In memoriam: José María Arrieta Albizu
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2016/07/19
Jose Maria Arrieta Albizu 1961eko azaroaren 27an Beasainen jaio zen, eta bertan gauzatu zituen bere lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta batxillergoko ikasketak. Donostian Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan Ingeniaritza Elektronikoko ikasketak amaitu zituelarik 1985eko martxoaren 7an.
1986ko urriaren 10ean, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Eibarko Industria Ingeniaritza Unibertsitate Teknikoko Eskolan, Ingeniaritza Elektrikoko sailean, irakasle gisa lanean hasi zen; 1994ko urriaren 1ean, lanpostuaren titulartasuna lortu zuen. 2000/2001 ikasturtetik Eskolako Idazkaria izan zen.
Arrieta irakasleak, Ingeniaritza Elektrikoarekin zerikusia zuten nazioarteko eta nazional mailako hainbat biltzarretan parte hartu zuen, hala nola, irakaskuntza eta arlo horietako berrikuntzetan. Ikerkuntza eta irakaskuntzako hainbat argitalpenen jabe da. Gazteleraz irakasten zuten bere lankideen hainbat publikazio ere euskaratu zituen. Langile nekaezina eta euskalzale amorratua izanik, euskararekin lotura zuten eskolako ekintza-akademiko, Euskara Batzordea, Bertsolaritza, Ika Mizka, Euskararen Txantxangorria, Euskararen eguna etab. ekintzen buru izan zen.
Irakaskuntza mailan buru-belarri lan egin zuenez, ikasleen artean maitatua eta irakasle errespetatua izan zen, beti jakinarazi ziotelarik beraien esker ona eta miresmena.
'Txema' ezagutu eta elkarrekin lan egiteko aukera izan dugunok, berarekiko esker oneko hitzak besterik ez dauzkagu. Lagunen lagun izan da beti, diskretua, bere laguntza izan dugularik behar izan dugunean. Natura eta kirol zalea, mendizalea, kirol-ekintza askotan parte hartu zuen. Eta gozamen horren guztiaren islada, honekin batera doan argazkian, Mendi Harritsuetan egindako ibilbidea.
Ikasle eta langile guztion partetik, gure estimua eta esker ona helarazi nahiko genioke bere senitarteko guztiei.
Plazer bat izan da zurekin lan egitea! Besarkada bero bat, Txema!
Agur eta ohore,
José Ignacio San Martín Díaz
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko Ataleko koordinatzailea