-

“Aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”
-

Beharren diagnosia eginda EHUk 607 milioi euroko aurrekontu-premia duela adierazi die alderdiei
-

El enemigo invisible que viaja en los barcos
-

Isiltasuna haustea: haurren aurkako sexu-abusuak eta gizarte-erantzukizuna
-

Abian da Zientzia Astearen 25. edizioa, EHUko zientzia-dibulgazioaren jaialdi nagusia
Juan Ignacio Pérez Iglesias
Ingurumenarekiko erasoetatik bizirik ateratzen diren espezieak
Fisiologian katedraduna
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/02/14

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Mende batetik gorako garapen biziaren eta Kantauriko kostaldeko biztanleria dentsitate handiena izatearen ondorioz, Bilboko itsasadarra oso kutsatuta zegoen 1980ko hamarkadan. Jatorria inguruko industriak ez ezik, inolako tratamendurik gabe ibaira isurtzen ziren hiri hondakinak ere baziren. Estuarioko barnealdeko hondoetan ez zegoen animaliarik, eta, gainerakoan, fauna oso urria zen. Espezie gutxi batzuk soilik zeuden, ‘Carcinus maenas’ krustazeoa, ‘Notomascus latericeus’ poliketoa edota aingira (‘Anguilla anguilla’) kasu.
Passaic ibaiaren ibilgua
Munduko beste ibai batzuen ibilguetan eta estuarioetan antzeko prozesuak jasan dituzte eta jasaten dituzte oraindik ere. Passaic ibaiarena da oso adibide ezagun bat. New Jersey estatuko Paterson hirian hasi zen Estatu Batuetako garapen industriala, herrialdeak independentzia lortu eta gero. Passaic ibaiaren ertzean izan zen, hain zuzen ere, zeina ur iturri bihurtu baitzen oso kutsakorra izan zen industriarako. Cal Flyn-ek ‘Islands of Abandonment’ liburuan azaltzen duen bezala, zenbait momentutan emariaren heren bat ere baliatu zuen. Galdategiak, pintura fabrikak, substantzia kimikoen fabrikak, enpresa farmazeutikoak eta zurrategiak jarri zituzten, besteak beste, eta azido sulfurikoa, artsenikoa, berun azetatoa, kromoa, merkurio nitratoa eta, berrikiago, bifenilo polikloratuak, PCB ospetsuak erabiltzen zituzten helburu askotarako.
Diamond Alkali enpresaren Newark-eko lantegian jatorriz ongarriak ekoizten zituzten animalien hezurrak erabiliz. 1940an, DDTa ekoizten hasi zen, egun mundu osoan debekatuta dagoen intsektizida bat. Geroago, herbizidak ekoitzi zituen, artean Agente Laranja hosto-galarazle ezagunaren 2,6 milioi litro. Fabrika hori ospetsu egin zen DDT, azido sulfuriko eta herbizida kantitate handiak isuri zituelako Passaic ibaira. Bere produkzioko hondakinen artean dioxinak zeuden, toxikotasun handiko substantzia batzuk. Cory Booker senatari estatubatuarren hitzetan, lantegi hori New Jerseyko krimen eszena handiena izan zen.
Passaic ibaian behera, Atlantikorako bidean, Arthur Kill-en, Newarkeko badiaren ostean dagoen marearteko itsasarte batean, New Jersey eta Staten Island (New York) artean, ehunka itsasontziren aztarnak daude. Horietako askok kostalde horietako faunarentzat toxikoak diren substantziak dituzte oraindik zamategietan eta tangetan.
Bizirik irauten dutenak
Bada, hala ere, industria jarduera goreneko urteetan Passaic ibaiaren arroan metatu ziren substantzia kaltegarriek sortutako kutsaduraren eraginpean bizitzeko gai den animaliarik. Han bizi diren zizare poliketo, txirla eta tunikatu ugariak kutsatzailez beteta dagoen sedimentuko partikula organikoez elikatzen dira. Karramarro urdinak ere badaude. Organismoan izugarrizko dioxina edukia dutenez, kartel batzuk jarri dituzte jakinarazteko haiek jatea debekatuta dagoela gizakien osasunerako arriskutsuak direlako.
‘Fundulus heteroclitus’ arraina ere kutsadurarekin batera bizi da, oro har ingurumen baldintza zailak jasaten baititu. Gai da ur gezan eta gazian bizitzeko eta garatzeko, eta tenperatura tarte zabal batera egokituta dago. Negua iristean eta tenperatura asko jaisten denean, lohian sartu eta baldintzak hobetu arte geratzen da atera gabe. NASAk espezie horretako arrainak bidali zituen espaziora, grabitate gabe igeri egiteko gai diren jakiteko. Eta badira. Are gehiago, gametoak askatu zituzten. Oso leku kutsatuetan, Newarkeko badian kasu, bizi diren espezie horretako izakiek gainerako arrainek baino substantzia kutsatzaileen kontzentrazio handiagoak jasaten dituzte. Gainera, Fundulusek duela hamarkada gutxi lortu dute gaitasun hori –oinarri genetikoa du–. Biologook “eboluzio azkarra” deitzen duguna izan dute.
Gizakien ekintzek ingurumenean eragindako kalteekiko erresistentzia harrigarriaren adibide batzuk dira horiek guztiak. Historiako istripu nuklearrik okerrena jasan zuen Txernobylgo zentralaren esklusio eremuan ugaritu diren otsoen kasua gogorarazten dute nolabait.
Ez dago gizakiek bezala planeta hain sakonki eta erradikalki eraldatu duen beste espezierik.
Mendiak lautu, ibaien ibilgua aldatu, haranak eta sakonuneak bete, kostaldearen lerroa eraldatu eta paisaia birmoldatu ez ezik, landareak eta animaliak ere aldarazi ditugu beraiekin mila milioika pertsona elikatu ahal izateko. Gainera, erabateko hondamendi ekologikoak eragin ditugu, eta horiekin ekosistema osoak aldatu edo goitik behera suntsitu ditugu.
Baina, harrigarria bada ere, espezie batzuek lortu dute giza ekintzaren efektuari aurre egitea, baldintza hilgarrietara egokitzea eta inor gutxik lortzen duen lekuetan bizitzea. Horiek dira edozertatik bizirik ateratzea lortzen duten bakarrak.
Artikulu horren jatorrizko bertsioa UPV/EHUko Cuaderno de Cultura Científica-n argitaratu zen.
