euskaraespañol

Redes sociales campusa

Eliztar elkarteen kideek parte hartzen dute politikan batez bestekoak baino gehiago

Jonatan García Rabadán politologoak lehendabiziko aldiz aztertu du Bizkaiko elkarte katolikoetako pertsonek zenbateraino eragiten duten politikan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/22

Jonatan García Rabadán. Zientzia Politikoetan doktorea

Orain arte egindako azterlanek ikertu izan dute pertsona katolikoek nola parte hartzen duten hauteskundeetan. Noren alde bozkatzen dute? UPV/EHUko Zientzia Politikoko doktore Jonatan García Rabadánek urrats bat gehiago egin du, lehenengo aldiz aztertzeko elkarteetako pertsona katolikoek nola parte hartzen duten politikan.

UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle Jonatan García Rabadánen ikerketak ondorioztatzen duenez, Bilboko Elizbarrutiko kide katoliko elizkoiek autonomia erkidegoko pertsonen batez bestekoak baino partaidetza handiagoa izan ohi dute bizitza politikoan (erabaki instituzionaletan eragina izateko moduko eguneroko partaidetza gisa ulertuta). Gainera, gizartearen esparru guztietan dute partaidetza handia, oso aktiboa, askotarikoa eta irekia; alegia, hauteskundeetan bozkatu baino gehiago egiten dute.

García Rabadán irakasleak aztergai izan ditu Bilboko Elizbarrutiko eliztarren elkarteak, Bizkaiko Komunitateen Kontseiluko eta Ekintza Katolikoko kide direnak. Denera 24 talde dira, eta, gutxi gorabehera, 18 urtetik gorako 1.400 kide dituzte; horietatik guztietatik 683 pertsona elkarrizketatu ditu, eta, horrela, lagin aski adierazgarria eta heterogeneoa lortu du. Eliztar horien artean, antzekoa da goi mailako ikasketak dituzten 35 eta 65 urte arteko emakumeen eta gizonen ehunekoa. Profil hori oso desberdina da Euskobarometroak edo CISek komunitate sinestunaren inguruan egindako azterlan soziodemografikoek erakutsitakoaren aldean; izan ere, azterlanok emakume zaharragoa irudikatzen dute, ikasketarik gabea eta etxean lan egiten duena.

Partaidetza askotarikoa, aktiboa eta irekia

Elkarte horiei aurrera egiten lagundu zieten, alde batetik, Vatikanoko II. Kontzilioak sustatu zuen irekierak (XX. mendeko 60ko hamarkadan) eta, bestetik, 70ko urteen amaieran eta 80koen hasieran izandako aldaketek, urte haietan indar handia izan baitzuen asoziazionismoak. Ildo horretatik, elkarte parte hartzaileagoak sortu ziren, helburu zutenak guztien ongia lortzea gizartearen edozein arlotan, eta ez bakarrik arlo erlijiosoetan. "Hortaz, fededunen elkarte bateko kide den norbait, aldi berean, erakunde politiko edo sindikal komunista bateko kide edo beste edozein alderdi politikotako erakunderen bateko kide izan daiteke", adierazi du irakasleak.

Alde horretatik, ikerlanean egiaztatu da halako erlijio kolektiboetako kideek asko parte hartzen dutela: manifestatu egiten dira, eskaerak sinatzen dituzte, produktuei boikot egiten diete (kontsumoari uko) eta buycott ere (etika, ingurumena eta abar kontuan hartuta egindako kontsumoa) egiten dute, harremanetan jartzen dira politikariekin, eta beste elkarte batzuetan laguntzen dute. Gainera, batez beste, eurenak ez diren beste hiru elkartetan parte hartu ohi dute; euskal herritarrek, berriz, batez beste elkarte bakar batean parte hartzen dute.

Kopurua ez ezik, ordea, adierazgarria da Bizkaiko eliztarren aniztasuna ere. Izan ere, ez dute soilik talde katolikoekin bat egiten; aktiboki parte hartzen dute beste edozein koloretako elkarte, talde edo mugimenduetan ere. Hori dela eta, errazago jauzi egiten dute politikara; hala, ikerketarako elkarrizketatutako pertsonen artean, batzarkideak, diputatuak, senatariak, alkateak eta sindikatu ordezkariak zeuden, denak ere askotariko alderdietakoak. "Pertsona hauek guztiek ez dute pentsaera berbera, baina elkarrekin lan egiten dute elkarte erlijiosoan; sinesmenak eta fedea komunitatearekin partekatzen dituzte, eta indibidualki ere oso pertsona aktiboak dira", nabarmendu du Jonatan Garcíak.

Trebetasun erlijiosoak

Elkartekide izateak, gainera, gizalegezko gaitasunak direlakoak garatzen laguntzen du, eta beste elkarte sozial batzuekin harremanetan egoteko baliabideak ematen ditu. Gaitasun horiek eliztarren elkarte batera batzean ere agertzen dira, baina, kasu honetan, trebetasun erlijioso deituriko beste gaitasun batzuk ere gehitzen dira (Church Skill).

"Trebetasun erlijiosoak" kontzeptua Estatu Batuetako kristau kolektiboen artean egindako azterlanetatik sortu zen. Hain zuzen ere, erlijiosoa ez den elkarte batean lortzen diren gizalegezko gaitasunak osatzen dituzten trebetasunak dira. "Ekitaldi erlijioso batean norbait hitz egitera edo mezu bat irakurtzera ateratzen bada, komunikatzeko gaitasunak garatzen hasten da. Topaketa erlijioso bat antolatu behar bada, berriz, ekitaldiak antolatzeko trebetasunez baliatuko da. Hau da, zeharkako gaitasunak lantzen hasiko da, eta hala lanean nola bizitza pertsonalean edota beste elkarte mota batzuetan erabiliko ditu", esan du, bukatzeko, unibertsitate irakasleak.

Egileari buruz

Jonatan García Rabadán (Bilbo, 1984). Zientzia Politikoetan doktorea da UPV/EHUren eskutik, "Participación política y asociacionismo: el caso de las asociaciones de fieles de la Diócesis de Bilbao" izeneko tesia defendatu ondoren. Tesiaren zuzendariak Zientzia Politikoko katedradun Francisco J. Llera Ramo eta UPV/EHUko Politika eta Administrazio Zientziako Saileko irakasle Ainhoa Novo Arbona izan dira. García Rabadán ikertzaileak honako gai hauetan du interesa: hauteskundeetako jokabidea, alderdi politikoak, komunikazio politikoa eta Euskadiko politikaren eta erlijioaren arteko harremana. Halaber, Euskobarometroa egiten duen taldeko kidea da.