Ainhoa Iglesias Ara eta Asier Fullaondo
Mamut haragi bola erraldoi ospetsua, txiste txar bat ote da?
Genetika irakasleak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2023/06/12
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Australiako enpresa batek, laborategian, haragi bola erraldoi bat egin du orain dela 12.000 urte iraungi zen mamut espeziearen okelarekin. Azaldu dutenez, helburua da gizakiak kontsumitzeko okelaren ekoizpen iraungarriagoranzko bidean lehen urratsak egitea.
Zerk eraman zaituzte mamut haragi bola konplexu bat egitera?
Lurraren, uraren, energiaren eta produktu kimikoen (esate baterako, ongarriak) erabilerak produktu baten ingurumen arrastoa kalkulatzeko balio du. Hausnarkarien kasuan, kontsumitzen dugun haragi gehiena hausnarkariena baita, handia da ingurumen arrastoa. Eta, oro har, landare jatorrikoek baino arrasto handiagoa uzten dute animalia jatorrikoek.
Horrek animalia jatorriko proteinak ekoizteko bide iraunkorragoak bilatzeko erronka zilegizkoa eta premiazkoa planteatzen du. Beharrizan unibertsal horixe da VOWFOOD enpresa australiarrak bere mamut haragi bola ezagutarazteko baliatzen duen ideia, laborategian ondutako haragiaren aldeko apustua egin baitu arazoari konponbide bat emateko.
Iraunkortasuna argudio sendoa da kontsumitzaileak merkataritza ideia baten ontasunekin konbentzitzeko. Baina, egia ote da laborategian egindako okela ekoizpen tradizionalaren araberakoa baino iraunkorragoa dela?
Laborategiko okelaren iraunkortasunaren osagai guztiak
Gai horri buruz argitaratutako literaturan arakatzen badugu, ez da dena dirudien bezain onuragarria. ‘Sustainibility’ aldizkarian gai horri buruzko iraunkortasunaren inguruan berriki argitaratutako artikulu bat laborategiko okela egiten duten enpresetako batek finantzatua da. Beraz, ez da harritzekoa bere ondorioetan okela artifiziala onuradun gertatzea.
Azterlan horren arabera, modu alternatibo horretan ekoitzitako 1 kg okelak abeltzaintzan lortutako 1 kg okelak baino berotegi efektuko % 87 gas gutxiago sortzen du, energian % 39 gutxiago eskatzen du, eta lurretan ere % 90 gutxiago eskatzen du.
Baina kalkulu horietan balantzan ez dira ekuazioaren elementu guztiak jartzen. Esate baterako, ez dira kontuan hartzen animalia zelulak kultibatzeko laborategi bat sortzeko, mantentzeko eta garbitzeko kostuak. Eta zelulak kultibatzeko beharrezkoak diren osagaiak sortzeko energiaren kostua ere ez. Are gutxiago osagai horiek sortu dituzten fabrikek erabilitako lurra eta ura. Izan ere, soilik okelaren ekoizpena aintzat hartzen da, eta ez abeltzaintzak eskaintzen duen balio erantsia (esnearen eta esnekien ekoizpena, larrugintza, landa eremuak garbi mantentzea, etab.).
Gainera, fokua abeltzaintza intentsiboan jarrita egiten du konparazioa, kontuan hartu gabe abeltzain txikiak eta abeltzaintza estentsiboa. Laburbilduz, abeltzaintzarentzat kaltegarria den eta laborategian sortutako okelarentzat onuragarria den konparazioa egiten du.
Energia eta hondakinak
‘Enviromental Science & Technology’ aldizkarian argitaratutako beste artikulu batean, kasu honetan interes gatazkarik gabe, laborategian egindako okelaren eta abeltzaintzatik etorritako okelaren arteko konparazio bat egiten dute energia gastuaren kalkuluetan oinarrituta. Ondorioa da laborategiko ekoizpenak betiko abeltzaintzaren araberakoak baino nekazaritza gastu eta lur kantitate txikiagoak eska baditzake ere, onura horiek energia gastu handiago baten kontura izango liratekeela.
Ildo horretan, ‘Frontiers in Nutrition’ aldizkarian berriki argitaratutako artikulu batek ondorioztatzen du okela artifizialaren ekoizpenak zaila duela betiko moduan ekoitzitako okelaren kostu hein batean merkeak berdintzea. Azterlan horren arabera, esterilizazioak, ezinbesteko prozesua baita produktu horiek merkaturatzeko, areagotu egiten du okela artifizialaren ekoizpenaren energia eta ingurumen kostua. Eta ondorioztatzen du ekoizpen artifizialetik eratorritako hondakin kantitatea, gaur-gaurkoz, ekoizpen tradizionalean sortutakoa baino handiagoa dela.
Animaliak hil gabe, baina hormona eta gehigarri artifizialak erabiliz
Ekonomia eta ingurumen arloko alderdiak ez ezik, aintzat hartu behar ditugu alderdi etikoak eta sozialak, ‘Foods’ aldizkarian argitaratutako beste artikulu batean azaltzen dutenez.
Haragia animaliak hil gabe ekoizteko aukerak ageriko onura dakar. Hala ere, artifizialki ekoizteko prozesuak produktu kimikoen erabilera eskatzen du, hala nola, hormonak eta gehigarri artifizialak, produktu horiek ultraprozesatu bihurtzen dituztenak, eta azterlan askok frogatzen dute elikagai mota horrek ondorio negatiboak dituela osasunean.
Gainera, inpaktuen ebaluazioan, ezinbestean aintzat hartu behar da nola eragiten dien nekazariei eta abeltzainei, bereziki maila apaleko ekoizleei eta diru sarrerak eta aberastasuna lortzeko abeltzaintzaren ekoizpenaren mende dauden ekonomia azpigaratuei.
Australiako enpresak bere haragi bola sustatzen du mamut okelaz egina dagoela azalduz. Egia ote da?
Mamut okela faltsua: tumore ehun onbera baten antzeko zerbait
‘Haragi bola’ hori egiteko erabilitako metodologia aztertzen badugu, berriz ere ikusiko dugu ez dela mamut okela.
Mamut proteina bat kodetzen duen DNA zati bat erabili dute, mioglobina delakoa, aldaketa txiki batzuk tarteko ugaztun guztien sekuentzian dagoena. Mamutaren sekuentzia ez denez zehatz ezagutzen, elefantearen mioglobinarenarekin egindako nahasketa batean oinarritzen dira, eboluzioaren ikuspegitik mamutetik gertuen dagoen ugaztuna baita elefantea. Sortutako DNA sartu dute, gene kimeriko bat, ardiaren zelula berezitu gabeetan, eta ondoren, hazteko faktoreekin kitzikatu dute zatitzeko eta bereizteko gihar zeluletan. Oraingoz ez da gizakiaren kontsumorako egokia.
Izan ere, laborategi batean ardiaren zelula transgenikoen masa bat (tumore ehun onbera baten antzeko zerbait) sortu arte hazitako zelula multzo batez osatutako okelarekin elikatzeaz hitz egiten ari gara, zelula horiei mamutaren eta elefantearen mioglobina hibridoaren DNA sekuentzia bat gehitu zaielarik.
Guk, oraingoz bederen, inguruetan hazten diren behien txuleta eder baten alde egiten dugu.
![]()