Ibai Rico-k eta Evan Miles-ek aztertu gabeko Cloue izotz-eremua zeharkatu dute, eta bi tontor eskalatu dituzte estreinakoz. Gainera, Eñaut Izagirrerekin batera, glaziarren bilakaera ikertu dute eta, lehendabizikoz, Patagoniako ingurune urruti eta ezezagunetako bat jarri dute kartografian. Eskuratutako lehenengo datuek berretsi egin dute glaziarrek atzerakada larria izan dutela.
-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Incógnita Patagonia
Zientzia- eta kirol-espedizio batek Suaren Lurraldeko izotz-eremua aztertu du
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2016/05/20
Darwin mendi-katetik eta Sarmiento menditik haratago, fiordo eta mendi australen labirinto batean, Cloue izotz-eremua dago, Hoste uhartean (Txileko Suaren Lurraldean). Estatu Batuetako Charlie Porter eskalatzaile eta zientzialari ospetsuak honela definitu zuen ingurune hau: "These are little big mountains". Izan ere, izotz-eremu hau da, beharbada, Patagonia osoan haize antartikoen erasana agerien jasaten duen ingurunea. Taldekideak nabigazioz hurbildu behar izan dira sarbidera, eta ez da erraza izan: ekaitzak, haizea eta baldintza aldakorrak, non eta gaurdaino miatu gabeko ingurune ia ezezagun batean; logistika eta estrategia erabakigarriak izan dira. Ia 40 eguneko espedizioa ondorengoek babestu dute: Marmot, National Geographic, Azpeitiko Udala, British Mountaneering Council, Royal Geographical Society, Seguros SOS, Skout, Honey Stinger, DAP Aerolíneas, Deportes Landher, Bilbao Mendi Film eta Alpaka Raft.
Espedizioak bi helburu ditu: esplorazioko alpinismoa eta ingurunea zein glaziarrak ulertzeko zientzia. Cloue izotz-eremua ia esploratu gabeko lurraldea da eta gurutzatzea zein eskalatzea bakarrik erronka handia ziren. Gainera, taldeak glaziarren bilakaera berriena aztertu du metakin geomorfologikoetan oinarrituz. "Gure behaketa- eta esplorazio-helburu guztiak lortu ditugu, erronka logistikoak gutxi ez ziren arren, Patagoniako eguraldi ezegonkorra dela eta. Gure taldeak lehenengo zeharkaldi bat amaitu zuen izotz-eremuaren mendebaldetik ekialdera, oso baldintza zailetan. Gero, glaziarraren goi-lautadara itzuli ginen eguraldi hobeaz, eta goi-lautadako mendi nagusien azterketa osatu genuen, baita bi tontorren altuera berretsi ere. Glaziarren ertzetan, morrena batzuk eta haien azken aurrerapenak aztertu genituen, baita ordu arte haiei buruzko dokumentaziorik gabeko hiru fiordo esploratu ere", azaldu du Ibai Ricok, Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saileko irakasleak.
Glaziarren kartografia
Izotz-eremuaren glaziar-fronteei buruzko azterlana egin da. Glaziar-formen eta -metakinen kartografiaren bitartez eta airetiko argazkiak kontsultatuz, Incognita Patagoniako taldeak izotz-masen atzerakada larria egiaztatu du, 50 urtean azaleraren % 20 ere galdu baitute. Hala ere, behatu ahal izan zenez, glaziar-fronte batzuek nabarmen aurreratu zuten kasu oso jakin batzuetan. Horren arrazoia tokiko baldintza oso bereziak dira, gehiegizko elurteak baitituzte Patagoniako prezipitazio handieneko ingurune horretan (Itsaso Barearen eraginpean, haizearen bidezko birbanaketa, etab.).
Beste elementu interesgarri bat izan da morrenek presatutako lakuak eta GOLF (Glacial Outburst Lake Flood) edo 'lakuen bapateko hustuketa' bezalako gertakarien aztarnak. Espediziogileek magnitude eta intentsitate handiko gertakarian aztarna oso argiak behatu dituzte. "Hauen azterketa zinez interesgarria da, gertakarioak hobeto ulertzeko arrastoak eskain baititzakete eta natur arriskuen gestioan eta lurralde plangintzan aplikatu ahal izateko, Txileko Patagoniako beste eremu populatuetan" azaldu dute.
2014an, Charlie Porter hil zen eta, ondorioz, bere estazio meteorologikoen sarea abandonatuta geratu zen, eta espedizio honen helburuetako bat izan da, hain zuzen, sare horren zati bat berreskuratu eta martxan jartzea, klimaren eta glaziarren arteko erlazioa monitorizatu ahal izateko. Hori guztia kalitatezko mapa kartografiko batean adieraziko da, eta publikoki eskueran izango da. "Eñaut Izagirrek eta, harekin batera, Caesar Schinas-ek (Northanger-eko tripulaziokoa), Charlie Porter-en estazio meteorologiko ugari prestatzen lan egin zuten. Estazio horiek etorkizuneko joera klimatikoak ulertzeko modua ematen dute, eta glaziarretan behatutako aldaketekin erlazioan jartzen", adierazi du UPV/EHUko irakasleak.
Gainera, taldeak tokiko toponimia, ingurune horri buruzko mapa partzialak eta Yamana indiar tribuei lotutako izenak ere bildu ditu, era horretan berreskuratu eta mapa kartografiko batean eguneratzeko. Horrek asko balio dezake zientzia, kultura eta heziketarako edo etorkizunean ingurunera egingo diren alpinismo-espedizioetarako.
Cloue esploratu ondoren, espedizioa Pia fiordorantz abiatu zen eta, bertan, jarduera zientifikoak egin ziren, baita sarraldi alpino bat ere York Minster mendiaren ingurunean.
Bukatzeko, proiektuak lehengo espedizioen estilora hurbildu nahi izan du, Patagoniako bazter urrutienetako eta ezezagunetako baten glaziar-ingurunea eskalatuz, esploratuz, kartografiatuz eta ulertuz.
Taldea
Ibai Ricok (Vitoria-Gasteiz, Euskadi) mendiaren zaletasuna eta glaziarren azterketa konbinatu ditu, Pirinioetan, Suaren Lurraldeko Andeetan, Nepalen eta, oraindik orain, Alaskan ikerlanak eginez. Alpinista den neurrian, Patagonian esplorazioak eta eskaladak egin ditu, baita izotzean eskalada-bide berriak ireki ere Suaren Lurraldeko mendietan. Neguan, Darwin mendi-katean ere nabigatu du, eta Fitz Roy mendi-ingurunean eskalatu. Mendiaren zaletasunak bultzatuta, planetako hainbat tokitan eskalatu eta eskiatu du, adibidez, Svalbard artxipelago borealean, Alpeetan, Kilimanjaron, Eskoziako mendietan, Zeelanda Berriko Alpeetan eta Yosemiten. Halaber, 2014an, Evan-ekin batera, izotz-bide bat ireki zuten Himalaiatako izenik gabeko 6.212 m-ko gailur baten mendebaldetik. Goi-mendietako gidari-lanetan, Norvegiara, Alpeetara, Marokoko Goi Atlasera eta Kaukasora heldu da. Ibai Pirinioen Glaziologia doktoretza amaitzear dago eta, egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslea da.
Evan Miles (Oregon, AEB; egun, Cambridgen bizi da, Erresuma Batuan) Glaziologia doktoretza amaitzen ari da Cambridge Unibertsitateko Scott Polar Research Institute ospetsuan. Portland-Oregonen hazi zen, AEB eta Kanada mendebaldeko mendietan eskalatzen eta eskiatzen. Erresuma Batura lekualdatu zenetik, sarritan eskalatu du Britainiar Uharteetako mendietan, baita eskiatzen ibili ere Svalbard eta Alpeetako mendietan barrena. Ibairekin batera, izotz-bide berri bat eskalatu zuen Himalaiatako Langtang Himal haranean. 2014ko negu australean (Hegoaldeko hemisferioan), Aguilera sumendira igo zen lehenengo aldiz, Camilo Rada-rekin eta Uncharted taldeko gainontzekoekin batera. Aguilera Patagonia hegoaldeko Izotz Eremuan dago.
Eñaut Izagirre (Elgoibar, Euskadi), gurasoekin munduko hainbat menditatik bidaiatu ondoren, azken urteotan asko ibili da mendi-eskian Pirinioetan, Alpeetan eta Norvegian barrena. 2013tik, Punta Arenasen bizi izan da (Txileko Patagonia) eta, bertan, Glaziologia master-ikasketak egiteaz gain, Magallanes Unibertsitatean lanean aritu da. Hamabi bat espediziotan parte hartu du, Patagonia australeko fiordo eta mendietan nabigazio-lanetan, piraguan eta mendiak igotzen ibiltzen. Ondo ezagutzen du, halaber, Darwin mendi-katea. Aurtengo apirilean, espedizioko bere kideekin batera, Marinelli glaziar hurbileko gailur bat eskalatu du estreinakoz.
Argazkiak: Incógnita Patagonia
Irudi galeria
-
Incógnita Patagoniako taldea (Evan, Ibai eta Eñaut) kartografiatutako zonaldeetako batean, Cloue izotz zelaiaren oinaldean. -
Behaketa geomorfologikoak egiten, eboluzio glaziarraren mapa osatu ahal izateko. -
Oinarrizko kanpamendua Northanger belauntzian, Pia fiordoaren aldea, Darwin mendikatean. -
Ibai Rico Cloue izotz zelai ezezaguna esploratzen, Saia dorreranzko bidean. -
Caesar Schinas, Northanger belauntziko tripulatzailea, Incógnita Patagonia lagunduz ekimena estazio meteorologiko automatizatuak berreskuratu eta abian jartzen. -
Glaziarren eboluzio mapa.
