euskaraespañol

Redes sociales campusa

Marta Macho, Matematikako irakaslea

«Emakumeok nahi duguna egin dezakegu bizitzan»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/18

Marta Macho
Marta Macho

Marta Macho UPV/EHUko Matematikako irakaslea da, baina ez da hor bere ekinbide bakarra. Parekidetasunaren aldeko borrokalari sutsua ere bada eta zientzien esparruan, aspalditik jorratzen du gaia. Emakume honen ibilbide eta lan paregabea da hain zuzen ere, Alacanteko Unibertsitateak argitara eraman nahi izan duena. 'Berdintasun' saileko hirugarren saria jaso du Marta Machok eta horretaz ibili gara berekin hizketan.

Hasi aurretik aurkeztu ezazu zure burua.

Zaila da. Nik uste dut biziki langilea naizela eta horrek nauela hobekien ezaugarritzen. Gauza desberdin askoren egitea maite dut eta denen uztartzen entseatzen naiz. Matematika eta literatura maite ditut, adibidez, eta batzen entseatzen naiz beti. Nire bizitza da eta nire aurkezpena baita.

Zein izan da zure ibilbide akademikoa?

Nik hemen egin ditut lizentzia eta masterra, Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondotik Lyon-era joan nintzen tesiaren egitera eta denbora berean UPV/EHUn lanean ibiltzen nintzen irakasle gisa. Nire karrera akademikoa eta profesionala batera hasi nituen eta egia da horrek tesia dezente luzatu zidala. Baina hala egiten zen garaian. Geometria eta Topologian egin nuen tesia, eta Lyonen egitea esperientzia ezin hobea izan zen niretzat. Beste errealitate batzuen ezagutzeko parada izan nuen. Frantziarena nola ez, baina baita nire klase-kideena ere.  Ipar Afrikakoak ziren gehienak eta horien egoera pertsonalaren bidez, munduko parte horren arazo eta egoera politikoaz ikasi ahal izan nuen. Matematikak eta oro har bizitza ikasteko manera ederra da, nik uste. Ondotik tesia defenditu eta Euskal Herrira itzuli nintzen ikerketa eta irakaskuntzan segitzera. 1985ean ikasketak bukatu eta unibertsitatean, irakasle postu finkoa lortu nuen.

Matematikak eta zientzia gustuko izateaz gain, irakaskuntzak zure bizitzan leku garrantzitsua duela nabari da.

Bai, hala da. Gehien maite dudana zer den galdetuko bazenidan, erantzun borobila emango nizuke: Irakastea. Zergatik?

"Hastapenean den arazo larriena da neska gazteek duten konfiantza eskasa."

Matematiken transmititzen ongi ikasi dudala pentsatzen baitut eta gazteekin lan egitea, biziki aberasgarria egiten baitzait. Irakaskuntza etengabeko ikaskuntza da, pertsona eta belaunaldien arabera egokitu behar baita beti. Gainera matematika gauza ederra da eta matematikak irakastea zoragarria.

Zer iritzi duzu emakumeen lekuaz eremu zientifikoan?

Gaur egun emakumeen lekua, ez da izan beharko lukeena. Euskal Herriko Unibertsitatean emakume asko daude ikasten, baina ikasketa urteak joan ahala, desagertzen doaz. Hastapenean den arazo larriena da neska gazteek duten konfiantza eskasa. Mutilek hobeki eginen dutela pentsatzen dute maiz, eta horrek ikasketa ibilbidea kaltetzen du, emakume kopurua murriztuz.

Ondotik karrera bukatu eta ikerkuntzan hasi nahi badute, gauzak zailtzen doaz. Ikerketa eremu lehiakorra da biziki, eta internetek hori areagotzen du. Gauzak arin egitea inposatzen du eta ez badira azkar egiten, beste batek egiten ditu zure ordez. Karrera zientifikoa iraupen lasterketa bat da eta horretan emakumeek zailtasun gehiago izan ohi dute. Modu bat edo bestean, lehiakortasuna mutilen ezaugarria dela transmititzen zaie gaztetik. Bide beretik zientzia, mutilen solas eremua dela errepikatzen zaie behin eta berriz. Azkenean gezur horiek sinetsi egiten dituzte, eta pixkana pixkanaka desagertzen doaz. Zientzietan gertatzen den bezala, bizitzan ere gertatzen da. Emakumeek ikasi eta lan egiten dute, baina halako batean horien karrera gelditu egiten da. Arazo oso konplexua da.

Sexuen arteko desoreka batez mintzo zara. Desoreka hori nola islatu da historikoki eta nola islatzen da gaur egun eremu zientifikoan?

Instituzioetan egotea edo ez egotea da galdera. Unibertsitatean egotea edo ez. Botere eta botere ekonomikoan jardutea ala ez. Adibide bat ematearren, ikerketa zuzendariak gizonak izaten dira gehienetan. Emakumeak ikerketa esparruan berant sartu direnaren aitzakiapean, urteak joan ahala beraien lekua hartuko dutela entzuten da beti. Baina denbora pasa da eta egoera hobetu bada ere, ez da berez izan beharko lukeena. Hori da arazo eta erronka nagusia.

Ikerkuntzari dagokionez, gizon kopuruari parekatuz, emakume gutxi atzeman daitezke. Zientzietan amildegi hori handitzen da gainera, mundu maskulinoa baita biziki. Testuinguru horretan haurdunaldia arazo bat izaten da, karreran geldialdi bat suposatzen duelako eta aurretik erran bezala, ikerketa zientifikoak ez du pausaldirik baimentzen. Baina ikerkuntza zientifikoan emakume gutxiago denaren arrazoia ez da soilik haurdunaldia, arazo soziala ere bada. Nork bere buruarekiko konfiantza eskasa eta gaitasunik ez duenaren sinesmena da arazoa. 18, 20 edo 21 urterekin neska gazteek ez dute halakorik nabaritzen, ez dute diskriminaziorik ikusten. Ikerketak hasterakoan, aldiz, emakumeak deseroso sentitzen hasten dira normalean.

Zuhaur, momentu horretan diskriminazioaz ohartu zinen?

Ez, baina ni beste belaunaldi batekoa naiz. Askoz goizago jabetzen ginen diskriminazio hartaz eta desberdinki bizi ere bai.

Gazteak diskriminazio hartaz oso berandu ohartzen direla diozu. Gaur egungo belaunaldiek, diskriminazio hori barneratu/asimilatu dutela erran genezake?

Beharbada. Garaian diskriminazioa modu askoz argiagoan agertzen zen.  Gaur dena da sotila eta horrek egoera korapilatzen du. Uste dut azken urteetan atzerapen bat gertatu dela gainera. Arazoa da berdintasun maila on batera iritsi garenaren ustean, guardia apaldu dugula. Baina momentu horretan da hain zuzen, golpe gehien ematen dizkizutela. Arazo oso larria da.

Neska zein mutilak, horien ardura ere baita, emakumeengan diskriminatzaileak diren hainbat seinalez ez dira ohartzen. Garaian pentsa ezinak zitzaizkigun gauza batzuk baimentzen dituzte gaur egun. Bere bikotekidearen komunikazioen zaintza adibidez, ez da gehiegizko kontrol bat bezala ulertzen. Neska gazte askok, maitasunaren kontura emanen duten zaintza da gainera. Nire garaian aldiz, argi genuen afekzioa eta kontrolaren arteko muga zein zen. Orduan bai, azken belaunaldiek, naturalak egiten zaizkien mikro diskriminazioak asimilatu dituztela erran genezake. Sotilak badira ere, existitzen dira eta larria da horietaz ez ohartzea.

Nola esplikatzen duzu zure eta gaur egungo belaunaldien arteko desberdintasuna?

Uste dut orain duela 30 urte feminismoa oldarkorragoa zela. Orain gauzak lasaiagoak dira, politikoki zuzenagoak. Feminismo desberdin asko daude, eta orain duela 30 urte baino askoz gutxiago hitz egiten da hartaz. Oraingo belaunaldiak asko babestuak dira eta horrek eragin handia duela uste dut. Nire kasuan bi gurasoak lanean ziren, ez genuen dirurik eta oso goiz arduratsu egin behar ginen. Horrek gaztetik ikuspegi kritiko baten garatzera eramaten gintuen. Gaur egungo gazteentzat aldiz, bizitza lasaiago edo arinagoa da.

Izpiritu kritiko baten eskasa da orduan gakoa?

Bai, erraiteko manera bat da. Ni Amerika Latinora noa kurtsoak ematera eta han bizitza zailagoa denez, gizartea kritikoagoa da eta feminismoa Españan baino askoz politikoagoa. Hala ere, nire feminismoa ez da biziki politikoa. Argi da testuinguru historikoak eragina duela baina zientziei dagokionez, hauen ulertzeko manera desberdin bat ere dela uste dut.

"Emakumeek zientzia egin eta egiten dutela erakutsiz, pentsaerak aldarazi nahi ditu."

Zientziak oso utilitarioak dira. Emakumeek, aldiz, zientzien ikuspegi sozialagoa dute, horregatik ez dira beti kabitzen. Kontuz, hala ere, desberdintasun hau ez da hormonala, hezkuntzan du jatorria. Zientzien ikuspegi utilitario hutsa aldatuko balitz, emakume gehiago egonen litzatekeela uste dut eta zientziari ekarpen handia egingo lioke dudarik gabe.

"Mujeres con ciencia" blogaren kolaboratzaile bat zara. Isilduak izan diren emakume zientifikoen lanak argitaratzea eta gaur egungoen baloratzea du xede. Garrantzitsua eta beharrezkoa den proiektua da zuretzat?

Dibulgatzatzaile zientifikoa eta feminista naiz. Dibulgazio zientifikoa egiten dut aspalditik eta emakume eta zientzien gaia landu dut beti.  Ezinbestekoa ikusten nuen orduan biak batera tratatzea eta lan hori instituzio publiko baten eskutik egitea. Nere dibulgazio lana hartzaile zabal batentzako egina da eta unibertsitatetik egiteak, mezua zilegitzen du. Webgune honen helburua, zientziak denentzako eskuragarri direla ulertaraztea da. Emakumeek zientzia egin eta egiten dutela erakutsiz, pentsaerak aldarazi nahi ditu.

Ohikoa da mutilei ingeniari karrera gomendatzea, sozialki baloratua delako eta neskei biologia, femeninoa delako. Guk ordea, karrera zientifikoak denentzako direla azaldu nahi dugu. Mezu hau unibertsitatearena den blog batetik bidaltzea biziki garrantzitsua da. Nahi ala ez dibulgazio pertsonalak ez baitu eragile publiko baten bidez egindakoak bezainbat hedapen eta sinesgarritasun izaten. Bestalde dibulgazioa egiteko dudan era nahiko desberdina da. Gauzak modu lasaian azaltzen ditudala uste dut. Denetarik aipatzen da, iragan zein orainean eta horrek denentzako eskuragarri egiten duela uste dut. Denek atzeman dezakete beraien lekua, horregatik du blogak hainbesteko fama.

"Berdintasun" saileko hirugarren saria jaso berri duzu Alacanteko Unibertsitatearen eskutik. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko lana eta gizarte zein eremu zientifikoan, emakumeak argitara eramateko egin duzun lana dira sariztatuak izan. Nola jaso zenuen berria?

Ez nekien ezer. Alacanteko parekidetasuneko bulegoko zuzendariak ninduen abisatu. Ez nekien ezta nire hautagaitza aurkeztu zenik. Egia erran, ez dut sarietan sinesten. Sei hautagaitza ziren gure sailean eta hoberena nirea zela erabaki dute. Zergatik? Ez dakit, baina ez dut uste hoberena nintzenik. Hala ere, ez du kentzen poztasun handiz jaso nuela berria, zientzia eta emakumeez hitz egiteko aukera paregabea izan baita, oihartzun mediatiko zabala lortuz.

Bukatzeko, zer erran nahi zenieke eremu zientifikoan ikasten edota lan egiten duten emakume guztiei? Eta emakumeei orokorrean?

Denetan egoteko eskubidea dugula eta edozer egin dezakegula. Ez da sekulan pentsatu behar, besteek guk baino hobeki eginen dutenik. Gogoa izanez gero eta lan eginez gero, emakumeok nahi duguna egin dezakegu bizitzan. Nahi izatea eta egitea dira gakoak.