70 iradokizun baino gehiago jaso ziren atzo arratsaldean Punta Begoñako Galerietara bertan egin zuten herritarren partaidetza ekitaldira. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu zuen Getxoko Udalarekin batera atzoko ekimena, Galeriak berpizteko proiektuari getxotarren ekarpenak biltzeko asmoz.
70 iradokizun Punta Begoñako Galeriei buruz
Ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu zuen Getxoko Udalaren laguntzarekin
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/10/23
Ekitaldiak 30 bat lagunek parte hartu zuten elkarri eragiteko, ordu bi inguru iraun zuen eta UPV/EHUko ikerlarien azalpen batekin hasi zen, partaidetza prozesuaren metodologiaren inguruan (Argiñeta edo Meatzaldeko beste esperientzia batzuetan erabiltzen ari direna) eta Punta Begoñako Galerien eta testuinguruaren historiako atalekin osatutako kontakizuna azaldu zuten. Azalpenen ondoren, hiritarren txanda iritsi zen. Beraien ekarpen edo proposamenak egin zituzten, post-it delakoetan idatziz, eta segidan post-it horiek mapa batzuetan itsatsi zituzten, horrela galeriak Getxoko eta inguruko beste espazioekin lotuz. Ekitaldira hurbildu zen jendea oso heterogeneoa eta proaktiboa izan zen eta, gainera, honelako ekitaldietan parte hartzeko aukera eskertu zuten. Atzokoan 73 proposamen jaso ziren, oso gai ezberdinei buruzkoak: eraikinaren egitura erdibunker itxurakoa aipatu zuen partaide batek; beste batzuek galerien izaera publikoari eusteko behar utziezina azpimarratu zuten; inguruko museo metropolitarrekin ere erlazionatu zituzten galeriak eta baita Ezkerraldearekin ere, Bizkaiko Zubiaren bitartez.
Jasotako informazioak oinarri bat osatzen lagunduko du, eta oinarri horrekin UPV/EHUko ikertzaileek proiektuaren jarduketa-eremua eta galeriak zabaltzeko mugak zehaztuko dituen mapa egingo dute. Ekitaldi hau Punta Begoñako Galerien birmoldatze prozesuari lotuta dagoen partaidetza prozesuaren lehen pausoetako bat izan da.
Biziberritzeko proiektua
Punta Begoña Galeriak (Getxo) Bizkaiko XX. mende hasierako eraikuntza esanguratsuenetariko bat da, haren erabilera eta kokapen bereziagatik eta egikaritzeko erabili zuten teknologiagatik.
Horrek guztiak, gaur egun duten narriadura-egoerarekin batera, Getxoko Udalaren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzea eragin dute; lankidetza-hitzarmen horren bidez, galeriak berreskuratu eta biziberritu nahi dira jendeari zabaldutako ikerketa- nahiz egikaritze-prozesu baten bitartez, herritarren zerbitzurako sortutakoa dena.
Horrenbestez, UPV/EHUko bost ikerketa-talde diziplina arteko lana egiten ari dira galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udaleko aditu-talde batekin batera, eta Bizkaiko Aldundia nahiz Eusko Jaurlaritza laguntzaile izanik. Punta Begoña Galeriak berreskuratzearen nahiz biziberritzearen gainean proposatutako ekintzen aholkularitza-organo eta zuzendari lanak betetzen ditu UPV/EHUk.