-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
In memoriam: Agustin Echevarria Echave
Duela gutxi Agustin Echevarria Echave hil zen, UPV/EHUko Gizarte Psikologiako katedraduna eta Psikologia Fakultateko dekano ohia
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2017/04/04
Gogoan dut goizeko kafea hartzen ari ginen batean nola esan zuen Agusek, TMTri buruz egiten ari ginen ikerketa baten harira: "Konturatzen zara zeinen lasai erantzuten dieten subjektu esperimentalek euren heriotzaren deskripzioari? Badirudi lasai-lasai egoten direla heriotzaren barruan eta izu-ikarak jota, berriz, heriotzatik kanpo".
Ez da lan makala Agusen heriotza goiztiarrak gogora ekartzen dizkidan oroitzapen biziak adieraztea, eta are gutxiago 3 astean egin duen borroka horretan haren ondoan –neurri batean kanpotik, baina funtsean barrutik– egon garenontzat. Bizkor-bizkor aritu da borroka horretan, beti aritu izan den bezala.
Gogoan dut unibertsitateko karrerari ekin genion garaia abiadura eta hazkuntza izugarrikoa izan zela Psikologiako titulazioa Zorroagan 1985ean bukatu zuen belaunaldi harentzat. Bolognako EAESPen Summer Schooletik igaro ostean hasi zuen irakasle eta ikertzaile ibilbidea Agustinek, hala karreran nola Bolognako egonaldian garatu zuen izaera kritiko psikosozialarekin. Unibertsitateko lanean oso aintzat hartu zuen EAESPek Ipar Amerikako gizarte psikologia nagusiari garai hartan egiten zion kritika (gizartea indibidualizatzen eta indibualtasuna sozializatzen du) (kritika horrek, gainera, garrantzia berreskuratu du gaur egun, gizarte psikologiaren egungo joera nagusia ikusita). Hurrengo urterako doktore ginen, handik bi urtera titular, eta seiurteko baten ondoren katedradun; dena dela, batzuok hirurteko bat gehiago egin beharko genukeen agian. Agus bizkor-bizkor zebilen hamarkada liluragarri hartan.
Oroitzapen batzuk antolatze aldera, Eibarko Agustinekin has gintezke. Deba ibarreko Agustinen belaunaldiak gogoan du goizeko lana bukatutzat emateko 12:00etan jotzen zuen sirena hura. Kaleak tailerretik etxera oinez zihoazen lan jantzi urdineko beharginez betetzen ziren, "Novecento" pelikulan bezala. Gerora, Agustinek bere egin zuen lanerako gogo hura. Garai hartan gogoko zuen gitarra jotzea, hainbeste, ezen orain ez asko komentatu baitzuen horixe izango zuela zaletasun nagusi erretiratu ostean, hau da, pare bat urteren buruan.
Donostiako Agustin. Agustin irakurle nekaezina izan zen, ingelesezkoa batik bat, eta literaturako oinarrizko obra guztiak leitu zituen.
Irakasle funtzionario izan zen urteetan lor zitzakeen seiurteko guztiak eskuratu zituen, eta gehieneko mugara heldu zen: azken seiurtekoa ospitaleratu baino egun batzuk lehenago bidali zuen.
Oso buruargia zen, eta, horri esker, ezin konta ahala irakurgai bereganatu eta metabolizatzen zituen. Haietan oinarrituta, irakasle eta ikertzaile lanaren errealitateari eta unibertsitateko errealitateari buruzko analisi zorrotzak egiten zituen.
Prozesu psikosozialen gaineko hainbat ikerlan argitaratu zituen zientzia aldizkarietan, eta ekarpen teoriko nabarmenak egin zituen argitalpen aitzindarietan ere. Besteak beste gai hauek landu zituen bere liburuetan: irudikapen sozialak; emozioen dimentsio psikosoziala; identifikazio sozialaren eta sekten azterketa; osasunaren eta hiesaren prozesuak; aurreiritziak, arrazakeria eta xenofobia; izuaren kudeaketa…
Azkenik, azken asteetako Agustin dugu. Txalotzekoa da azken asteetan erakutsi zuen adorea, bizitzeko borroka horretan agertu zuen duintasun izugarria.
Ospitaleratu ondorengo lehen bisitaldian, "zer moduz, Agustin?" galdetu genion, eta hauxe erantzun zigun: "Hau da putakeria, ‘andre segaduna' etorri zait bisitan". Kontatu zuen zeinen mokofina zen ardoekin, eta, gutxi gelditzen zaiola jakitun, zera esan zigun agurtzean: "Zuek ospatuko duzue ardoarekin". Eta guk bizitzaren alde topa egiteko baimentzat hartu genuen hori. Azken asteotan ikusi dugu Agustin bizizaleena.
Ematen du urrats bat egin duela heriotzaren barnera, bere subjektu esperimentalak lasai-lasai egon ohi ziren toki horretara. Kasualitatea izango ote da EJSPn kaleratutako azken ikerketa artikulua gai horri buruzkoa izatea?
Goian Bego.
José F. Valencia, UPV/EHUko Gizarte Psikologiako katedraduna
Juan José Arrozpide, UPV/EHUko Gizarte Psikologiako titularra