euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Bilboko Ingeniaritza Eskolak, IKT eta digitalizazio industrialaren esparruetako gradu eta master amaierako lanik onenak saritu ditu

Mikel Calvo Moratillak, Gaizka Suárez Iparraguirrek eta María Fernández Muñozek lortu dituzte 2020/2021 enpresa-sariak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/24

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, Gaizka Suárez Iparraguirre, María Fernández Muñoz eta Mikel Calvo Moratilla saritu ditu, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) eta digitalizazio industrialaren esparruan, gradu amaierako (TFG) eta master amaierako (TFM) lan onenen egile gisa. 2020/2021 edizio honetan ULMAren, Itelazpiren eta Management Solutions-en babesa duten enpresa-sariak, gaur banatu dira, Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak eta enpresa babesleen ordezkariek parte hartu duten ekitaldian.

Enpresa-sariek bi helburu dituzte: batetik, Eskolako ikasleen jarduna aintzatestea, eta, bestetik, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) esparruan garapen berriak sortzeko aukerak eskaini ditzaketen alderdi berritzaileak dituzten lanak sustatzea. Arlo hori ezinbestekoa da jakintza-arlo guztietan zientziak aurrera egiteko.

Mikel Calvo Moratillak, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrak, jaso du ULMA Taldea saria “Estazio robotizatua diseinatzea eta biki digitalaren bitartez martxan jartzea eta in the loop (SiL) softwarearekin baliozkotzea” lanarengatik. Dario Orivek zuzendutako bere lanean manipulazio-zelula robotizatu baten diseinua eta abiaraztea aurkezten da, Biki Digitalaren balidazio birtualaren bitartez.

Digitalizazio industrialeko lan onenaren ULMA Sariak 1.500 euroko zuzkidura du, eta honako arlo hauekin erlazionatuta egon behar du: prozesu industrialen digitalizazioa/optimizazioa, sentsorika, IOT, mantentze-lan prediktiboa, machine learning edo datuen segurtasuna. Saria Asier Olaguenaga ULMA Embedded-eko gerenteak eman du.

Gaizka Suárez Iparragirrek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterrak, irabazi du telekomunikazio-zerbitzuetan espezializatuta dagoen eta administrazioan arlo horretan erreferentea den Itelazpi euskal enpresa publikoak ematen duen Saria. “Tower Company baten zerbitzuak merkaturatzeko informazio sistemaren deseinu teknikoa” izeneko lana Manuel Velezek zuzendu du, eta, bertan, komunikazio-dorreen azpiegiturak dituzten Tower Company enpresek ematen dituzten telekomunikazio-zerbitzuen merkaturatzea kudeatzeko tresna diseinatu da. Planteatutako soluzioak orain arte automatizatu gabeko merkaturatze-prozeduren kudeaketa bizkortzeko eta bezeroen beharretara hobeto egokituko den informazio-sistema garatzeko aukera ematen du.

Itelazpi saria 1.500 eurokoa da, eta gai hauekin erlazionatutako master edo gradu amaierako lanei ematen zaie: FM irratia eta LTD telebista zabaltzeko sistemak, hedapenerako teknologia berrien azterketa (UHD, DVB-T2, DAB+, HbbTV, 3D telebista, kodifikazioa eta modulazioa, etab.), operadore-zerbitzuak, komunikazio-sistema kritikoak, haririk gabeko teknologietan oinarritutako sistemak, telekomunikazio-zentroen hobekuntza, sareko eragiketei laguntzeko sistema informatikoak edo gorabeheren, akatsen eta sarearen mantentze-lanen kudeaketa. Matxalen Lauzirika ITELAZPIko zuzendari nagusiak banatu du aintzatespena.

María Fernández Muñozek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterrak, jaso du eraldaketa digitalarekin erlazionatutako lan onenaren Management Solutions saria (1.000 euro), “Sarbide pribilegiatuak kudeatzeko sistema automatizatuaren diseinua eta ezarpena” lanarengatik. Jasone Astorgak zuzendutako lan horretan, IT administratzaile batek aurre egin behar dion zaurgarritasun handienetako bati erantzun gura zaio, hau da, ekipoak administratzeko baimenei.

Egileak pribilegioak kudeatzeko “Least privilege” eta “just in time” printzipioetan oinarritutako segurtasun politikak ezartzen dituen sistema automatizatu baten diseinua aurkeztu du. Printzipio horien arabera, segurtasun-maila handiagoa izateko, erabiltzaileek beharrezkoak diren gutxieneko baimenak baino ez dituzte izan behar, eta beharrezkoa den kasuetan soilik izan behar dituzte pribilegioak. Iker Yabar Management Solutions-eko gerenteak banatu du saria.