Milia Kuantikoa, urratsak etorkizunerantz
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/12
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultatearen izkinetako batean, Unamuno plazaren zelaira begira dagoen aldean, totem edo egitura bat dago. Beharbada, jakin-minak bultzatuko zaitu bertara hurbiltzera eta totemean zer dagoen idatzita ikustera. Mapa ilustratu bat da, EHUren Gipuzkoako Campuseko lau ikergune eta hiru unibertsitate ikastegi lotzen dituen oinezko ibilbide bat erakusten duena: EHUko Informatika eta Kimika Fakultateak, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM), CIC nanoGUNE, Tecnum (Nafarroako Unibertsitatea) eta Ikerbasque eraikina. Zer dute denek komunean? Guztiak daude Milia Kuantikoa izeneko ibilbidean, era batean edo bestean fisika kuantikoaren arloan diharduten zazpi zentroak lotzen dituen bidea.
Jakin-mina piztu zait eta ibilbidea hastea erabaki dut. Mapa ilustratutik, eraikinaren ate nagusirantz abiatu naiz. Atera iritsi baino lehenxeago, izkinan eskuinera hartu gabe, EHUko Informatika Fakultatearen totemarekin egin dut topo. Fakultatea 1976an fundatu zela irakurri dut. Beraz, datorren urtean mende erdia beteko du. Irakurri dut ere kuantikaren alorrean egiten duen lana konputazioan oinarritzen dela; hau da, ordenagailu kuantikoen potentzialari etekin handiagoa ateratzen laguntzen duten programen garapenean. Denbora tarte bat hartu dut totemaren lau aldeetan idatzitakoa irakurtzeko (hiru aldetan, testuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez daude). Ondoren, errepidea gurutzatu dut, UPV/EHUko Kimika Fakultatera joateko. Fakultate biak aurrez aurre daude. Kimika Fakultatearen totema elementu kimikoen taula periodikoa irudikatzen duen fatxada zatiaren behealdean dago. Ikastegia ospakizunetan dagoela ikusi dut: aurten 50 urte bete ditu. Totemak dio fakultate honetako kideek teknologia kuantikoen alorrean lan egiten dutela, konputazio kuantikora egokitutako algoritmo berrien eta hardware berriaren garapenean.
Geldialdi bat egin dut bidean, eta ikastegiaren kafetegian kafe suspergarri bat hartu bitartean, Jon Mattin Matxain fakultateko dekanoa agurtu dut. Nerea Ezeiza Informatika Fakultateko dekanoarekin berriketan aurkitu dut. Ez dut aukera pasatzen utzi eta Milia Kuantikoaz galdetu diet. Zer dakarkien ibilbide honen parte izateak. “Guretzat —azaldu du Jon Mattin Matxainek— ohore bat da, gure irakasleek eta ikertzaileek egitasmoan parte hartzen duten zentro guztiekin elkarlanean egiten duten lana aitortzeko modua. Gainera, aukera ematen digu gure kolaborazioak sendotzeko, campus mailan, eta kolaborazio berriak sortzeko”. Nerea Ezeizak baietz dio buruarekin. “Fakultate gisa, aurrea hartu behar diegu beti aldaketa teknologikoei, eta konputazio kuantikoak egiazko paradigma aldaketa dakar. Horregatik, denbora bat daramagu jada arlo honetan ikertzen, joan den ikasturtean hasi ginen konputazio kuantikoari buruzko irakasgai berri bat eskaintzen gradu bien ikasketa planetan, eta harrera ona egin diete ikasleek. Miliaren ibilbideak agerian jartzen digu campus honetan kontzentratuta dagoen potentziala, eta erakusleiho bikaina da gureak bezalako fakultate txikientzat. Motibazio estra bat ematen digu lanean jarraitzeko arlo honetan”, adierazi du Ezeizak.
Dekanoak agurtu ondoren, errepidea gurutzatu eta obretan dagoen Donostia International Physics Centerrerantz (DIPC) zuzendu ditut pausoak. Zentro honetako ikertzaileetako bat Multiverse Computing-en kofundatzailea eta zuzendari zientifikoa da, Europar Batasuneko software kuantikoko enpresa handiena, egoitza nagusia Donostian duena. Hara!
Lau ikergune eta hiru unibertsitate ikastegi
Campusak etorkizuna eraldatuko duten teknologien ikerketa eta garapen gune gisa duen garrantziaz gogoetan ari naizela, Materialen Fisika Zentrorantz abiatu naiz, aldapa txiki batean gora. Dagoeneko hiru totem topatu ditut, eta ohartu naiz ‘Bazenekien…?’ dela gehien erakartzen nauen atala. CFMren totemean, atal horren bila jo dut zuzenean. Gogoan dut zentro honetako ikertzaileetako batek parte hartu zuela Alain Aspect, John Clauser eta Anton Zeilingerrek 2022ko Fisikako Nobel Saria jasotzera eraman zituzten korrelazio kuantikoko esperimentuetan. Bestetik, planetako leku hotzenetako bat zentro honetan dago: diluzio hoztaileari esker, izarrarteko espaziokoak baino tenperatura baxuagoak lor daitezke, zazpi gradu milaren inguru zero absolutuaren gainetik. Oraindik lau geldialdi geratzen zaizkit ibilbidean, eta informazio eta bitxikeria guztiz interesgarriz beteta dut burua dagoeneko.
Hurrengo geltokia: Tecnum. Ez dut asko ibili behar, CFMtik urrats gutxitara baitago. Unibertsitate ikastegi honen Quantum Information Lab-en, erroreen zuzenketa kuantikorako tekniken inguruan ikertzen dute, funtsezkoa hutsegiteak jasan ditzaketen ordenagailu kuantikoak eraikitzeko, behar besteko fidagarritasuna izango dutenak algoritmo kuantiko sakonak egikaritzeko. Totemaren lau aldeak irakurri ondoren, berriro CFMra naraman bidera itzuli naiz, eta Ikerbasqueren eraikin berrirantz jo dut, EHUren Joxe Mari Korta Zentroaren ondoan kokatua. Ibilaldi labur bat da, lerro zuzenean, minutu gutxitan egiten dena. Ikerbasqueren eraikinean bi totem topatu ditut. Horietako bat Informatika Fakultatean dagoenaren antzekoa da: hots, ibilbide osoa erakusten duen mapa ilustratua. Beste totema zentroarena berarena da, non IBM System Two ordenagailua dagoen, munduko IBM ordenagailu kuantikorik indartsuena. Ibilbidean aurrera, azken geltokira iritsi naiz: CIC nanoGUNE zentroa, Quantum Tower edo Dorre Kuantikoaren eraikuntza betean dagoena. Zentro honen laborategiak sotoan daude. Bi solairu jaitsi behar dira lurpean, ganbera korazatu moduko bateraino, zeinaren erdian bereziki babestu beharreko laborategiak dauden. Irakurtzen eman dut beste denbora tarte bat, eta bukatutzat eman dut paseoa. Milia bat egin dut, zehatz-mehatz. Datu bitxiez beteriko osteratxoa, hasierako nire jakin-mina elikatu dutenak.
Bisita birtual interaktiboa
Milia Kuantikoa, oinez ez ezik, beste modu batean ere egin daiteke. Totemek QR bana dute, eta horien bidez bisita birtual eta interaktibo bat egin ahal izan dut. Bisita hasten da aireko ikuspegi batekin, non EHUren Gipuzkoako Campusa eta ibilbidea ikus daitezkeen, goitik. Aukeratu ahal izan dut zer ikergune edo ikastegi ikusi, klik eginez zentroaren logotipoan edo orriaren behealdeko menua erabilita. 360 graduko ikuspegi batez arakatu ditut fisika kuantikoari eskainitako laborategiak. Jakin ahal izan dut zer ikertzen duten, nola egiten duten eta zer aurreikuspen dituzten ikertaldeek aurrera begira. Gainera, totemetan bezala, bisita birtualean ere ‘Bazenekien…?’ sinboloak aurkitu ditut, kontzeptu korapilatsuen azalpenekin eta bitxikeriekin.
Besteak beste, bisitatu ditut: IBM_BasqueCountry ordenagailu kuantikoa, Ikerbasqueren eraikinean; EHUko Kimika Fakultateko Gainazalen Elektrokimikako laborategia, Magnetismo Molekularreko laborategia eta Koordinazio Kimikoko laborategia; UPV/EHUko Informatika Fakultatean, algoritmo kuantikoak garatzeko gela, Estatuko lehen IBM ordenagailuetako baten digitalizazioa eta pieza informatikoen erlikiak, beira arasa digital batean; DIPCren Superkonputazio Zentroan, Hyperion ordenagailua —Estatu osoko superkonputagailu indartsuenetakoa—, 2D material kuantikoak ekortzeko zunda mikroskopiako laborategia eta atomo ultrahotzen etorkizuneko laborategiaren aurrerapen bat; Tecnumen, Zirkuitu Integratuen Komunikazio laborategia eta errore kuantikoen ikerketa laborategia; CFMn, diluzio hoztailea eta Mikroskopia eta Nanofotonikako laborategiak; azkenik, nanoGUNEn, gela zuria, Detekzio Kuantikoko laborategia eta etorkizuneko Hardware Kuantikoko laborategien aurrerapen bat.
Bisita birtuala egin ahal izan dut ere Basque Quantum webaren bidez.
Milia Kuantikoa oinez nahiz era birtualean egiteak gogoetara eraman nau, eta ondorio gisa atera dut, zentzu askotan, hasiera besterik ez dela. Fisika kuantikoaren arloan ikertzen duten ikerguneak, zientziari ate berriak irekitzeaz gain, posible dena birdefinitzen ari dira. Batek daki zer ekarriko digun zientzia kuantikoak datozen urteetan!
