Arkitektura beste modu batzuetan pentsatu, marraztu eta eraikitzea proposatzen du UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle Ula Iruretagoienak, bere azterlanean, eraikinen bizitza erabilgarria luzatzeko prest dagoen arkitektura bat egiteko helburuarekin.
Testuinguru aldakor eta ezezagun baten aurrean egokitzeko gaitasuna duen arkitektura
UPV/EHUren azterlan batek esperientziaren alde posizionatu du arkitektura, espazioei eman ohi zaien funtzionalitatea ordeztuz
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2017/03/31
Arkitektura historiko zein garaikidearen oinarriak aldatzea proposatzen du UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle Ula Iruretagoienak. Gaur egungo gizartean aldaketak oso azkar gertatzen dira, eta horrek eragin du pentsamoldearen norabide-aldaketa hori. "Gertakari erabat berria da hori; gizateriaren historian ez da sekula horrenbeste aldaketa sozioekonomiko gertatu hain denbora laburrean", adierazi du Iruretagoienak. Gaur egungo gizartearen aldaketa-abiaduran oinarrituta, ikertzaileak uste du "beharrezkoa dela arkitekturari beste ikuspegi batetik heltzea".
Arkitektoaren iritziz, "orain arte, arkitektura-proiektuak objektu funtzional gisa pentsatu izan dira; alegia, iragarpenaren eta aurrea hartzearen logika erabili izan da", baina Iruretagoienak proposatzen du "arkitektura-proiektuarekiko hurbilketa hori ordezkatzea", gizartea menderatzen duen ziurgabetasunaren gako garaikideekin hobeto egokitu dadin. Hala, arkitektoak iradokitzen du oinarria ez izatea orain arte jaun eta jabe izan den funtzionalitate hori, "baizik eta espazioak eraikitzea halako eran non tokiko bizipenen eta esperientziaren arabera erabakiko baita eremu bat nola erabili, arkitektoak berak hartutako erabaki bat izan beharrean". Egileak azaltzen duenez, "denboraren joanak eta erabiltzaileek interpretatzeko moduko espazioak egin beharko genituzke. Interpretazio-aberastasun horri esker bermatuko dugu arkitektura zaharkituta ez geratzea denbora-epe labur batean". Azterlanaren egilearen arabera, "arkitekturaren funtsezko parametro gisa pertsonen subjektibitate pertzeptiboa aintzat hartzean, halako ziurgabetasun-maila bat sartzen da arkitekturaren pentsamenduan: azken batean, espazio baten erabilera lotuta dago gizakiak bere bizitokia ulertzeko duen moduarekin, eta ulerkera horren arabera, zeina erabat koiunturala eta kulturala baita, eraldatzen edo aldatzen da espazio baten erabilera. Gizakiak espazioarekiko duen pertzepzioaren arabera aldatuko da haren erabilera".
Iraunkortasun erresilientea eraikinen bizitzan
Iruretagoienak, bere argudioak lantzeko, mundu mailan izen handia daukaten bi arkitekto hauen lanak aztertu ditu: Mies van der Rohe eta Junya Ishigami. Arkitektoak dionez, "erresiliente irauteko modu bat eragiten duen arkitektura-proiektuarekiko hurbilpen bat uzten dute agerian bi arkitekto hauen jarrerek: egintza fisikoak iraun egiten du, eta haren interpretazio aldagarriari esker, denboraren bilakaeraren eta arkitektura hautematen duen gorputzaren araberakoa izatera itzultzen da arkitektura". Proiektuaren oinarritzat egitura arkitektonikoa hartzen duen arkitektura gauzatzea proposatzen du, "horixe baita denborarekin iraungo duena". "Nire ustez, ustekabeko egoeren arabera egokitzeko moduan eraiki behar da arkitektura, egoera kontrolatuak eraiki beharrean. Horretarako, eraikin baten edo ingurune eraiki baten egitura funtsezko alderdi bihurtzen da. Oinarrizkoa da antolamendu espazial batek edo egitura batek espazioa antolatzeko eta korritzeko hainbat modu iradokitzea, baita elkarren artean kontraesankorrak diren egoerak irudikatzea ere. Espazioa bizi duenak erabaki beharko du, bere irakurketa pertsonalaren arabera, zein espazio-antolamendu egokitzen den bere interesetara. Egoiliarrak interpretatzeko duen gaitasuna ez dago proiektugilearen kontrolpean. Baldin eta ikasiko bagenu espazioak halako ustekabeko aldagai ezezagunekin pentsatzen, proposamen arkitektonikoek denborarekin irauteko gaitasuna hartuko lukete, eta zaharkitze funtzionala gaindituko", ondorioztatu du Iruretagoienak.
Informazio osagarria
Azterlana Ula Iruretagoiena Busturia (Bilbo, 1979) UPV/EHUko arkitektoaren doktore-tesian gauzatu da. Tesiaren izenburua Proyectar la incertidumbre. Permanencia resiliente en la vida de los edificios da, eta Laura Martínez de Guereñuk zuzendu du.
