euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Oroimenen museogintza

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/22

Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Areto Nagusian ‘Oroimenen museogintza: gatazken ondaregintza eta errepresentazioa' izeneko XI. Kongresuaren irekiera-ekitaldia egin da.

Jarduera bi egunetan zehar luzatuko da: lehengoa, UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean izango da (urria 22); bigarrena aldiz, San Telmo Museoan (urria 23). Sarrera librea da eserleku guztiak bete arte.

Ana Arrieta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Xabier Etxague, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, eta Mertxe Urteaga, Irungo Oiasso Erromatar Museoko zuzendaria ekitaldiaren buru izan dira.

UPV/EHUko Baloreen Filosofia eta Giza Antropologiaren Sailak, Irungo Oiasso Erromatar Museoaren, San Telmo Museoaren, UQAM-Laboratoire d' histoire et de patrimoine de Montréal-aren, Bartzelonako Unibertsitatearen, Les Musèes de la Civilisation de Quebec-aren eta Université Tolousse III Saul Sabatier-ren laguntzaz, antolatzen du kongresua.

Museoa gizarte, erkidego edo gizarte-talde batek erabiltzen duen espazioetako bat da bere oroimen kolektiboa erakusteko. Oroimen kolektiboa zer den, ez dago erabat zehaztuta egun, baina esan daiteke gizarte-bateko kideek partekatzen dituzten gertaerak, egoerak edo egitateak eguneratzeari dagokion prozesua dela. Hau da, Pierre Norak dioenari jarraituz, oroimena ez da egoera bat, baizik eta prozesu bat. Etengabe bilakatzen da prozesu hori, eta oroitzapenaren eta ahaztuaren arteko dialektikari dagokio. Halaber, prozesua aldagarria da bai espazioan bai denboran, eta gizarte bakoitzean era ezberdinean eraikitzen eta legitimatzen da.

Gainera, gizarte batean oroimen kolektiboaren eraikuntzaren eta legitimazioaren prozesua ez da adiera bakarrekoa. Gizarte batean talde eta erakunde bakoitzak bere proposamen mnemonikoak egiten ditu, uneko interes eta balio sozialen, kulturalen eta politikoen arabera. Gizarte horren gainontzeko taldeek eta erakundeek ez dute nahitaez bat etorri behar interes eta balio horiekin, eta honek ekar lezake gatazkaren bat oroimenaren eraikuntzaren eta legitimazioaren prozesua kontrolatzerakoan.

Beraz, ez da harritzekoa oroimen ezberdinak agertzea gizarte batean, ezta identitate-interpretazio ezberdinak ere; hau da, gizarte bat denari, izan denari edota izan nahi duenari buruzkoak ere. Beraz, edozein gizartetan gertatzen den bezala, gatazka oroimen kolektiboaren nahitaezko osagai bat da, nahiz eta beti ez azaldu, denboraldi batean nolabaiteko adostasun orokor bat lortu delako edo ezkutuan delako.

Edozein gertaerak, egoerak edo egitatek osa lezake oroimen kolektiboa, hala ere kongresu honetan esparru berezi bat landuko da; hau da, XX eta XXI mendeko gatazka armatuei eta indarkeria politikoari dagokien esparrura.

Hau dela eta, kongresu honen helburua honako hau izango da: gatazka horien ondaregintzari eta errepresentazioari dagozkien prozesuak aztertzea eta horiei buruz eztabaidatzea. Kongresu honetan kontuan hartuko dira bakarrik museo- eta ondare-guneek zuzendutako prozesuak. ICOM-ek zehazten duenari jarraituz, gune horiek erakunde iraunkorrak dira, gizartearen esanetara daude, publikoarentzat irekiak, eta kultur ondarea eskuratzen, kontserbatzen, ikertzen, erakusten eta zabaltzen dute. Gure kasuan, kultur ondarea kongresuaren gaiarekin lotu behar da.

 

Argazkia: UPV/EHU