euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Euskadiko Lan Txostenaren arabera, zabaltzen ari da ziklo ekonomikoa

Hala ere, 2015eko 1. hiruhilekoaren analisiak adierazten du enplegu netoa suntsitu egin dela, baina duela urtebete baino gutxiago

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/30

Eraikuntza pisua galtzen ari da erkidegoko enplegu osoan

FEDEA Lan Behategiak eskualdearen inguruan emandako informazioaren arabera, 2015eko 1. hiruhilekoko Euskadiko Lan Txostenak 16 urtetik gorakoen lan banaketan izandako aldaketak azaltzen ditu, Euskadiko lehenengo hiruhilekoko langabezia tasei zein okupatuei eta langabeei dagokienez. Sara de la Ricak zuzentzen duen ikerketa taldeak egin du txosten hori, Euskal Herriko Unibertsitatean. Era berean, hala Euskal Herrian nola Estatuan izandako lan trantsizioak erakusten ditu. Datu horiek 2007ko hiruhileko berean izandakoekin alderatu dira (krisian sartu aurreko urtea izan zen), bai eta iazko (2014ko) lehen hiruhilekoan gertaturiko aldaketekin ere.

Garrantzi berezia du azken konparazio horrek; izan ere, oraindik ere argi eta garbi atzerakorra den egoera bat (2014ko lehen hiruhilekoa) beste batekin alderatzen du, 2015eko lehen hiruhilekoarekin: badirudi orain ziklo ekonomikoa zabaltzen hasi dela. Horrenbestez, nolabait ikus daiteke zenbateraino eragin duen 2014ko susperraldi ekonomikoak Euskal Herrian bizi direnen lan egoeran.

12 hilabete hauetan, Euskal Herriko langabeen eta inaktiboen kopuru bat okupatu bihurtu da; zehazki, Euskal Herrian, 18.000 pertsona inguru hasi dira lanean, eta, gutxi gorabehera, 8.000 langabe gutxiago eta 7.000 inaktibo gutxiago daude. Aldaketa horrek eskualde honetako langabezia tasa txikitu du, ehuneko 1 inguru —% 17,36tik % 16,43ra—. Datuok islatzen dutenez, beraz, Euskal Herriko ekonomiak susperraldi hasiberri baten zantzuak erakusten ditu (oraindik ere zantzu txikiak).

Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasak dira Estatuko txikienetakoak; gainera, Nafarroak soilik ditu langabezia tasa txikiagoak. Euskal Herrian 870.300 okupatu daude, eta honako hauek nabarmen daitezke okupatuen kolektiboaren aldaketaz: Emakumeen presentzia etengabe areagotzen ari da, baina oraindik ere gutxiengoa dira; halaber, areagotzen ari da unibertsitarioen eta 45 urtetik gorakoen presentzia. Okupatuen artean, unibertsitarioen proportzioa da Estatuko handiena; prestakuntza maila apala dutenak, berriz, desagertzen ari dira.

Bestalde, egonkortzen ari da industriak Euskadin azken urtean okupatutakoen kopuru osoan duen pisua (enplegu osoaren % 20,6). Alabaina, oraindik ere enplegu asko lehengoratu behar da sektore horretan, industriak euskal enplegu osoan zuen presentzia berreskuratzeko, % 24,2 hartzen baitzuen. Euskadi hirugarren erkidegoa da industria sektoreak enplegu osoanduen garrantziari dagokionez, Nafarroaren eta Asturiasen atzetik. Hala ere, azken urtean, Nafarroak eta Asturiasek industria arloko enplegua galdu dute; Euskadin, berriz, egonkor eutsi zaio.

Eraikuntza pisua galtzen ari da erkidegoko enplegu osoan; izan ere, azken 12 hilabeteetan % 6,1etik % 5,4ra jaitsi da. Estatuko gainerako erkidegoetan, ordea, aldaketa horrek kontrako joera izan du, eraikuntzaren arloko intzidentziak gora egin baitu.
Bestalde, zertxobait areagotu da soldatapekoen behin-behinekotasunaren intzidentzia: % 21,0tik % 21,8ra. Aldaketa hori Estatu osoan izandakoaren antzekoa da, eta adierazten du, hasi berri den susperraldi honetan kontratazioa kaleratzeari gailendu zaionez, behin-behinekotasunak berriro ere goranzko joera hartu duela kontratazioetan.

Halaber, azken 12 hilotan nabarmen areagotu da lanaldi partzialaren intzidentzia: % 16tik % 20ra. Euskal Herrian areagotu da gehienbat; hala, Estatu osoan, erkidego horrek du lanaldi partzialaren intzidentziarik handiena, Valentziako Erkidegoarekin batera.

Langabeen kolektiboa

Azken urtean, 45 urtetik gorako langabeek ugaritzen jarraitzen dute Euskal Herrian, gazteenen aldean. Proportzio hori egonkortu egin da Estatuko gainerako erkidegoetan. 45 urtetik gorako langabeen intzidentziak oraindik ere gora egiteak erakusten du kolektibo horrek zaila duela lana topatzea.

Ildo horretatik, azken urteko langabeen artetik, oraindik ere zertxobait gora egiten du luzaroko langabeen intzidentziak: % 66tik % 67ra. Aldaketa hori ere Estatu osoan izandakoaren kontrakoa da, han egonkortu egin baita luzaroko langabeen intzidentzia (% 64an). Gainera, Euskal Herria da luzaroko langabeziaren intzidentzia handiena duen erkidegoetako bat: soilik Kanariak eta Madril ditu aurretik, eta oso urrun dago beste erkidego batzuetatik; esaterako, Balearretatik, luzaroko langabeen proportzioa txikiagoa baita han (% 50).

Euskal Herriko lan trantsizioak

Estatuako gainerako erkidegoetan bezalaxe, Euskadin enplegua suntsitu da hiruhileko honetan. Hala ere, suntsiketaren neurria gutxienekoa da, eta orain dela zehazki urtebete izandakoaren oso azpitik dago; izan ere, orduan askoz ere enplegu gehiago suntsitu zen, eta enplegu gutxiago sortu.

Egoera hori Estatuko beste erkidegoetakoarekin alderatuz gero, ikusten da Euskadiko enplegua Espainiako eskualdeetako batez bestekoa baino gutxiago aldatu dela, beste hiruhilekoetan bezala.

Enplegu gutxiago suntsitzen da, eta, halaber, gutxiago sortzen da. "Uste dut hori ona dela berez; izan ere, krisitik guztiz ateratzeko, enpleguaren sorrerak gaina hartu behar dio enpleguaren suntsiketari. Bestalde, are garrantzitsuagoa da enpleguaren kalitatea areagotzea, hala sortzen duen jarduerari nola kontratatzen den enplegu motari dagokionez. Alderdi horretatik, oraindik ere bide oso luzea dago egiteko" azaldu du Sara de la Ricak, txostenaren zuzendariak.

Informazio guztia: www.informelaboraleuskadi.org

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa