Kirol entrenamenduaren erronkei buruzko bederatzi ikuspegi
EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailak aztertu egin ditu errendimendura bideratutako kirol entrenamenduaren erronkak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/12/09
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Sailak berriki monografia akademiko bat argitaratu du Octaedro argitaletxean, ‘Avances y retos de la investigación en el entrenamiento deportivo para el rendimiento’ titulupean. Obra Julen Castellano, Aitor Pinedo-Jauregi eta Iñaki Llodio irakasleek koordinatu dute eta bederatzi kapitulu ditu, non erronkak diziplina anitzeko ikuspegitik aztertzen diren.
Alde batetik, lehenengo kapituluek zeharka jorratzen dituzte erronka orokorrak, honako gai hauei dagokienez: GJHak kirolean; klima aldaketa; dopin teknologikoa; olinpismoa; edo berrikuntza teknologikoa, besteak beste. Bigarren zatian, berriz, talde espezifikoetako erronkak jorratzen dituzte: kirol egokitua; emakumezkoen futbola; eta kolektibo zaurgarriak.
Kirol errendimendua etengabe aldatzen ari den diziplina anitzeko arloa da, eta ikerketa eta berrikuntza oinarrizkoak dira etengabe hobetzen jarraitzeko. “Ezinbestekoa da aurrerapen zientifiko eta teknologikoak integratzea entrenatzaileen, atleten eta kirolaren arloko profesionalen eguneroko jardunean –azpimarratu dute monografiaren koordinatzaileek–. Etorkizuneko behar zientifiko eta teknologikoak aurreikusten baditugu, errendimendua hobetu eta kirola modu jasangarri eta etikoan garatuko dela berma dezakegu. Ikertzaileen eta profesionalen arteko lankidetza ezinbestekoa da ezagutza praktikara eramateko".
EHUko irakasleek gehitu dute kapitulu bakoitza adituek idatzi dutela, etorkizun hurbilean aurre egin beharreko erronkei buruzko beren iritzia emateko.
Monografiaren helburua da gorputzaren eta kirolaren arloko profesionalek bertan jorratutako gaien esparruan berritzeko landu beharreko erronken berri izatea.