Andoni Saenz de Buruaga Tiris-era egin duen beste espedizio batetik iritsi berria da. 2005az geroztik joan ohi da, hau da, Saharako Mendebaldeko alde horretako iragana sistematikoki lanean hasi zirenetik. Ikerketen emaitza: 1.000 aztarnategi baino gehiago aurkituta, 6.000 monumentu baino gehiago erregistratuta eta 213 elkarrizketa etnoantropologiko eginda.
Andoni Saenz de Buruaga, historiaurrelaria eta Kultursahal-eko zuzendaria
«Mendebaldeko Saharako ondare kulturala ez dago babestuta nazioartean»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/03/18
Andoni Saenz de Buruaga Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko irakaslea da eta, horrez gain, Euskadi Sahara Kultur Bilakaerarako Erakundeko presidentea da eta Tiriseko antzinako ondare kulturala berreskuratzeko Kultursahar programa zuzentzen du. Ikerkuntza-lan hori Eusko Jaurlaritzak, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak (SEAD) eta UPV/EHUk finantzatu dute.
Zer da Kultursahar?
Mendebaldeko Saharako ondare kulturalari buruzko ikerkuntza eta lankidetza bultzatzeko Euskadi Sahara Kultur Bilakaerarako Erakundeak egiten duen programa da. Esperientzia hori hasi zenetik bi helburu estrategiko hitzartu ditugu SEADeko Kultura Ministerioarekin: Mailaka ‘Tiriseko Ondare Kulturalaren Katalogo/Inbentarioa' egitea eta Mendebaldeko Saharako bilakaera soziokulturalaren prozesua zientifikoki hurbiltzea.
Zer da Tiris?
Tiris kanbriarraurreko lautada kristalinoa da. Oso zabala da: Mendebaldeko Sahararen hego-ekialdearen herena hartzen du eta etengabe luzatzen da alboan den Mauritaniako lurraldean barrena, ekialderantz eta hegoalderantz. Guk Mendebaldeko Saharako ‘lurralde askatuetan' ikertzen eta lantzen dugun eremuak 30.000 km²-ko zabalera du. Bestalde, Tiris eremu sinboliko, mitologiko eta errituala da. Bertan espekulazioak eta antzinako biztanleen arbasoen sinesmenak biltzen dira.
«Tiris eremu sinbolikoa, mitologikoa eta errituala da eta, han, arbasoen sinesmenek bat egiten dute»
Zergatik ikerketa hori eta lurralde horretan?
Ikerkuntzaren eta konpromiso solidarioaren ikuspuntutik Saharako gizarteari eskaintzeko geneukan apusturik onena ondare kulturalarekin dugun inplikazioa zen. Eta arrazoia sinplea da. Mendebaldeko Saharako ondare kulturala lur-eremu ahul batean zehar zabaltzen da. Lehenbizi, basamortuan sartuta dagoelako eta hango inguruneak eta eguraldiak eragin handia dutelako adierazpenetan. Eta, bigarrenik, Mendebaldeko Sahara, lurralde-erakunde gisa ez delako nazioartean ezagutzen, ez eta aitortzen ere, eta horren ondorioz, hango ondareak ez du beste herrialdeen inolako babesik. Egoera hori, gure kasuan, gizarteen eta kulturen zientzien parte garen pertsonak izaki, oso larria iruditzen zaigu eta oso kezkatuta gaude.
Zenbat misio egin dituzue lurraldea esploratzeko eta ikertzeko?
2005eko martxoan hasi ginen, hau da, orain dela hamaika urte, eta 21 misio egin ditugu Mendebaldeko Saharan azterketak eta ikerketak egiteko eta 1 alboko Mauritaniako lurraldeetan. Hamabi ikerketa arkeologikoak eta paleoklimatikoak izan dira, zortzi beduinoen kultura nomada ahoz berreskuratzeko eta bi antropologiako praktikak izan dira, nomadekin biziz. Ikerkuntzako 22 kanpaina horiei 2004an egin genuen lehen esperientzia erantsi behar zaie. Lehen kanpaina hura Mendebaldeko Saharan genituen helburuak tokian planteatzeko eta eztabaidatzeko eta SEAD-eko ‘lurralde askatuak' ezagutzeko egin zen. Ondorioz, guztira, beraz, 23 misio egin ditugu.
Eta zein dira ikerkuntza horren emaitzak?
Tirisen hamar urte ikertzen aritu ondoren, urte horietan bizitako esperientziaren emaitza aberasgarria izan dela esan behar da, bai zientifikoki, baita sozialki ere. Ikerkuntza zientifikoa eta kooperazio soziala eta humanitarioa elkartzen jakin izan dugula uste dugu, ondare kulturalaz kezkatuta eta haren balioa eta esangura kontuan hartuta.
«Ikerkuntza zientifikoa eta elkarlan soziala eta humanitarioa egokitu ditugu»
Esan dezakegu, zalantzarik gabe, asko aurreratu dugula Mendebaldeko Saharako kultura zientifikoki ezagutzen eta ulertzen. Erantzun asko lortu ditugu lurraldearen iraganari buruz, kultura eta ingurune dinamikari dagokionez eta lortutako emaitza horien ondorioz sortu diren alderdiak biderkatu egin dira. Eta hori guztia aurrera egin eta garapen intelektuala lortu direnaren seinalerik onena da. Eta garapen horretan zerikusia izango dute, nonbait, adibidez, 1.000 aztarnategi baino gehiago aurkitzeak, edo 6.000 harri-monumentu baino gehiago kontrolatzeak, edo 222 pertsonari 213 elkarrizketa etnoantropologiko egiteak edota elkarrizketak egiten 520 ordu baino gehiago erregistratzeak.
Zein izan da azken kanpaina honen ardatza?
Funtsean, iraganeko erreferentzia arkeologikoak eta ingurunekoak erregistratzen eta kontrolatzen jarraitu dugu, hau da, arrazoi meteorologikoengatik urteko hasieran egin ohi ditugun ikerkuntza-ildoetako bi. Lurraldeari dagokionez, Tiriseko hiru eskualde administratiboetan –Mijek, Argunit eta Dugech– eta Azefal duna-eremuan, Mendebaldeko Saharako hego-ekialdeko muturrean, garatu izan ditugu gure lan-eremuak.
Horrez gain, lehendik kontrolatuta genituen zenbait aztarnategi eta testuinguru paleoklimatiko berrikusteko programa gauzatu dugu, zeren aztarnategi horiei buruz genuen informazioa hobetu eta handiagotu beharra baitzegoen.
Ba al dago aurkikuntza horien guztien erakusketa egiteko proiekturik?
2006az geroztik, Saharako Kultura Ministerioak uste duenez, beharrezkoa da Tirisen ikerketa-zentroa sortzea, eskualde zabal hartako aztarna kultural aberatsak berreskuratu, aztertu, kontrolatu eta babestu egingo direla ziurtatzeko eta bermatzeko. Ondorioz, egokia iruditzen zait etorkizunean Tiriseko Kultura Ikertzeko Zentroa sortzeko jardunbidea gauzatzea.
Eta nola doa zentroa?
Tokian hartutako zenbait erabakiren ondoren, Tiriseko Kultura Ikertzeko Zentroaren behin betiko egoitza Aguniten kokatuko da, Saharako Tiriseko hegoaldeko lurretan eta Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetatik 850 km-ra hego-hego-mendebalderantz. Orain, eginkizun horretarako erabiliko den lokala erreformatzeko eta egokitzeko lanak hasi behar dira. Hori egin ondoren, lokalaren barneko altzari egokiak instalatu behar dira, berreskuratutako bildumen gordailua egokia izateko eta ondare kulturala tratatzeko eta aztertzeko programak garatzeko. Lan horiek, azkarrago edo motelago egingo dira, erabaki politiko egokiak hartzen diren heinean. Ziur gaude Tiriseko Kultura Ikertzeko Zentroa ez dela asko atzeratuko eta, azkenik, egia bihurtuko dela.
Argazkiak: Kultursahar.
