatu horrek —hemizikloan Monkloako Itunen kontra agertu zen ordezkari bakarrak, autodeterminazio eskubidea Espainiako Konstituzioan sartzeko zuzenketa bat aurkeztu zuen hark— preso sozialez berba eginez ekin zion bere ibilbide parlamentarioari. Izen-abizenez aipatu zuen María Isabel Gutiérrez Velasco, 1977an Basauriko kartzelako ziegan kiskalita agertu zen emakumea; “zoro” hura, zeinaren memoria Andrea Momoitio kazetari feministak berreskuratuko zuen 35 urte geroago. Emakume ahaztu hori, euskal kaleetan ezkutatutako sufrimendua gorpuztu zuena, trantsizioko hitzaldien erdigunean jarri zuen Pacok, eta frankismoak esklusiora kondenatzen zituen preso sozialen izaera politikoa aldarrikatu zuen. Ez da nahikoa kaiola apaintzea. Behar dena da pertsonak txori ez bihurtzea, kaiolan sartzeko arrazoiak izateko gero.

Subjektu absente, ahaztu, lurperatuekiko sentiberatasun horrekin, ez da harritzekoa Paco saiatu izana EHUren irakaskuntza eramaten munduko tokirik behartsuenetako zenbaitetara. 2012an gora eta behera ibili zen Andeetan politika zientziako graduondoko bi programa sortzeko. Herri zaharrenganako laguntasun horren uberan etorri ziren gero gutxiengo nazionalen gainean egin zituen analisiak. Zehazki, bi liburu, Fundamentos argitaletxeak 2011n plazaratutakoak: Pueblos y fronteras en el altiplano andino, eta Indigenismo en Suramérica. Los aymaras del altiplano.

Izan ere, Pacoren beste pasioetako bat idaztea izan zen. Pertsonaia entziklopedikoa zen, bai bere jakituria itzelagatik eta bai bere zorroztasun izugarriagatik, eta hori haren obra exhaustibo eta ezin xeheagoetan islatzen da, ETAren historiaz, sindikalismoaz edo Mendebaldeko kulturaz idatzitako azterlanetan, kasurako. Lan horiek berebiziko entziklopediak dira, ikaragarrizko zorroztasun eta xehetasunez hornituak. Ezinbestean kontsultatu beharrekoak analisi politikoa egiteko. Talde armatu abertzaleei buruzko hurbilketa zorrotza eskaini zuen Juego de espejos: conflictos nacionales centro-periferia liburuan, non “kontra-estatu” terminoaz definitu zituen taldeok. Azpimarratzekoa da, halaber, “kontrabotereko sindikalismoa” delakoaz —haren terminoa erabiltzeko— egindako analisia, non zenbait mugimendu instituzionalizatuk ageri duten hausturarako joera aztertu zuen: ELA 1976-2003: Sindicalismo de contrapoder.

Haren obra gorena, Cultura política en Occidente. Arte, religión y ciencia izenekoa, bost aletan mamitutako egundoko balentria da, eta bertan Pacok erakusten digu nola adierazpen artistikoak, dogma erlijiosoak edo zientzia egiteko erak harremanetan dauden boterearekin eta politikoarekin, eta nola joko horretan, potestas delakoarekin buruz buru, beti egoten den eraldaketarako potentzia.

Paco Letamendiak lorratza utzi du akademian bere erudizioagatik eta bere lan nekaezinagatik, eta Ortzi trantsizioaren ikonoa da Diputatuen Kongresuan ukabila jasota dimisioa emateagatik, Gora Euskadi Askatuta eta Gora Euskadi Sozialista oihu eginez. EIAko diputatua eta gerora Herri Batasuneko figura ikonikoa izanik Telesforo Monzónen eta Periko Solabarriaren tamainako pertsonalitateen ondoan, gure historiako erraldoi honek konpromiso intelektual sakon batez egin zuen ibilbide politikoa eta militantzia. Ez dago lehen bat eta gero bat, etenik gabeko jarraipen bat baizik, non Ortzi militanteak eta Paco intelektualak bat egiten duten, Janoren bi aurpegiek legez.

Plaza publikoan Pacok jainko homerikoarena bezalako irudi irmoa agertzen bazuen ere, eremu pribatuan distira egiten zuen haren gogo jostari, bihurri eta gozamen zaleak. Eskuak sabelaren gainean loturik, begiak itxita eta irribarrez, haren irudi mantsoak satiro jostagarri eta maitagarri baten taxua ekartzen zidan akordura. Beti gogoratzen zuen, barre pikaroen artean, berak bestelako dimisio ez hain heroiko bat izan zuela prestatuta.

Esango nuke gozamena giltzarria izan dela Pacoren bizitzan. Erbestearen eta gosearen sufrimendua gorabehera, aurretik txalotzen zutenek urteetan ezarritako ostrazismo eta ahaztura interesatuaren oinazea gorabehera, katedra eskuratzea eragotzi zion manipulazio prozesu higuingarria gorabehera —EHUren erabakiaren kontra, epaitegi batek katedra eman zion, katedradun bihurtuta, ondotik gure unibertsitatea sekula zapaldu ez zuen pertsona bati, orain hooliganismo politikoan diharduen bati; pertsona horrek lehiaketara aurkeztu zuen liburuaren hitzaurrean, Juan Linzek haren “sinpletasuna” besterik ezin izan zuen iruzkindu— …horiek guztiak gorabehera, Pacok, gure Pakok, gozamena jartzen zuen erdigunean.

Lehendabizi, artearen gozamena. Pacok beti gogoratzen zuen nola txikitan bere osabarekin, Chillida eskultorearekin, izandako solasaldiak ernamuina izan ziren berarengan arteari buruzko interesa sortzeko. Interes hura lilura bihurtu zitzaion Boschen kasuan: haren erretratu eta pinturetan Pacok protestaren espiritua aurkitzen zuen, errealismo harrigarri horrekin, herri baten mina islatzen baitu, tormentuak, infernuak zigortutako aurpegien atzean.

Zelan ez, janariaren gozamena. Paco ez zen ezaguna bakarrik Kongresuan egindako mintzaldi bihurriengatik eta ezin konta ahala ika-mika izateagatik Manuel Fragarekin, zeinari behin, ez bat eta ez bi, “faxista” deitu zion mintzaldi haietako batean. Bere gustu eta ezagutza gastronomikoengatik ere bazen ezaguna. Gogoratzen zuenez, erresumako hiriburuko hautetsietako askok berari galdetzen zioten —“nori eta basajaun bizardun honi”, berak murrikaz esan ohi zuenez— non jaten zen ondo Madrilen. Ez da harritzekoa, beraz, handik urte batzuetara Pacok koordinatu izana liburu delizioso bat, Cocinas del mundo: la política en la mesa izenekoa, Manuel Vázquez Montalbánen parte hartzearekin, besteak beste. Izan ere, janaria ere aitzakia izan zen Pacok mugaren alde bietako lurraldeen artean bilbea josten egin zuen lan aitzindarirako, Euskadi-Nafarroa-Akitania lankidetza proiektuen bitartez. Beti izan zuen hori buruan. Zorretan nago Pacorekin Iparraldearen errealitatea aztertzera akuilatu ninduelako. Zorioneko gertaera horrek betiko lotu gintuen, nire tesia zuzendu baitzuen. Horri esker, adiskide bat eta aita intelektual bat irabazi nuen.

Azkenik, nola ez, familiaren gozamena. Politika Zientzia saileko gure andrezko lankide feministengandik hainbeste ikasi dugunok, badakigu pertsonala politikoa dela, xamurtasuna aldaketarako motorra dela, maitasuna bestea onartzea dela, eta bestearen zilegitasuna onartzea. Pacok, barru xamurreko koloso horrek, esku bete lan jardun zuen herri libreago bat eta mundu libreago bat lortzeko. Abokatu laboralista, defentsako abokatua Burgosko prozesuan, ukabila goratuta dimisioa eman zuen diputatua, jakintsua eta maisua, adiskidea… gure herriko gizon erraldoia, gure Euskal Herriko Unibertsitatearen harrotasuna… irribarre pikaro eta argitsuko mutiko bat bihurtzen zen bere emazteaz pentsatzean, aitita goxo bat bere ilobez berba egitean, gerlari nekaezina bere seme-alabak zaintzean. Paco subjektu aske bat zen. Baina bilbea ehuntzen zuen. Sarea josten zuen. Familia egiten zuen.

Memoria bidaia honen bukaeran, imajinatzen zaitut esaten: “Bihar jarraituko dugu. Eskola prestatu behar dut”. Eta emozioz, harrotasunez eta begirunez betetzen naiz.

Eskerrik asko, Paco.

Herri honek, unibertsitate honek, zure lankideek eta nik neuk ere izugarrizko zortea izan dugu zu alboan izatearekin.

Agur Ortzi!

Aurrera Bolie!

Igor Ahedo Gurrutxaga

Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea