euskaraespañol

Redes sociales campusa

Elikagai baliabideen erabilera etikoa

Urban Elika taldeak lanean dihardu gure gizarteak elikagaiak arduraz, modu iraunkorragoan eta zuzenago erabil ditzan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/24

Urban Elika UPV/EHUko diziplina anitzeko ikertalde bat da, eta Gizarteari eta Elikadurari buruzko ikerketak egiten ditu. Besteak beste, Uda Eskola bat antolatzen du (Food Forum EHU), merkataritza zirkuitutik kanpo gelditzen diren elikagaiei etekina ateratzeko erronkari heltzeko.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikertzailek, elikagaiak osasunaren, iraunkortasunaren eta zuzenbidearen ikuspuntutik arduraz erabiltzen ez direlako kezkaturik, Urban Elika Elikadurari eta Gizarteari buruzko diziplina anitzeko ikertaldea sortu zuten. Formalki, Sortarazi Giza Garapenerako Elkarte Klaretarra GKEaren hitzarmen baten bidez sortu zen, pertsona guztiei hiri gizartean elikagai osasungarria eta nahikoa eskuratzea eragozten dieten oztopo instituzional, juridiko, sozioekonomiko eta teknikoak iraultzeko asmoz.

Ikertaldea kolaborazio gune bat da, eta taldekideek Eusko Jaurlaritzaren talde finkoetan eta askotariko lehia deialdietako proiektuetan ere jarduten dute halaber. Ikertaldeko kideak gizarte erakundeetakoak eta UPV/EHUko zazpi fakultatetakoak dira (Lan Harremanak eta Gizarte Langintza; Zientzia eta Teknologia; Irakasle Ikasketak; Farmazia; Gizarte eta Komunikazio Zientziak; Zuzenbidea; eta Ekonomia eta Enpresa Zientziak).

Urban Elikak hala oinarrizko ikerketa nola ikerketa aplikatua egiten du, eta eskolak ere ematen ditu. Horrez gain, gizarte erantzukizuneko jarduerak ere gauzatzen ditu; 2015ean, adibidez, "Anhelando un futuro sin despilfarro ni pobreza alimentaria (Envisioning)" biltzarra antolatu zuen, eta bost kontinenteetako adituak izan ziren, Annete Desmarais (Soberanía Alimentaria), Graham Riches (Derecho Humano al Alimento), José Esquinas Alcázar (FAOko Etika Batzordea) eta Luis González Vaqué (DG SANCO) tartean. Era berean, besteak beste Matematikako, Elikagaien Teknologiako, Gizarte Langintzako eta Zuzenbideko graduetako UPV/EHUko zenbait ikastegitako ikasleek Urban Elikaren lan lerroen barruan egiten dituzte GRALak edo MALak, eta, kasu gehienetan, zerbitzu zuzena ematen diete erakundeei, trukean dirurik jaso gabe. Irakaslan hori sustatzeko eta ezagutzak partekatzeko helburuz, Gizarte Konpromisoari bideratutako unibertsitate irakaskuntzako eta ikaskuntzako estrategiei buruzko biltzar bat antolatu zuen ikertaldeak, eta berrehun eta berrogeita hamar lagunetik gora bildu ziren.

Food Forum EHU eskola

UPV/EHUren Uda Ikastaroen egitarau ofizialaren barruan, Urban Elikak Food Forum EHU eskola antolatzen du. Eskola, "Elikagaien erabilera arduratsu, iraunkor eta bidezkoaren alde" lelopean, gai hauek jorratzeko egiten da urtero: norberak eta gizarteak elikagaiez egiten dugun erabilera; elikagaien xahubidea; elikagai pobrezia; dieta desegokiekin loturiko gaixotasunen gorakada; eta elikadura burujabetzaren eta elikagaiekin lotutako kultur aniztasunaren galera. "Uda Eskola hau unibertsitatearen eta gizartearen arteko topagunea da; bertan, hainbat zientzia esparrutako ikerketak, gizarteko kezkak, eta elikagaiak arduraz, iraunkortasunez eta zuzentasunez erabiltzea helburu duten enpresa, erakunde edo gizarte elkarteen estrategia eta esperientziak partekatzen dira", azaldu du Leire Escajedo San Epifaniok, Konstituzio Zuzenbidea eta Pentsamenduaren eta Mugimendu Sozial eta Politikoen Historia Saileko irakasleak eta ikertaldearen arduradunak.

Soberakinak, gaindikinak, alferrik galduak… Termino ugari erabiltzen ditugu oraindik ere bizitza baliagarria duten baina azkenean bota egiten diren elikagaiez hitz egiteko. FAOren datuen arabera, munduan ekoizten diren elikagaien ia erdiak kontsumitu aurretik galtzen dira.

EBren kasuan, pertsona bakoitzak 179 kilogramo elikagai galtzen ditu urtean. Horregatik, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik, eta kontuan hartuta elikagaiak ezinbestekoak direla gizakiontzat, arazoari aurre egiteko neurriak hartu behar dira lehenbailehen. Izan ere, bien bitartean, 79 milioi europar elikadura pobrezian bizi dira; inguru hurbilagoari dagokionez, Arartekoaren arabera, Euskal Herriko herritarren % 6,5 daude elikadura pobrezian.

Elikagaiak berriz banatzea, xahubideari eta pobreziari aurre egiteko

Elikagai galeren faktoreak eta testuinguruak askotarikoak dira, eta askotarikoak dira, halaber, elikagaien xahubideari erantzuteko moduak. Aurtengo ikastaroan alderdi oso zehatz bat landuko da: giza kontsumorako oraindik ere egokiak eta osasungarriak diren baina arrazoiren bat dela-eta merkataritza zirkuitutik at gelditzen diren elikagaien kasua. "Zenbait estrategia sortzen ari dira jatetxe edo jantoki kolektibo bateko sukaldean prestatu diren baina arrazoiren bat dela-eta egunean zerbitzatu ez diren elikagaiak berreskuratzeko, edota antzeko egoeran dauden beste elikagai galkor batzuk berreskuratzeko –okintza produktuak, adibidez–. Egitasmo horien xedea xahubidea murriztea da; horrez gain, gizarte erantzukizuneko egitasmo solidarioak ere badira, tupperrak, saskiak edo despentsa solidarioak bezala. Leioako Ostalaritza Eskolako unibertsitate jantokiak, kasurako, egunero-egunero sobera gelditu diren errazioak ematen dizkio Lagun Artean GKEari, eta beste errazio batzuk ere eskaintzen dira jantokiaren sarreran dagoen hozkailu solidarioaren bidez", adierazi du Esther Rebatok, Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakasleak.

"Bestalde, lankidetza estuan dihardugu ZUGAZ jantoki sozialarekin ere; hark sobera gelditu zaizkion jakiak banatzen ditu Gasteizen. Konturatu gara jende dezentek duela halako neurriak hartzeko asmoa; askotan, baina, asmo hori atzean gelditzen da, izan lege aldeko zalantzak daudelako, izan berreskuratze sare bat logistikaren edo higiene eta osasunaren ikuspuntutik nola antolatu ez dakigulako. Hortik sortu zitzaigun zalantza horiek ikastaro baten bidez argitzeko nahia", esan du María Merinok, Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko irakasleak.

Hain zuzen ere, horixe izango da Food Forum 2016ko gai nagusia. Bertan izango dira, besteak beste, Sortarazi, Berakah, Arabako Elikagai Bankua, AECOC, Elikagai Segurtasuneko Kataluniako Agentzia eta Eusko Jaurlaritza. "Hainbat arlotako adituak etorriko dira ikastarora, eta guztiek erantzun zehatza –teorikoa eta praktikoa– emango diete elikagai soberakinak aprobetxatzeko moduaren inguruko alderdi guztiei. Akademiako, industriako, erakunde publikoetako eta gizarte erakundeetako kideak bertara daitezke, baita elikagai baliabideak modu etikoagoan erabiltzen lagundu nahi duten herritarrak ere", esan du Helsinkiko Unibertsitateko eta UPV/EHUko Alice Jelenkovic ikertzaileak, bukatzeko.

 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.