Psikobiologia taldeko Garikoitz Azkonaren lanak sexu-orientazioa eta bakardadearen arteko harremana aztertu du. Pertsona bisexualengan antzeman ditu bakartasun-mailarik altuenak, homosexualenen eta heterosexualenen gainetik. Agerian utzi du pertsona bisexualek euskarri sozial gutxiago dutela eta ondorioztatu du horrek areagotzen duela haien bakardadea. Kolektibo bisexualaren ongizatea hobetzeko neurriak hartzeko deia egiten du ikerlanak.
Pertsona bisexualek homosexualek eta heterosexualek baino bakardade handiagoa sentitzen dute
EHUko ikerketa baten arabera, euskarri sozial faltak eragiten du pertsona bisexualen bakardade handiagoa
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/13
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa batek pertsona bisexualek, homosexualek eta heterosexualek bizi dituzten bakardade-mailak neurtu ditu, eta aztertu du horietan euskarri sozialak eta ongizate mentalak zer eragin duten. “Gure helburua zen egungo egoeraren erradiografia bat egitea. Ikerlana abiatu genuenean itxaropena genuen artikulu zientifikoak erakutsiko zuela gaur egun, dagoeneko, Euskal Herrian, edozein orientazio sexual izanda ere, bakardade-sentipena berdina izango zela. Baina ez. Egia da homosexualen eta heterosexualen artean ez dugula desberdintasun esanguratsurik ikusi, baina emaitzek agerian utzi dute, oraindik ere, pertsona bisexualek bizi duten bakardadea handiagoa dela”, dio Azkonak.
Nafarroako eta EAEko 3 sexu-orientaziotako parte-hartzaileek (bisexualak, homosexualak eta heterosexualak) galdetegi bati emandako erantzunetatik atera ditu ondorioak EHUko ikerketak. Zehazki, lanak erakusten du pertsona bisexualen % 13k bakardade handia sentitzen duela, eta % 64k, ertaina. Aldiz, homosexualen eta heterosexualen gehiengoek bakardade-maila baxuak agertu dituzte.
Azkonak argitu du horrek ez duela esan nahi sexu-orientazioa bakardadearen iragarlea denik: “Hau da, bisexual izateagatik ez daude bakardadea sentitzera predestinatuta. Gure ikerketak frogatu du orientazio sexuala ez dela eragile zuzena. Bai, ordea, euskarri soziala eta ongizate mentala”.
Bi aldagai horiek aztertzerakoan, EHUko ikerketak antzeman du pertsona bisexualen egoera eskasagoa dela eta, hain zuzen ere, horren ondorioz areagotzen dela haien bakardadea. Izan ere, galdetu zaienean ea konpainia, laguntza emozionala edo praktikoa behar dutenean baduten norengana jo, parte-hartzaile bisexualek adierazi dute eskura jende gutxiago dutela; homosexualek eta heterosexualek baino gutxiago. Eta frogatuta dago laguntza-sare mugatuak izatearen pertzepzio horrek, ongizate psikologikoa txikitzen duela eta bakardadea handitu. “Norbaitek ez badu sentitzen komunitate baten parte dela, eta badirudi pertsona bisexualek ez dutela hori gehiegi sentitzen, bakardadea areagotzen da. Pertsona homosexualen kasuan, badirudi egoera aldatu egin dela; lanketa bat egin da eta, sexu-orientazio normatibo bat ez izan arren, lortu da gizartearen eta norbanakoen onarpena handitzea. Aldiz, bisexualitatea oraindik kuestionatu egiten da eta aurreiritzi asko daude”, dio Azkonak.
Bisexualen bakardadeari aurre egiteko esku-hartze bikoitza: indibiduala eta soziala
Emaitzek marrazten duten egoeraren aurrean, ikertzaileek azpimarratzen dute neurriak hartu beharra dagoela: “Gure ikerketetarako egiten ditugun inkestetan, zeintzuetan parte-hartzaileetako asko unibertsitateko ikasle gazteak diren, ikusten ari gara gero eta pertsona gehiagok definitzen dutela euren burua bisexual gisa. Esaterako, abian dudan azterketa batean, % 22k. Duela urte batzuk ez ziren horrelako balio altuak topatzen. Bisexualitatean kokatzen den jende-kopurua igotzen ari bada eta, gizarte gisa, ez bagaude prest, askok sentituko dute gure ikerketak agerian uzten duen bakardadea. Beraz, kolektibo honen ongizatea hobetu nahi badugu, etxeko lanak ditugu”.
Bi eratako neurriak proposatzen dituzte. Batetik, indibidualak; besteak beste, pertsona bisexualen autoestimua, identitatea, estresaren kudeaketa eta laguntza-sareak sendotzera bideratutakoak. Eta, bestetik, sozialak; aniztasun sexualaren errespetua lantzeko hezkuntza-programak, zein bisexualitatearen onarpena eta gizarteratzea sustatzeko ekintzak.
Informazio gehigarria
Garikoitz Azkonak Psikologiako Graduan eskolak ematen ditu, Psikobiologia ikerketa-taldeko kidea da eta bere ikergai nagusia estres soziala da. Sexu-orientazioa eta bakardadearen inguruko artikulu zientifikoa Ezequiel Collantes Arkitektura Fakultateko ikertzailearekin batera landu du. Collantes Arkitekturaren Oinarrietako Graduko eta Arkitektura Masterreko irakaslea da. Bestalde, espazioek komunitatea sortzerako garaian joka dezaketen rola aztertzen dihardu eta bere ikerketa-lanean behar dituen aspektu psikometrikoen harira hasi zen elkarlanean Azkonarekin. Aurrerantzean kolaboratzen jarraituko dute. Esaterako, burn out sindromeak arkitektoengan duen eragina aztertuz.
Erreferentzia bibliografikoa
- A Study on Loneliness, Social Support, and Mental Well-Being Based on Sexual Orientation in Northern Spain
- Journal of Homosexuality
- DOI: 10.1080/00918369.2025.2556861