Victor García San Inocencio Puerto Ricoko Ordezkarien Ganberako kide izan zen PIP Puerto Ricoko Alderdi Independentistaren aldetik, eta, bere ibilbideagatik, ondo ezagutzen ditu estatuaren mekanismoak. Orain dela gutxi, "Parlamentarismo y Neoliberalismo: repensar el control legislativo en el Estado-Mercado desde la realidad legislativa puertorriqueña" izeneko tesia defendatu du; Francisco Javier Caballero Harriet irakaslea izan da zuzendaria, Zuzenbide Fakultateko katedraduna eta Zuzenbidean doktorea.
«Herritarrak erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzera bultzatu behar dira»
Doktorego tesi batek 'berriz herritartzea' proposatu du; hots, herritarrak benetako subjektu politiko bihurtzen dituen prozesua
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/06/28
Tesian, Victor García San Inocenciok herritarren parte hartzea handituko duten legegintza mekanismo berriak sortzearen alde egin du, merkatuak mendean duen gizarte honetan legegintza gehiago kontrola dadin.
"Oro har, herritarrek ez dute parte hartzen parlamentuko jardunean –azaldu du Victor García San Inocencio legegile ohiak–. Izan ere, estatu mota berri bat sortu da, estatu-merkatua, eta beste herritar mota bat ere bai, herritar despolitizatua; hau da, herritar desherritartua, kontsumitzaile bihurtua, giza kapitalaren barruan zenbaki bat dena. Legegintza zuzenbidea gero eta gehiago dago merkatuak sortzen dituen arauen baldintzapean eta merkatu horren logika materialaren zerbitzura".
Victor García San Inocencioren hitzetan, herritarrak "eduki politikoaz hustutako kategoria bat dira gaur egun; haientzat, partaidetza gehiago da zerbait estetikoa, eduki politiko erreala duen elementu bat baino". Hori kusirik, Zuzenbideko doktore berriak ikerlanean planteatu du ea botere legegilea oraindik ere izan daitekeen lehiaketa publikoaren, iritziaren, elkarrizketaren eta eztabaidaren gune nagusia. "Neure buruari frogatu nahi diot estrategia erradikal bati jarraitu eta parlamentuak berriz demokratizatuz bridak jar dakizkiokeela monarka berriari, hots, Merkatuari". Alde horretatik, "Legeria eta Programak Betetzeko Ikuskaritza" sistema bat erabiltzea proposatzen du, aurrekontuaren modukoa, onartu den politika publikoa bete eta behar bezala zuzentzen dela bermatzeko; izan ere, legeak eta araudiak dira politika publikoaren tresna ordezkaezinak.
Victor García San Inocenciok proposatzen duen ereduan, "estatuak, legegintzak eta gizarte zibilak gai izan behar dute sinergiaz aritzeko eta herritarrak prestatzeko eraldaketetan esku hartzeko, herritarrek garapen soziala, kulturala, espirituala eta morala izan dezaten benetako subjektu politiko bihurtzeko". Horri dagokionez, dei egiten du herritarrek administrazioaren arloko erabakiak hartzen parte har dezaten; horretarako, "gardentasuna, kontuak ematea, erantzukizuna eta informazioaren kultura sustatzeko mekanismoak sortu behar dira, informazioa herritarren begi bistan egon dadin".
Hala, azterlanaren egileak, herritarrek parte hartzeko mekanismoen artean, hauek proposatzen ditu: "herritarren epaimahaien sistema bat, administrazioko esleipenetarako; herritarren talde legegile bat, gobernu idazkarien eta agentziaburuen aldian behingo txostenak hartzeko; gobernuko informazio eta agirietarako sarbidea eskatzaile guztientzat; informazio hori ekoizteko, agirietan jasotzeko eta entregatzeko prozedura irekia; eta informazio publikoaren defendatzailearen figura".
Garcíak Puerto Ricoko kasua aipatu du azterlanean; horrez gain, "tesian sakon hausnartu dut Euskadiri buruz, eta intelektualki eskerrak eman beharrean nago Ibarretxek zuzenduriko proiektuari", esan du, bukatzeko.
Egilea
Victor García San Inocencio Puerto Ricoko San Juan hiriko Santurce auzoan jaio zen, 1958. urtean. Gizarte Zientzietako Batxilergoa egin zuen Puerto Ricoko Unibertsitatean, eta juris doctor izan zen hango Zuzenbide Fakultatean. Puerto Ricoko Abokatu Elkargoaren Aldizkariko Argitalpen Batzarreko kide izan zen, eta Puerto Ricoko Giza Eskubideen Institutuko lankide. Ondoren, PIP Puerto Ricoko Alderdi Independentistari batu zitzaion, eta Washingtonen Puerto Ricoko komisario egoiliar izateko hautagai izan zen 1992an. Era berean, PIPen Gutxiengoaren bozeramaile izan zen hamabi urtez. 1996an, Puerto Ricoko Ordezkarien Ganberan sartu zen, eta kargu horretan egon zen hurrengo bi legealdietan. Bestalde, PIPen Legegintza Kontuen eta Komunikazioen idazkari izan zen 2009. urtera arte.
Fotos: UPV/EHU