euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

'Pelota II' Donostiako Zinemaldian emango dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/01

Jørgen Lethek eta Olatz González Abrisketak zuzenduriko 'Pelota II' dokumentala, 2015ean estreinatua, Donostiako Zinemaldiko ZINEMIRA atalean emango dute, lehiaketatik kanpo. Dokumentalak euskal pilotaren beste ikuspegi bat jorratzen du. Hain zuzen ere, euskal antropologoak muturreraino eraman ditu etnografiaren xehetasunak Lethen zineman: sekuentziak ahalik eta gehiena luzatu ditu, eta, horrela, ikusleak jokoaren unibertso intimoan barneratuko dira, piloten eta protagonisten banakotasunean.

Jørgen Lethek 60ko urteen amaieran ikusi zuen lehenengoz euskal pilotako partida bat, eta 1983an 'Pelota' filmatu zuen, pilotalekuen eta pilotarien munduari buruzko dokumental ospetsua, besteak beste ZINEBI jaialdian saritua. Handik 30 urtera, zinemagile daniarra Euskal Herrira itzuli zen pilota jokoari buruzko beste dokumental bat grabatzeko Olatz González Abrisketa Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko antropologoarekin batera (gidoiaren egilea da hura ere).

González Abrisketa (Bilbo, 1973) UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea da. 2005ean 'Pelota Vasca: un ritual, una estética' liburua kaleratu zuen, eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak ingelesez argitaratu zuen lana 2012an. 2013an, gainera, AIBR Antropologia Iberoamerikarrari buruzko artikulu onenaren I. saria eman zioten 'Cuerpos desplazados: Género, deporte, y protagonismo cultural en la plaza vasca' lanagatik.

Bestalde, ikus-entzunezkoak ekoizten ere aritu da. 2007an, bere aurreneko dokumental luzea ekoitzi zuen, 'Jørgen Leth on Haiti' (52'); Danish Film Institutek editatu zuen 2010ean, eta zinema etnografikoaren inguruko Europako zenbait jaialditan eman dute. Ikus-entzunezkoei dagokienez, aipatzekoa da 'Carmen' (2011) ere: Amerikako Antropologia Elkartearen (AAA) Society for Visual Anthropology jaialdiko film laburrik onenaren saria lortu zuen.