Ehun urteko historia, argazkitan
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/26
UPV/EHUren Donostiako Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren mendeurrena dela eta (1915-2015), erakusketa berri bat jarri dute Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan.
Ehun argazkitik gora dituzten formatu handiko hamasei panel ikus daitezke bertan. Halaber, liburuen bilduma txiki bat ere badago; kasurako, Egunkaria liburuko oharren bidez, ikus daiteke antzina nola erregistratzen zen enpresa bateko kontabilitatea. Azkenik, paper formatuko akzioak ere ikus daitezke, zeintzuek enpresa baten kapital soziala erakusten baitute.
"Ezagutza partekatuz" izeneko erakusketan, panelak bikoteka antolatu dituzte, eta, hala, ikusleak ikuspegi kronologikotik aztertu ahal izango ditu mende horretan izandako gertakari nagusiak. Panelen izenek denboraldi honetako ibilbide akademikoa, profesionala zein ikerkuntzakoa adierazten dute: "Kronologia", "Irakasgaiak eta tituluak", "Eraikinak", "Eskolako bizitza", "Berrituz hobetzen", "Mendeurrena", "Oroitzapenak", "Zuzendariak" eta "Ikasleen eguna".
Inaugurazio ekitaldian izan ziren Campuseko errektoreorde Ana Arrieta eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Donostiako ataleko koordinatzaile José María Beraza. Edonork bisita dezake erakusketa, UPV/EHUko Donostiako Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan, otsailaren 29ra arte, 08:00etatik 20:30era bitartean.
Argazkiak: UPV/EHU
