euskaraespañol

Redes sociales campusa

Igor Minteguia Arregui

Kultura anitzeko gizartea kudeatzearen erronkak

Zuzenbide Fakultatearen Bizkaiko Ataleko irakasle agregatua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/06

XXI. mendeko gizarteen kulturaniztasuna zalantza gabeko errealitate bat da. Azken hamarkadetan migrazio mugimenduek izan duten hazkundeak guztiz aldatu ditu gure gizarte homogeneo tradizionalak, eta, honekin, botere publikoek aurre egin beharreko zenbait arazo berri planteatu dira.

Gure gizartean aurkitzen diren gutxiengoek beren desberdintasunerako eskubidea aldarrikatzen dute, eta beren nortasun kulturala mantentzea da beren helburu legitimoa. Horren aurrean, ultra-eskuineko mugimendu populistek sustatu dituzten aurreiritzi sozialak pairatu behar dituzte pertsona talde horiek; izatez,  ultra-eskuineko mugimendu populista horiek krisi ekonomikoa eta nazioarteko terrorismoa moduko faktoreak beren interesetarako instrumentalizatu dituzte. Horretaz gain, ordenamendu juridikoek sortutako diskriminazioen biktima ere dira. Kasu askotan, printzipioz horrelako helbururik ez duten arauek praktikan zeharkako efektu diskriminatzaileak izango dituzte gutxiengoekiko, talde horien partaideen kontzientzia askatasunaren egikaritza oztopatuz. Arau horiek derrigortzen edo debekatzen dutena, gutxiengoen partaideen konbikzioen ikuspegitik debekatua edo derrigortua egon daiteke. Xedapen horien nahia ez da horrelako liskarrak sortzea, baina praktikan efektu hori izan dezakete. Adibidez, asteroko atsedenaldi data aipatu dezakegu, tradizioz igandea da mendebaldeko herrietan, musulmanen atseden eguna ostirala izanik eta judutarren kasuan, larunbata. Lan arloan edo hezkuntzan bestelako arazoak gerta daitezke janzkera dela eta. Burua estalia eramatea debekatzen duten barne erregelamenduak direla medio, islamiar beloa edo Sij-en turbantea erabiltzea galarazi daiteke. Hilobiratze baldintzak erregulatzen dituzten arauak ere aipa ditzakegu. Horiek zenbaitetan zerraldoak erabiltzearen obligazioa ezartzen dute osasun publikoaren babesaren izenean (adibidez Euskal Erkidego Autonomoko 202/2004 Dekretuak); aldiz, esate baterako, islamiar tradizioak hildakoa lurrarekin kontaktu zuzenean hilobiratu behar dela agintzen du… eta horrela jarrai genezake beste zenbait adibide aipatuz.

Botere publikoek, kultur anitzeko gizartearen bizikidetza bermatzeko, egoera berri horietan jokoan dauden interes desberdinak kontuan izan beharko dituzte irtenbide bat emateko orduan. Ordenu juridikoaren errespetuan eta gizartearen kohesioa bermatuz, gutxiengo horien integrazioa (ez nahastu asimilazioarekin) bultzatzea izan beharko dute helburu, talde horien partaideen oinarrizko eskubideak kontuan izanik. Oreka konplexua. Zentzu horretan, gure inguruko estatuetan hainbat formula aurkitzen dugu.

Batetik, Frantziako eredu errepublikarra aipatu behar dugu. Hemen, Estatuaren berdintasunaren eta neutraltasunaren printzipioak izango dira ardatza. Eremu publikoan integrazioa bultzatu nahian, zeinu identitarioak ezabatu nahiko dira, hiritarrak desberdindu ditzaketen aztarnak ekidinez. Berdintasunak, askatasun indibidualaren aldea, lehentasuna izango luke alor horretan. Zentzu horretan, adibidez, eskola publikoan ikur erlijioso nabariak debekatuko dira, nagusiki beloa eraman nahi duten fede islamiarreko emakumezkoengan eragina izanik. Esperientziak erakutsi digu politika horren efektuak ez direla bilatutakoak, ordea. Hiritartasun integratu baten ordez, bigarren edo hirugarren belaunaldiko etorkinen ondorengoen deserrotze sentimendua bultzatuko dute. Gutxiengo horiek gizarte horretan ez dira identifikatuko, ez baitiete beren nortasuna adierazten uzten eremu publikoan.

Beste muturrean herrialde anglosaxoien eredua daukagu. Pentsamendu liberala nagusi izanik, ez dira integrazio politikak bultzatuko eta eremu pribatuan mantenduko dira desberdintasun eskubidearekin lotzen diren gatazkak. Adibidez, ikastetxeen titularren esku egongo da zentro horien barne araudietan zeinu erlijiosoen erabileraren debekua ipintzea edo ez. Zer esanik ez dago politika horiek segregazionismoa bultzatuko dutela eta gizartearen kohesioa ez dela bermatuko.

Formula berritzaileak ere daude, oreka bilatzen dutenak. Quebec-ek ospetsu egin duen kulturartekotasuna aipatu behar dugu zentzu horretan. Kanadako lurralde horretan zenbait faktore ematen dira gutxiengoekiko sentsibilizazio berezi hori ulertzeko. Batetik, Quebec bera Kanadiar Estatuko barne nazio frankofono bat da. Bestalde, bere lurraldean gutxiengo indigenak aurkitzen ditugu eta etorkinen ehuneko handi bat ere.

Quebec-eko botere publikoek sustatutako eredu horretan gutxiengoen desberdintasunerako eskubidea bermatzen da, muga izanik barne ordenamendu juridikoaren printzipio eta balore nagusiei eta oinarrizko eskubideei zor zaien errespetua. Gainera botere politikoak ez dira abstentzionistak izango arlo horretan, baizik eta aktiboki jardungo dute integrazioa bultza dezaketen politikak aurrera eramanez. Gizartea osatzen duten talde desberdinen arteko harremanak sustatuko dituzte, baita gutxiengoen parte hartzea gizartearen alor sozial, politiko eta kulturalean. Gutxiengoak, bere desberdintasunean, gizarte horren partaide direla sentiaraztea izango da helburu.

Eredu honen harira, lehen aipaturiko zeharkako diskriminazioei irtenbidea emateko arrazoizko egokitzapena tresna juridikoa aipatu behar dugu. Ameriketako Estatu Batuetan sortu eta Kanadan garatu zen teknika horrek lan arloan sortutako gatazkei aurre egitea du helburu. Horren arabera, lan emailea langilearen askatasun erlijiosoaren aginduetara egokitu behar da, baldin eta egokitzapen horrek jasanezineko zama bat suposatzen ez baldin badio, hots, moldaketa horrek lan antolaketari eta ekoizpenari edo langilearen zereginen betetzeari modu larrian ez baldin badie eragiten. Hartara, Sij-ek beren turbantea eraman ahal izango dute polizia lanetan aritzean edo, lan txanden antolaketak horrela posible egiten baldin badu, langilearen ordutegia eta asteroko atsedenaldia horien konbikzioen arauetara egokituko dira.

Argi dago arlo horretan ez dagoela formula magikorik. Kulturartekotasuna gutxiengoen eskubideen errespetuaren aldetik irtenbide egokiena badirudi ere, horren aplikazioa Quebec-en bertan sozialki zalantzan jarri izan da, arrazoizko egokitzapenaren mugak direla eta. Modu berean, hemen aipatutako arazo guztien gainetik, badago integrazioa oztopatzen duen elementu nagusi bat: faktore sozio-ekonomikoa. Langabezia, pobrezia, gizarte-bazterkeria dira, azken finean, gutxiengoek gure gizartean integratu ahal izateko aurkitzen dituzten arerio nagusienak.

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.