euskaraespañol

Redes sociales campusa

Balioetan heztea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/02

‘Ongi etorri errefuxiatuak. Educando para la acogida' jardunaldi zientifikoa egin da Donostiako UPV/EHUko Psikologia Fakultatean. Arloko zenbait aditu ekitaldian parte hartu dute. Euskal Herriko Unibertsitateak, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordearen bidez, eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin. Ekitaldian, gainera, parte hartu dute Hassana Aalia, errefuxiatu politiko sahararrak eta Yahia Koddo, errefuxiatu siriar eta doktoregaiak UPV/EHUn. Jardunaldi zientifikoa amaitu da Gemma Urteaga bertsolariaren bertsoekin.

Jardunaldian zehar Cristina Martínez, Leire Ciriquiar, Martin Torres eta Leire Izagirre ikasleek hartu dute parte, eta ‘Ongi etorri errefuxiatuak' erakusketa ibiltarira egindako bisitaldi gidatuen talde ebaluazioaren emaitzak ezagutarazi dituzte. Duela gutxi egin da ebaluazio hori UPV/EHUn eta 300 ikaslek baino gehiagok hartu dute bertan parte. Ikasleek autokudeatutako jarduera honen ebaluazioaren datuak Psikologiako ikasle Janire Arroyok ezagutarazi ditu Ikasiker lankidetza beka baten bidez, eta UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Metodologiako irakasle eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kide Ainara Arnosok.

Emaitza horiek berresten dutenez, jarduera honetan parte hartu duten ikasleek, hura amaitutakoan, jarrera positiboagoak eta enpatia erakusten dituzte pertsona errefuxiatuekin, eta gainera elkartasunezko eta giza eskubideekin konpromisozko balioak indartu dituzte.

Guztira Psikologiako, Zuzenbideko, Kriminologiako eta Ingeniaritzako 18 ikaslek hartu zuten parte gidari gisa erakusketara egindako bisitaldietan, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako profesionalekin aurrez prestakuntza tailer bat eginda. Erakusketa 17 eta 58 urte arteko 316 ikaslek bisitatu zuten, gehienak emakumeak (% 74,4), eta Psikologiako (% 53,2), Kriminologiako (% 36,6) eta Zuzenbide (% 10,2) gradukoak.

"Erakusketak –azaldu du Maitane Arnoso irakasleak– unibertsitateko kideek pertsona errefuxiatuen errealitateari buruz duten ezagutza zabaldu nahi du: haien egoera, premiak eta Europako, estatuko eta erkidegoetako administrazioen erantzuna krisi humanitarioaren eta haien harreraren kudeaketari buruz. Biktimizazio inklusiboko kontzientzia bat sustatzea, balio prosozialak adoretu eta pertsona errefuxiatuen eta asiloa eskatzen dutenen aurka talde arteko etsaitasuna murriztuko duena. Eta elkartasunezko eta justiziazko balioak indartzea, pertsona errefuxiatuak iristean ezinbestean sor daitezkeen aurreiritziei aurre egiteko eta horrekin arrazismoaren eta xenofobiaren hazleku den humusaren aurka borrokatzeko".

Elkarrizketatutako unibertsitate biztanleriatik jasotako informaziotik, ideia nabarmenenetako batzuk dira ikasleek Europako errefuxiatuen krisiaren arduradun gorentzat jotzen dituztela gerrak eta gatazkak eta, gero, pobrezia, estatu islamikoa, mendebaldeko potentziak eta arma merkatua. Era berean, haien ustez, pobreziatik ihes egitea gerra bezain kausa erdiragarria da, eta etorkin ekonomikoek eta errefuxiatuek tratu bera jaso behar lukete nazioarteko arauen aldetik eta eskubide berak izan. "Parte hartu duten ikasleen beste ideia bat da –azpimarratu du Arnoso irakasleak– Europara iristen ari diren errefuxiatu taldeen artean musulman, emakume eta haurren ehunekoa nabarmentzen direla. Errefuxiatuak sartzeak gizarte europarretan arrazismoa eta xenofobia gehituko duela ere kezkagarria zaie. Gogoratutako emozioen artean nabarmentzen dira pena eta errukia, baita sinpatia eta mirespena ere. Bestetik, gaur egun herrialdera iristen ari diren pertsona errefuxiatuekin elkar eragitean, seguru eta fidakor daudela ziurtatzen dute". Halaber, hartu behar liratekeen neurrien artean, garrantziaren arabera, hauek nabarmentzen dira: haur errefuxiatuak eskolaratzea; gerrak izaten diren herrialdeen arma merkatua eta salmenta kontrolatzea; biztanleria errefuxiatua hartzeko gizarteratze politikak sustatzea, eta errefuxiatuei osasun laguntza unibertsala ematea. Unibertsitateko kideen nortasun europarrari dagokionez, emaitzek ertain/baxu datua ematen dute. "Batez besteko puntuazioak ebakidura puntuaren gainetik egongo lirateke europar sentitzeari dagokionez, baina nortasun  europarra eta  europar izateaz harro egotea ez dira hain garrantzitsuak", amaitu du.

‘Ongi etorri errefuxiatuak' erakusketa Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egindako ekimen bat da, UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko Errektoreordetzaren deialdiaren barruan. Horren bidez laguntzak bideratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan errefuxiatutako pertsonen arretarako ekintzen ondorioz sortutako aparteko premiak asetzeko. Erakusketak ikusgai egiten ditu egungo krisiaren kausak; giza lekualdatzeen eta egungo lekualdatzeen historia eta jatorrizko lekuak eta egungo kokalekua; pertsona errefuxiatu eta immigratzaileen arteko dikotomia; tokiko, nazioko eta Europako historiarako begirada, eta haren jitoa nazioarteko legerian; egungo politika ofizial europarraren dilemak; politika alternatiboak garatzea eskatu duten ahots kritikoak, eta aurreiritziak gaitzestea eta konpromiso pertsonalera dei egitea.

Argazkia: UPV/EHU