Euskal Herriko Unibertsitatea 50 urtetik behera dituzten 150 unibertsitate onenen artean dago. Horrela adierazi du Times Higher Education 150 Under 50 2016 izeneko sailkapenak. Estatuko beste 9 unibertsitate bakarrik datoz THE 150 Under 50 2016 delakoaren edizio honetan, bosgarrena dena.
Munduko 150 unibertsitate onenen artean
UPV/EHU sartu da lehenengo aldiz Times Higher Education 150 Under 50 sailkapenean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2016/04/08
THE 150 Under 50-ren arabera, sailkapeneko lidergoan daude ezaugarri hauek bere baitan biltzen dituzten erakundeak: "erakunde gazte, dinamiko eta interesgarriak, britainiar eta amerikar unibertsitateen nagusitasuna kolokan jar lezaketenak". Sailkapeneko buru dugu Suitzako École Polytechnique Fédérale de Lausanne, 1969. urtean sortutakoa, eta rankingean agertzen diren Europako 90 unibertsitatetatik lehena. Estatuko unibertsitateei dagokienez, lehena Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (12. postua) da, eta jarraian datoz Pompeu Fabra (15), Madrilgo Unibertsitate Autonomoa (71), Rovira i Virgili (83). Bestalde, 101-150 bitarteko postuen artean, betiere sailkapeneko ordena kontuan harturik, Alcala de Henareseko Unibertsitatea, UPV/EHU, Madrilgo Karlos III.a, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa eta Vigoko Unibertsitatea. Horietariko lau bakarrik dira UPV/EHU (1980an sortua) baino gazteagoak. Times Higher Education Ranking-aren Phil Baty editoreak nabarmendu duenez, "albiste ona da Espainiarentzat bertako 10 erakunde egotea munduko unibertsitate gazte onenen artean, ospe zabaleko zerrenda horretan", baina, azaldu zuenez, gogor lan egin beharko dute sailkapenean iraungo badute. Izan ere, ranking horren ezaugarri nagusia da dinamismoa.
"UPV/EHU bada jada, batez ere ikerketa neurtzen duen Shanghairen sailkapenaren arabera, munduko 500 unibertsitate onenen artean", Iñaki Goirizelaia errektoreak gogorarazi duenez, baina "Times Higher Education delakoan sartu izanak badu erantsi beharreko baliorik, sailkapen horretan hezkuntzak eta berrikuntzak pisu garrantzitsua baitute. Kontuan hartu behar da, baita ere, sailkapen horretan sartu garela azken urteotan ekonomia kontra izan dugularik. Esanak esan, ez dugu aski lortutakoarekin: nazioarteko sailkapenetako kokapena hobetu nahi dugu, horiexek baitira gure xede".
THE 150 Under 50 sailkapena egiteko, Times Higher Education University Ranking (THE) delakoak erabilitako metodologia berberaz baliatu da. Izan ere, horrek errendimendu zerrenda bateko 13 adierazle darabiltza munduko unibertsitate onenak sailkatzeko. Adierazle horiek unibertsitate moderno eta global baten eginkizunak (ikerketa, hezkuntza, ezagutzaren transferentzia eta nazioarteko jarduera) aztertzen dituzte, eta, besteak beste, alderdi hauek hartzen dituzte kontuan: ikerketagatiko diru sarrerak, argitaratutako artikuluek erdietsitako inpaktua, irakasleen eta ikasleen arteko ratioa, nazioarteko ikasleen ehunekoa edo irakasleen ospea. THE sailkapen globalaren azken edizioan ere, UPV/EHU sailkatuta ageri zen 501-600 bitarteko postuetan. Lehenengo 200 unibertsitateen adina, batez beste, 213 urte dira.