euskaraespañol

Redes sociales campusa

2016an Punta Begoñako galerietan bisita gidatuak egiteko izena emateko epea ireki da

Galeriak berriro ere martxoaren 24tik urriaren amaierara arte bisitatu ahalko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/03

Aurtengo bisitetan gune berriak ikusteko aukera izango da

Martxoaren 24tik aurrera bisita gidatuen etapa berri bat hasiko da, Punta Begoñako galerien (Getxo) balioa nabarmentzeko proiektuaren aurrerapenak ezagutzeko, eta ibilbide berria izango dute. Aurreko urtean bezala, Getxoko Udalaren webgunean izena eman behar da lehenik eta behin edo Turismo Bulegora telefonoz deitu: 94 491 08 00. Izena emateko epea gaur ostegunean, martxoak 3, zabaldu da.

Bisitaldiak Euskal Herriko Unibertsitateak eta Getxoko Udalak antolatzen dituzte. Doakoak dira eta 20 pertsonako taldeetan egin ahalko dira gehienez, asteartetik igandera, euskaraz edo gaztelaniaz, eta ordutegi ezberdinetan. Libre dauden ordutegiak, egunak eta hizkuntzak zein diren jakiteko eta izena eman ahal izateko, Getxoko Udalak aplikazio erraz bat sortu du eta udalaren webgunean jarri du. Galeriak urrira arte bisitatu ahal dira. 

Aurtengo bisitetan gune berriak ikusteko aukera izango da eta proiektu honetan parte hartzen duten UPV/EHUko ikerketa-taldeek galerietan aurkitu dituzten arazoak deskribatuko dira. Arazo horien kausak detektatzeko, kalteen tamaina ebaluatzeko eta neurri zuzentzaileak proposatzeko erabili dituzten metodologiak azalduko dira eta eraikina birgaitzeko prozesuaren barruan aurreikusitako jarduketa batzuk aurreratuko dira.

2015. urtean galeriak apiriletik urrira arte egon ziren irekita eta  eraikuntzaren erabilera eta gainbeheraren arrazoiak ezagutzeko aukera egon zen. 

Punta Begoña Galeriak biziberritzeko proiektua

Punta Begoña Galeriak (Getxo) Bizkaiko eta Euskadiko XX. mende hasierako eraikuntza esanguratsuenetariko bat da, haren erabilera eta kokapen bereziagatik eta egikaritzeko erabili zuten teknologiagatik.

Horrek guztiak, gaur egun duten narriadura-egoerarekin batera, Getxoko Udalaren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzea eragin dute; lankidetza-hitzarmen horren bidez, galeriak berreskuratu eta biziberritu nahi dira jendeari zabaldutako ikerketa- nahiz egikaritze-prozesu baten bitartez, herritarren zerbitzurako sortutakoa dena.

Horrenbestez, UPV/EHUko bost ikerketa-talde diziplina arteko lana egiten ari dira galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udaleko aditu-talde batekin batera, eta Bizkaiko Aldundia nahiz Eusko Jaurlaritza laguntzaile izanik. Punta Begoña Galeriak berreskuratzearen nahiz biziberritzearen gainean proposatutako ekintzen aholkularitza-organo eta zuzendari lanak betetzen ditu UPV/EHUk.