euskaraespañol

Redes sociales campusa

Mario Loza, Uxue Jauregi eta Julen García, Arkitekturako nazioarteko lehiaketa batean saritutako ikasleak

«Arkitektura eraldatu behar da»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/18

UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoa zorioneko dago: bosgarren mailako hiru ikasle, Mario Loza, Uxue Jauregi eta Julen García, Turkiako KYM FIELD garapenerako GKEak antolaturiko nazioarteko lehiaketan saritu dituzte. Lehiaketa horretan, Afrikako sabanarako haur eskola bat diseinatu behar zen. Lan irabazlean, eraikuntza diseinatzeko sistema ireki bat landu dute, egitura soilekoa, ekologikoa eta etorkizunean erabiltzeko modukoa. Ramón Barrena eta Alex Mitxelena irakasleak izan dira lanaren zuzendariak.

Zorionak sariagatik.
Mario Loza: Eskerrik asko. Sekulako ezustekoa izan zen, ez baikenuen uste saria eramango genuenik.
Uxue Jauregi: Azken orduan aurkeztu ez genuen ba! Epez kanpo geundela pentsatzen genuen, eta ia-ia parte hartu gabe gelditu ginen.
Julen García: Ikaskideon Whatsappetik jakin genuen sariaren berri, eta pentsatu genuen nota oso ona atera genuela lanen batean. Ez ginen lehiaketaz oroitu ere egiten!

Proiektuan, erabiltzaileek zehaztuko duten irtenbide ireki bat proposatu duzue.
JG: Lehiaketara aurkeztu genuen eraikuntza sistemak bi isuriko estalkia duen modulu angeluzuzena sortzen du, nahi den tamainakoa; hala, etorkizuneko egoeretara egokitu ahal izango da. Gero, lana errazteko, bi dimentsio eredu bateragarri zehaztu ditugu. Modulu bakoitza bere kabuz edo beste batzuekin konbinaturik ibil daiteke. Horrez gain, sei gomendio proposatu ditugu: nola konbinatu moduluak, nola sortu barneko guneak, non jarri ateak, nola kanalizatu ura eta nola aireztatu gunea.
UJ: Garapenerako lankidetzaren inguruko proiektua izanik, beharrezkoa zen bertako herritarrek hartzea erabakiak eta taldean lan egitea eskola eraikitzeko. Ez genuen diseinu jakin bat ezarri nahi; aitzitik, egitura errazeko eraikuntza sistema bat proposatu nahi genuen, tokiko egoeren arabera diseinatua, eta muntatzeko beharrezko urratsak jasoko zituen katalogo bat. Haiexek dakite ondoena zer-nolako premiak dituzten, eta haiei galdetu behar zaie zer eraikin mota behar duten.

Eta hori ez da gertatzen.
UJ: Pixka bat korapilatsua da gaia. Orain arteko arkitektura guztiz eraldatu behar da. Gizartea asko aldatu da azken bost urteotan, baina arkitektura lehen bezalaxe lantzen da. Eraiki baino ez da egiten, etxe horietan biziko direnei zer behar edo nahi duten galdetu gabe. Aldatu egin behar dugu hiriak egiteko modua, etxeak eraikitzekoa. Gai hori zaila da eztabaidatzeko, ordea.

Hariari berriro helduz… Nolako eraikuntza proposatu duzue lanean?
JG: Zimenduak arin-arin jarri behar dira. Zabortegietako gurpilak erabiltzen dira, barnean zementuaren enkofratua sartzeko eta egitura osatzeko. Leku horretan baino ez litzateke erabiliko zementua.

«Eraikuntza sistema irekia, malgua eta ekologikoa da»

ML: Oinarrizko moduluak oin angeluzuzena du, eta gero hortxe altxatuko dira eraikinak. Hortik, banbuzko zutabeak eraiki eta bi isuriko sabaia egingo da, txapa batek estalia, eta arreta berezia jarriko zaio kanalizazioari eta euri urak biltzeko moduari. Bestalde, azpimarratzekoa da barneko gunearen itxitura askea: adobea erabiliko da horretarako, gunea premien arabera antolatzeko aukera ematen baitu.

Proposatutako materialak arinak eta birziklatuak dira, inpaktu ekologikorik gabeak ia.
ML: Bai. Besteak beste adobea, zabortegiko gurpilak eta banbua dira gure elementuak. Banbua, gainera, oso bizkor hazten da, eta zura baino eraginkorragoa da egiturak osatzeko. Hori dela eta, banbu sail kontrolatua edukiz gero, lehengai gehiago lor daiteke, eta ez dago inguruko basoak soildu beharrik.

Eraikuntza sistema hori diseinatu aurretik, dokumentazioa biltzen aritu zineten.
UJ: Bai, hala da. Guretzat garrantzitsua zen jakitea Afrikako sabanan nola eraikitzen duten edo hango biztanleek zer lehengai erabiltzen dituzten. Baliagarria izan zitzaigun, halaber, orain bi urte Boliviako barnetegi batean egindako boluntario lanak eman zidan esperientzia, gure materialetako batzuk erabiltzen baitituzte han.

 

Argazkiak: Nagore Iraola. UPV/EHU