Artelan bat zuzenean ikuskatuz ikusi ezin diren hainbat datu lortzen dira pinturen azterketa erradiografikoaren bidez. Berrehunduraz zaharberritu diren pinturek, alabaina, bestelako irudi erradiografiko bat ematen dute, indartzeko oihal-zati bat jarri izan ez baliete izango zuketenaren aldean. Diferentzia horiek eragin litzaketen interpretazio-erroreak forratze-lanetan erabilitako itsasgarriak eragiten dituela frogatu du UPV/EHUko ikertzaile batek.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Berrehunduraz berritutako pinturen erradiografien interpretazio-erroreak
Pinturen berrehunduran erabiltzen diren itsasgarriak dira erregistro erradiografikoan gertatzen diren diferentzien eragile
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/04/21
Artelanei egiten zaien azterketa zientifikoan, informazioa lortzeko baliabide garrantzitsua da azterketa erradiografikoa, pinturari buruzko hainbat ezaugarri ematen baititu, zuzeneko ikuskapenean ikusi ezin direnak, lanaren sorrerari buruz, hala nola erabilitako euskarri-mota, prestaketa-mota, geruza piktorikoaren osaera, artistak egindako trazuak, eta abar. "Mota horretako ikerketei esker lortu da, adibidez, lan faltsuak hautematea edota, alderantziz, obraren baten egiletza zehaztea", adierazi du Pilar Chaves UPV/EHUko Pintura saileko Artelanen erreflektografia infragorria eta erradiografia ikerketa-taldearekin lankidetzan aritzen den ikertzaileak.
Pinturen azterketa erradiografiko horietatik lortzen diren txostenek, ordea, "ez dute kontuan hartzen artelanak zaharberritu diren edo ez, eta, are zehatzago, artelanak berrehundu diren edo ez, alegia, jatorrizko euskarria indartzeko beste oihal bat erantsi zaien edo ez", adierazi du ikertzaileak. Pinturen ohiko degradazioetako bat da pinturen euskarriari dagokiona: euskarria oso hondatuta dagoenean, antzeko oihal bat jartzen zaio atzealdean, itsasgarriz erantsita. Chavesek azaltzen duenez, forratze horrek "okerreko interpretazioak eragin ditzake; izan ere, dokumentu erradiografiko asko behatu ondoren, hauteman dugu berrehundu diren pinturetatik lortutako irudiak ez direla berrehundu ez diren pinturetatik lortutako irudiak bezain garbiak".
Alderdi horretan gehiago sakontzeko, XVII. mendeko artelanetan egindako halako azterketak berrikusi ditu, Espainiako eta nazioarteko museoek eta erakundeek sortutako argitalpenen arabera egindakoak, eta pintura bat eratzen duten materialen nahiz berrehundura-prozesuan gehitutakoen portaera erradiografikoa aztertu du. Ikerketa zientifiko eta esperimental luze baten ondoren, ikertzaileak zehaztu du pintura berrehunduen irudi erradiografikoetan eta berrehundu ez direnetan ageri diren diferentzien kausa oihal indargarria eransteko erabili diren itsasgarrietan datzala: "Batzuetan, forratzeko itsasgarria emateko egiten diren pintzelkadak egilearen beraren pintzelkadekin nahasteko arriskua dago, eta, horren ondorioz, interpretazio erradiografikoak errorea eragin dezake", esan du ikertzaileak.
Itsasgarriak eta haien pisu atomikoa
Aztertu diren artelanak XVII. mendekoak direnez, berrehundura-prozesuetan erabili izan diren bi itsasgarri hauen interferentzia baloratu dute, batez ere, ikerketan: barrabaska eta argizari-erretxina. Lortutako emaitzen arabera, "itsasgarriek irudi erradiografikoan alterazioak eragiten dituzte gehitutako itsasgarriaren lodieraren arabera eta pinturek dituzten pigmentuen izaeraren arabera", zehaztu du Chavesek. Zehazki, adierazi du pintura bat osatzen duten materialen —pigmentuen zein itsasgarrien— pisu atomikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa dela erradiazioaren xurgapen-maila, eta, beraz, "handiagoa da irudi erradiografikoetan eragiten duten interferentzia", esan du.
Azken ondorio horrekin lotuta, ikerketa-bide berriak ireki dituzten doktore-tesi honetan. Adibidez, "oso interesgarria litzateke itsasgarri sintetikoek, adibidez, Beva gelak (argizari-erretxinaren ordez erabiltzen da) X izpien eraginpean zer eragin eta portaera duten jakitea, ez baitakigu. Itsasgarri tradizionalak eta XVII. mendeko pinturak izan ditugu ardatz, baina badakigu gaur egun erabiltzen diren pinturetan ere zaharberritze-lanak egiten direla, zeinetan itsagarriak eta beste mota batzuetako materiala gehitzen baita, eta ez dakigu haiek zer irudi erradiografiko ematen duten", adierazi du.
Informazio osagarria
Pilar Chaves Castanedo Arte Ederretan lizentziaduna da, eta UPV/EHUn egin du bere doktore-tesia: Modificaciones en la imagen radiográfica de pinturas reenteladas. Tesia M. Pilar Bustinduy Fernández doktore eta irakasle titularrak (Arte Garaikidearen Zaharberritzea) zuzendu du, zeina Pintura saileko Artelanen erreflektografia infragorria eta erradiografia ikerketa-taldeko arduraduna baita. Gaur egun, Pilar Chaves Zaharberritze eta Kontserbazioan doktore berriak lankidetzan jarraitzen du ikerketa-talde horrekin.
Ikerketa-lana egiteko, funtsezkoa izan da artelanak X izpi eta errefektografia bidez aztertzeko UPV/EHUk duen laborategia, dokumentazio-iturri garrantzitsua izan baita; izan ere, martxan daramatzan 20 urteetan, pinturen dokumentu erradiografiko asko lortu dira, eta aukeraketa bat egin ondoren, ikerketa honetarako erabili dira horietako hainbat. UPV/EHUrekin batera, Valentziako Unibertsitate Politeknikoa ere bada aitzindaria X izpien bidez azterketak egiten, eta Pilar Chavesek behin eta berriro aipatu du hori bere ikerketa egin bitartean.
Argazkiak: UPV/EHU
Irudi galeria
-
Pilar Chaves. -
Pintura baten azterketa erradiografikoaren adibide bat, zeinetan hautematen baita esku-hartze zahar bat, zuzeneko ikuskapen bidez ezin hauteman daitekeena. -
Egindako azterketa enpirikoaren irudia, zeinetan ikusten baita pigmentu kadmio-horia duen probetaren, haren karakterizazio erradiografikoaren eta ezarritako itsasgarriek eragiten dituzten interferentzien sekuentzia.
