-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Agustin Arrieta Urtizberea
Fikzioa, ezagutza eta zentsura
UPV/EHUko filosofia irakaslea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2017/02/09
Sabin Etxabegureni, in memoriam
Gizakia hainbat jardueratan abiatzen da ezagutza lortu nahian. Esaterako, jarduera zientifikoak aukera ematen digu inguruari buruzko edo gure buruari buruzko ezagutza eskuratzeko. Halaber, zenbaitetan esaten da arteak, literaturak edo fikzioak ere ezagutza ematen digutela. Lerrootan fikzioaz eta ezagutzaz arduratuko naiz.
Badaude pentsalariak fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko muga lausotu edo ezerezean utzi nahi dutenak. Zenbait arrazoi mota eman dira lausotze hori justifikatze aldera. Adibidez, Hayden White pentsalari postmodernoaren lan honen izenburuak lausotze-nahi horren isla argia ematen du: ‘Historia-testua literatura-artefaktu gisa'. Nik, ordea, fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko bereizketari garrantzitsua deritzot, bereizketa hori emankorra baita, argia ematen baitu. Labur esanda, fikzioak eta ez-fikzioak joko-erregela desberdinei jarraitzen diete. Ez-fikzioaren ezaugarri ezinbestekoa da balio epistemikoei kasu egitea. Har dezagun aintzat historiaren eta istorioaren arteko bereizketa. Lehenengoaren kasuan, ez-fikzioaren kasuan, historialaria saiatzen da objektiboa izaten (aurreiritziak saihesten), edo ebidentzia berrien aurrean bere kontakizuna aldatu beharra dauka. Objektibotasuna eta ebidentziei zor zaien begirunea, besteak beste, balio epistemikoak dira. Antzekorik ez da gertatzen istorioaren kasuan, fikzioaren kasuan. Horregatik, oso desberdin jokatzen dugu fikzioa eta ez-fikzioa ebaluatzen edo kritikatzen ditugunean. Dena den, zalantzazko kasuak beti daude. Non kokatuko genuke Truman Capote-ren ‘Odol hotzean', fikzioan edo ez-fikzioan? Non kokatuko genuke Seamus Deane-ren ‘Reading in the Dark', jakinaren gainean egonda egileak bere autobiografia eleberri gisa argitaratu zuela? Uste dut galdera horien erantzuna bideratu daitekeela aipatu ditudan ideiak erabiliz.
Nola definituko genuke fikzioa? Fikzioa objektu sorta batek osatzen du, baldin eta sorta hori hartzailearengan imajinazio-ariketa pizteko intentzioarekin sortua izan bada. Objektu horiek izan daitezke, besteak beste, hizkuntza-objektuak (hitzak, perpausak,...), irudiak edo musika-tresnek sortutako hotsak.
Fikzioaren ezaugarririk berezkoena, hain zuzen ere, hartzailearengan pizten duen imajinazio-ariketa hori da. Esaterako, fikziozko pelikula batek eramaten nau zenbait gertakari imajinatzera. Imajinatze-ariketa horri lotuta, gainera, hartzailearengan hainbat emozio edo sentimendu ere piztu daitezke. Dokumental batek edo ez-fikziozko pelikula batek, ordea, eramaten nau zenbait gertakari, imajinatzera baino, uste izatera edo sinestera. Egun, eztabaida handiak daude imajinatzearen eta uste izatearen arteko aldeak eta harremanak zehaztu nahi direnean. Pentsalari askoren arabera, imajinatzearen eta uste izatearen arteko bereizgarririk nagusiena da lehenengoa deskonektaturik dagoela norberaren ekintzak kudeatzen dituen modulutik. Neurri handi batean, fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko bereizketa imajinatze eta uste izate egoera psikologikoen arteko bereizketan oinarritu nahi da.
Imajinatze-ariketa horretatik harantzago, hasieran esan bezala, defendatu da fikzioak, kasu batzuetan behintzat, ezagutza eman diezagukeela. Nolako ezagutza eman dezake fikzioak? Orokorrean, bi ezagutza mota bereizten dira.
Batetik, ezagutza zentzu teoriko batean ulertzen da: fikzioak eman al dezake ez-fikzioak (narrazio zientifikoak, adibidez) eman dezakeen ezagutza teorikoa? Pentsalari batzuen arabera, fikzioaren eta hartzailearen arteko harremana adituaren eta ikaslearen arteko harremanaren antzekoa da, hau da, fikzioak heziketa zientifikoaren ereduari (edo horren antzekoari) jarraitzen dio: berritzat har daitekeen ezagutza sustatzeko edo justifikatzeko gauza da fikzioa. Ikuskera horri aurre egin zaio fikzioak susta dezakeen (ustezko) ezagutza eskuarki oso arrunta dela edo jada hartzailearen esku dagoela argudiatuz. Fikzioak balio dezake jada daukagun ezagutza ilustratzeko, irudikatzeko edo, kasurik onenean, fintzeko. Gainera, fikzioak (narrazio zientifikoak ez bezala) interpretazio asko onartzen ditu, eta, horregatik, ezin da ziurtasun handiz zehaztu zein den fikzioak garraiatzen duen tesia (mezua, ezagutza).
Bestetik, ezagutza zentzu praktiko edo moral batean ulertzen da. Martha Nussbaum pentsalariak justifikatu nahi izan du fikzioaren garrantzia hezkuntza moralean. Fikzioak gure burua testuinguru ez-ohikoetan kokatzeko (imajinatzeko) aukera ematen digu, eta bide horretatik gure intuizio, emozio edo sentimendu moralak jorra ditzakegu, landu ditzakegu. Bide horretatik ezagutza morala eskura dezakegu. Pentsalari batzuen ustez, fikzioak fikziozko pertsonaiekin identifikatzeko aukera ematen dio hartzaileari, hau da, ezagutza morala eskuratzeari begira, identifikazioa da mekanismo psikologikoa. Egun, eztabaidatzen da ea zeintzuk diren mekanismo psikologiko horiek eta ea hartzaileak, mekanismoa edozein dela, ezagutza morala eskuratzen duen. Eskuratuko balu, Platonek arrazoia izango luke fikzioarekin kontuz ibili behar zela zioenean (egiatan, Platonek poetak hiritik desterratu nahi zituen); izan ere, fikzioa arma arriskutsua bilaka daiteke.
Fikzio batzuen (ustezko) edukia dela-eta, ez gutxitan zentsura-mezuak entzuten dira, eskuineko edo ezkerreko haizeek dakartzatenak. Zentsura uler daiteke nolabaiteko zigor gisa (protestak, salaketak, atentatuak, jazarpenak, kartzelaratzeak, isunak,…) edo, modu samurragoan, kritika huts gisa. Zenbaitetan, zentsura-mezu horien baitan onartzen da fikzioak ezagutza (teoriko edo praktiko) arriskutsua (ustezko ezagutza faltsua delako edo politiko-moralki zuzena ez delako) oinarritu, sustatu edo jendartean hedatu dezakeela. Baina, ikusi bezala, onarpen hori eztabaidagarria edo zalantzazkoa izan daiteke.
Ezagutza eman edo ez, fikzioak, berezko duen imajinatze-ariketaren eskutik, gure adimena, irudimena eta sentimena kitzikatzen edo xaxatzen ditu. Arrazoi hori nahikoa da fikzio onak aukeratzeko eta haietan murgiltzeko.
Argazkiak: Nagore Iraola. UPV/EHU.