euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

César Bona, maisu-maistren maisu

«Ikastetxeak joateko gogoa pizten duten leku bihurtu behar dira»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/23

César Bona izan da Global Teacher Prize sariketako espainiar finalista bakarra. Lehiaketa horren bidez, munduko maisu-maistra onenak saritzen dira. Bonak ez du errezeta errazik ematen: ikasgeletan izan duen esperientzia azaltzen du, zer egin daitekeen ulertzen laguntzeko.

Aragoiko maisu horrek hitzaldia eman zien Vitoria-Gasteizko Irakasle Eskolako ikasle eta ikasleei, eta horrekin itxi zen Arabako Campuseko ikastegi horrek ikasleei prestakuntza osagarria emateko antolatzen duen programa. Hizpide izan zituen, besteak beste, haurren sormenari eta irudimenari eman beharreko bultzada, pentsamendu kritikoaren sustapena eta ikasleengan izan beharreko konfiantza.

Nola daramazu osperako jauzi hori?
Badakit kanpotik neure buruaz dagoen ikuspegia ez dela nik neuk honetaz guztiaz dudana; izan ere, hezkuntzako aditu gisa deitzen didate, baina iaz bezain maisu naiz orain. Egia da asko ikasi dudala hilotan eta ikasitakoa parteka dezakedala, baina nire lehentasun handiena inguruan ditudanekin zoriontsu izatea da. Badakit kontu polita dela hau, baina, igarotzen denean, nik ikasgelan jarraituko dut, han egotea gustatzen zaidalako.

Uste duzu hau baliagarri izango dela gure herrialdean hezkuntza hobetzeko?
Uste dut orain egiten dudana pribilegioa dela: etorkizuneko maisu-maistrei hitz egitea, lanbide honen garrantzi handiaz ohartaraztea, pentsaraztea eta hausnarraraztea: ikasgelan sartzen garen bakoitzean haurrak markatzen ditugu, onerako edo txarrerako.

Beti begiratzen diogu Europa iparraldeari, funtzionatzen duten hezkuntza ereduak hizpide ditugunean. Ez al dago funtzionatzen duen hezkuntza proiekturik gure herrialdean?
Hamaika hilabete eman ditut bidaiatzen, milaka maisu-maistra ezagutzen; guztiek bizi dute grinaz beren lanbidea, eta gustatuko litzaidake denbora gehiago izatea haien lana hobeto ezagutzeko. Izan ere, hainbat proiektu gauzatzen dituzte, eta proiektu horiek hainbaten adibide izan litezke. Alabaina, proiektuok anonimoak dira oraindik ere, eta argitaratu egin behar dira. Aurrera egitera eta ezagutaraztera animatzen ditut.

Nola eman daiteke pauso hori?
Azken urteotan ohitu egin gara hezkuntzaren alderdi negatiboa bakarrik fokalizatzen, eta orain alderdi onak ikusten hasi gara. Hori da lehenengo pausoa: alderdi onak ikustea. Hurrengo pausoa argitara ateratzea da. Nola? Interesgarria izango litzateke plataforma bat sortzea dena jartzeko, baita gizarte konpromisoari lotutako gaiak, emozioen kudeaketaren ingurukoak eta halakoak ere. Hala, jendea aldatzen hasiko litzateke gauzak egiteko irakatsi ziguten moduari dagokionez.

PISA txostena agertzen denean, beti entzuten ditugu ohar berberak. Hain garrantzitsuak dira emaitzak edo notak?
Funtsean, uste dugu hezkuntza notarekin amaitzen den kontua dela, baina prozesu jarraitua izan behar du. Kritiko ere izan behar dugu: ebaluazio horiek erakusten dute hobetu beharreko kontuak daudela. Egia da gure sistema memoristikoa dela oraindik ere, ikasi egiten duzula, azterketa gainditzen duzula eta laster ahazten zaizula. Ebaluazioa ere halako zerbait da. Nota bat ematen dizute eta horrek besterik ez du axola. Ikasteko moduak prozesua izan beharko luke. Orain proiektuen araberako lanez hitz egiten da, baina ebaluazioak, halaber, hausnarketa hartu beharko luke oinarri, eta denbora gehiago lortu beharko litzateke, ikasleekin erkatzeko zer egin duten, zergatik eta zertarako balioko dien egindako horrek.

«Inork ezer gustura egiten badu, dena dabil hobeto»

Aldaketa horrek eskolako porrota ekidingo luke?
Zergatik gertatzen da eskolako porrota? Erantzuna izango bagenu, erraza izango litzateke konpontzea. Uste dut gizarte porrota gertatzeko gakoetako bat dela ez ditugula ikastetxeak nerabe edo haurrentzako leku erakargarri egiten. Nola lor dezakegu hori? Norbaitek ezer pozik egiten badu, dena dabil askoz hobeto. Entzuten bazaie, ikasketa prozesuan parte hartzeko inplikatzen badira, gizartean parte hartzeko inplikatzen badira eta egiten dutena ikusten irakasten bazaie, ikasketa prozesua etengabea izango da; izan ere, gauzek hobeto funtzionatuko dute.

Zure ustez, nolakoak izan beharko lukete irakasleek? Gaur egun prestakuntza egokia jasotzen dute?
Gustatuko litzaidake etorkizuneko maisu-maistrei guri irakatsi ziguten moduan baino hobeto irakastea, guri eman ez zizkiguten tresnak ematea; adibidez, ahozko adierazpena, emozioak kudeatzeko edo dugun sormen eta jakin-nahi guztia ateratzeko, ondoren ikasleei emateko.

Eta, familiaren funtzioari dagokionez, aldatu al dira gurasoen eta irakasleen arteko harremanak?
Ahal beste egin behar dugu familiak eta maisu-maistrak hurbiltzeko. Familiak oso lagungarri izan daitezke, batez ere eskolak gizarte konpromisoa izatea nahi badugu, ikasgelatik kanpo begiratzen badugu. Eskolan nahiz etxean irakasten eta hezten da; beraz, elkarrizketa funtsezkoa da.

Zer iritzi duzu teknologiek hezkuntzan duten lekuaz?
Teknologia garrantzitsua da eta dituen erabilera positiboak ikusi behar ditugu; halaber, negatiboak ohartarazi behar ditugu. Nire ustez, Internet oso tresna garrantzitsua da haurren jakin-nahia estimulatzeko, ikertzera gonbidatzeko… Baina informazioa erkatzen, irakurtzen dutenarekin kritiko izaten, iturriak aipatzen eta halakoak egiten ere irakatsi behar diegu.

Zure ustez, nola dago hezkuntza gure herrialdean?
Lasaitasuna eta itxaropena arnasten dira. Lasaitasuna, azken urteotan pairatu dugun guztia kontuan hartuta; itxaropena, ematen duelako hezkuntzari ikuspegi positiboz begiratzen zaiola, eta hori pauso handia delako Espainian. Kritiko izan behar dugu eta oraindik ere zer hobetu asko dugula ikusi behar dugu. Maisu-maistra gisa, gure bertsiorik onena eman behar dugu egunik egun; ondoren, sistemak lagundu egin behar du, eskolak gizarteari begiratzen diolako, hobetzeko, baina gizarteak ere eskolari begiratu behar diolako, merezi duen balioa emateko.

«Benetan gizarte hobea nahi badugu, eskolan hasi behar dugu»

Zein izango lirateke etorkizuneko eskolaren ezaugarriak?
Etorkizuneko eskolan, alde txikia egongo da kanpoan eta barnean egiten denaren artean. Etorkizuneko eskolan, familiek, maisu-maistrek eta tokiko administrazioek elkarlanean jardungo dute. Etengabe egingo da gizarte konpromisoa lortzeko ahalegina; izan ere, benetan gizarte hobea nahi badugu, eskolan hasi behar dugu.

Eta nola jarriko da praktikan hori guztia?
Jada oso proiektu onak daude martxan, bereziki herri txikietan. Batzuetan gutxietsi egiten da landa giroko eskola, baina gauza bakarra egin beharko genuke: kasu horietan zer egiten den aztertu eta ikastegi handiagoetan aplikatu.

Hezkuntza lege egonkorra gainditu beharreko irakasgaia da?
Aurreko hauteskunde kanpainan azaletik ukitu zen hezkuntzaren gaia, baina, gutxienez, adostasunaren beharraz hitz egin zen. Hezkuntzak edozein gobernuren gainetik egon behar du. Ea inork benetan hala egiten duen! Bada, egiten badu, aintzat har gaitzala egunero hor lanean gaudenok, guraso, haur eta nerabeekin ari garenok.

Zein dira hezkuntzaren gabeziak Espainian?
Beti aipatzen dut ahozko adierazpena, baina ikasleei ere entzun behar zaie. Halaber, ikusten dut programazioak oso zabalak direla eta ez duela denborarik ematen haurrak ezagutzeko, beren inguruarekin lotutako gauzak egitera bultzatzeko… Hausnartu egin behar da, haurrak ezagutzeko eta barnean duten guztia ateratzeko.

Haurrengan konfiantza izan behar dugula diozu. Hori izango litzateke hezkuntza berriaren mantra?
Erabat. Batek sentitzen duenean garrantzitsua dela gainerakoentzat, entzuten diotela nabaritzen du, balio duela; bada, halakoetan hobeto lan egiten du, gusturago dago lekuetan eta askoz ere ekarpen handiagoa egiten du. Haurren iritzia aintzat hartzea ezinbestekoa da, hezkuntzako protagonista nagusiak baitira. Beraz, guk geure burua egokitu behar dugu haurretara, ez alderantziz.

 

Argazkia: Nuria Gonzalez. UPV/EHU