euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Materia ilunaren inguruko teoria berriak

UPV/EHUn lanean diharduen Tom Broadhurst Ikebasqueko ikertzaileak zuzendutako lanaren emaitzek, materia iluna partikula astunez osatuta dagoela dioen onartutako ikuspegia desafiatu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/12

Ezkerreko koadroan, galaxia anitzen irudia ikus daiteke, gas beroaren X Izpien jaurtiketa tarteko duena. Eskuineko koadroan, gas beroaren eredua ageri da, X Izpien kometa-itxura argiro erakusten duena

UPV/EHUko Fisika Teorikoa Sailean lanean diharduen Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak eta 2013an UPV/EHUko Ikerbasqueko ikertzaile gonbidatua izan zen Sandor Molnar Taiwango Unibertsitateko kideak bi galaxia-klusterren arteko talka azaltzen duen simulazioa gauzatu dute. Galaxia-klusterrak edo galaxia-kumuluak dira unibertsoan dauden objekturik handienak. Ehunka mila galaxiaz osatutako bildumak dira, grabitateak lotutakoak.

Orokorrean, galaxia-klusterrak haien arteko bat-egiteaz hazten dira tamainaz, gero eta handiagoak bihurtuz, eta grabitazio-indarrek apurka-apurka lotarazten dituzte, denboraren poderioz, unibertsoaren espantsioari aurre eginez. "El Gordo" izenaz ezagutzen den sistema, orain arte aurkitu den galaxia-kumulurik handiena, bi galaxia-kumulu erraldoiren arteko talkaren emaitza da. Talka-prozesuak kluster bakoitzean gasa konpimitzen duela oso tenperatura altuetan aurkitu da, horregatik distira ateratzen ditu espektro ikusgaiko X Izpien eremuan. X Izpien espektro honetan, gas-lainoak kometa itxura du, eta bi galaxia-multzoetako nukleo trinkoen artean zabaltzen diren bi isats luzez hornituta dago.

Konfigurazio bereizgarri honi esker, talkaren abiadura erlatiboa zehaztu ahal izan da, muturreko abiadura alegia (~ 2.200 kilometro segundokoa), materia ilunari buruzko egungo teoriak onartutakoaren mugan kokatutakoa.

Talkan atzemandako kumuluen muturreko adibide bitxi hauek nolabaiteko desafioa bota diote materia iluna partikula astunez osatuta dagoela dioen onartutako ikuspegiari, oraindik ez baitira aurkitu partikula horiek, Genevako LHC (Large Hadron Collider Particle) azeleragailuan eta Estatu Batuetako LUX (Large Underground Xenon Experiment) izeneko materia ilunaren lurpeko detektagailuan horretarako ahaleginak egiten ari diren arren. Tom Broadhurst-en iritziz, "inoiz baino garrantzitsuagoa da materia ilunaren misterioa hobeto ulertzen lagunduko digun eredu berri bat aurkitzea, iaz Nature Physics aldizkarian argitaratu genuen materia ilunaren uhin-eredu aurkitu berria bezalakoxea".

Ikerketa berri honen xedea, "El Gordo"-n antzemandako gasa eta materia iluna era "hidro-dinamikoan" interpretatzea izan da, eta horretarako, materia iluna (masaren zatirik handiena materia ilunari dagokio) eta hain beroa izateagatik (100 milioi gradu kelvin) espektro ikusgaiko X Izpien eremuan antzeman daitekeen gas bero hori barne hartu dituen eredu konputazional propioa garatu da. Broadhurst eta Molnar doktoreek soluzio konputazional bakarra lortu dute talka honetarako gas beroaren kometa-itxuragatik eta 2.200 km/s inguruko abiadura erlatiboan eta angelu zeiharrean elkar gurutzatu duten materia ilunezko bi nukleoen kokapenengatik eta masengatik. Honek esan nahi du, guztizko energia-liberazioa, ezagutzen dugun beste edozein fenomenotan baino askoz ere handiagoa izan dela, Big Bang-ean izan ezik, noski.

Egileari buruz

Tom Broadhurst Fisikan doktoratu zen Durham-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Ikerbasquerekin bat egin arte, maila goreneko ikerketa-zentroetan lan egin du Erresuma Batuan, EEBBetan, Alemanian, Israelen, Japonian eta Taiwanen. Guztira, 184 artikulu argitaratu ditu lehen mailako aldizkari zientifikoetan, eta orain arte, bere lanen 11.800 aipamen egin dituzte beste zientzialari batzuek.

2010ean, Ikerbasquek kontratatu zuen, eta harez geroztik UPV/EHUko Fisika Teoriko Sailean lan egiten du. Behaketako kosmologia, materia iluna eta galaxien formazioa dira bere ikerketa-lanaren ildo nagusiak.

Erreferentzia:

Hydrodynamical Solution for the "Twin-Tailed" Colliding Galaxy Cluster "El Gordo" Astrophysical Journal, 800

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa