euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Ludger Mees

Mein Kampf

UPV/EHUko Historia Garaikidearen katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/14

2016ko urtearen hasiera honetan, urteurren bat ari da Alemaniako gizartea aztoratzen. 70 urte igaro baitira Hitler diktadoreak idatzitako Mein Kampf ("Nire borroka") izeneko liburua debekatuta gelditu zenetik. Bigarren Mundu Gerraren amaieran, aliatuek liburua legez kanpo utzi zuten, argitaletxea -Alderdi Nazionalsozialistaren argitaletxe ofiziala- itxiz eta liburuaren eskubideak Bavierako Estatuari emanez, argitaletxearen egoitza Munichen izan zelako. Harrez geroztik, Bavierako gobernu guztiek aliatuek martxan jarri zuten debeku horri eutsi egiten zioten. 2016ko urtarrilean, egile-eskubideak babesten dituen 70 urteko epea amaitu zen eta liburua edozeinentzat eskuragarri geratu da. Egoera berri hori aprobetxatuz, eta egun bakar bat ere gehiago itxaron gabe, Municheko Historia Garaikidearen Ikerketa Institutu batek berrargitaratu egin du Mein Kampf liburua eta hori da zalaparta sortu duena. Eztabaidagai diren galderak hauexek: komeni al da Europa osoan zehar, baita Alemanian ere, esku-muturreko taldeen gorakada bizi duen garai zail honetan horrelako panfleto arrazista argitaratzea? Ez al da horrela laguntzen behin-betirako lurperatuta pentsatzen genuen faxismoa berpizten? Ez al da biktima guztien aurkako zaplazteko bat? Eta: komunikabideetan luze eta zabal iragarri eta komentatu den berrargitalpenaren bidez, ez al da berriro ere nazionalsozialismoaren interpretazio murriztaile eta sinplista zaharkitu bat lantzen, jende askok pentsatu lezakeelako faxismo alemaniarra lider handi baten liluraren, eta kasu honetan, hark idatzitako liburu baten ondorioa baino ez zela izan? Zalaparta guztiaren gainetik, ordea, nik uste dut argudio sendo batzuk badaudela berrargitalpen polemiko hau txalotzeko.

1. Debekatuta egon arren, liburua beti egon da eskuragarri nonbaiten, baita sarean ere. Ni gogoratzen naiz Alemanian Unibertsitatean Historia ikasten hasi nintzenean, ale bat -edo gutxienez kopiatutako atal batzuk- eskuratzeko inongo zailtasunik ez genuela izaten. Eta gogoratzen naiz, baita ere, zati hauek (ez dut behin ere lortu testu nazkagarri hori bere osotasunean irakurtzea) irakurri eta aztertutakoan izan nuen lehen inpresioa: dena esanda eta iragarrita zegoela! Izan ere, gerra osteko Alemaniako gizartean, norberaren errua nolabait zuritzeko asmoz, oso hedatuta izan baitzen esatea "guk ez genekien ezer", edo "Auschwitzen egiten ari zirena jakin izan bagenu, ez genituen Hitler eta bere erregimena begi onez ikusiko". 1925etik aurrera, hau da, lehen argitalpena kaleratu eta gero, 12,5 inguru ale inprimatu eta banatu izan ziren, eta historialariek erakutsi duten legez, liburua irakurri egiten zen, agian ez osorik, baina bai zatika. Eta orrialde horietan Hitlerrek argi eta garbi aurreratu zuen gero egingo zuena: holokaustoaren ardatz intelektualak daude Mein Kampf horretan, komunisten deuseztapenarenak, ekialdean lortu beharreko "espazio bitalarenak" ("Lebensraum"). Hori guztia gaur berriro ere irakurtzeak lagunduko du "ez-jakitearen" aitzakia behin-betirako baztertzeko eta faxismoaren analisi serio eta sakon bati ekiteko.

2. Berrargitalpena bideratu duen Institutuko adituak oso historialari iaioak dira eta sekulako lana egin dute. Izan ere, lau urtez ibili baitira edizio hori prestatzen. Orain aurkeztu duten emaitza benetan bikaina dela izan daiteke (nahiz eta oraindik ezin izan dudan liburua irakurri). Edizio komentatua da, eta horri esker, Hitlerrek egiten dituen baieztapen ia guztiek iruzkin edo ohar bana dute alboko orrialdean. Horrela, ia 2.000 orrialdeetan editoreek 3.500 iruzkin idatzi dituzte diktadoreak esandako guztia testuinguruan kokatzeko eta testuan dauden gezur eta sasi-egi ugariak begi bistan uzteko. Hemen pare bat adibide besterik ez: Mein Kampfen lehen alean, bere parte autobiografikoan, Hitlerrek bere burua behin baino gehiago goraipatzen du esanez 1919an milaka pertsonen aurrean emandako mitinetan bera Versailleseko Itunaren "krudelkeria" salatzen ibili zela eta horrela milaka entzule mugimendu nazionalsozialistarako irabazi zituela. Berrargitalpena landu duten adituen oharrean gogoratu egiten da Hitlerrek 1919an egindako mitinetan inoiz ez zuela -gehienez jota- 100 entzule baino gehiago izan. Edo beste adibide bat ikusteko Hitler prest egon zela edozein gauza egiteko bere helburuak lortzeko, baita ere berak idatzitakoa ahazteko taktikoki komeni zitzaionean. Mein Kampfen behin eta berriro iragartzen du komunismoaren aurkako etengabeko borroka, juduekin aliatutako etsai gogor hori behin betirako ezabatu arte. 1939, ordea, jakina den bezala, Stalinekin ituna egin zuen Polonia eta Baltikoa banatzeko eta ekialdeko frontea aseguratzeko, Frantzia eta Beneluxaren aurkako kanpaina egiten ari zen bitartean. Gezur eta kontraesan horiek guztiak azaleratuz, nekez erabili liteke Mein Kampf eskuin-muturreko propaganda egiteko.

3. Jacques Derrida filosofoaren kontzeptua erabilita esan daiteke Hitlerren nazionalsozialismoa ideologia eta erregimen "phonozentrista" izan zela, filosofia greziar klasikoak pentsatzen zuenaren aurka, ahotsaren indarrari askoz ere garrantzi gehiago ematen ziolako greziarren aburuz egiatik askoz ere gertuago omen zeuden idatzitako hitzei baino. Horra hor Hitlerrek berak eta bere erregimenaren arduradunek mitinei, filmei eta irratiari emandako ikaragarrizko garrantzia faxismo alemanaren mezua jendartean hedatzeko eta "metodoz egindako eromena" (Ian Kershaw) gauzatzen joateko. Esan eta entzundako hitza zen propagandaren ardatza, ez idatzitako hitza. Hori dela eta, nazionalsozialismoak apenas ekoiztu zuen handiko eta aipatu beharreko liburu edo idazkirik. Bi salbuespen baino ez daude: Alfred Rosenberg, Hitlerren ideologo nagusiak, 1930ean argitaratutako Der Mythos des 20. Jahrhunderts ("20. mendearen mitoa") liburu arrazista, alde batetik, eta Hitlerren Mein Kampf delakoa, bestetik. Beraz, begi bistakoa da 20. mendeko hondamendirik odoltsuenak idatzizko iturri "intelektual" gutxi utzi badu, iturri eskas horiek arreta handiz irakurri eta aztertu egin behar direla, gaur, bihar eta etzidamu. Azterketa historiko honek bideratu lezakeen jakintzan oinarrituta, agian bat baino gehiago konturatuko da gaur egun Europan arnasa hartzen ari diren populista xenofoboen diskurtsoek non dituzten bere sustraiak.

 

Argazkiak: Mikel Martínez de Trespuentes. UPV/EHU