Mikel Mari Karrera Egialde
Euskal Zuzenbide Zibila: berriak eta ez hain berriak
Zuzenbide Zibileko irakasle titularra
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2017/05/19
Ez da bakarrik testamentu nola egin; ez da bakarrik nire ondorengoei zer utzi; ez da bakarrik umearen ardura nork izango duen. Hori izan da prentsak, momentuko zurrunbiloan, azpirratu zuena Eusko Legebiltzarrak lege berri hauek onartu eta argitaratu zituenean: 5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa (EHAA, uztailak 3); eta, umeen zaintza partekatuaren harira, 7/2015 Legea, ekainaren 30ekoa, gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzkoa (EHAA, uztailak 10). Hain zuzen, 2015eko uztailaz geroztik, egunkari eta bestelako aldizkariei esker jakin zuen jende gehienak (aditu asko tartean -abokatu, notario, epaile-), tradizioz ezagutzen zuen oinordetza antolatzeko modua goitik behera aldatua suertatu zela, aurretiko abisurik gabe; gero bai plazaratu ziren iritzi asko eta, adituentzat, ikastaro nahiz jardunaldi ugari, egoera berriaz jabetzeko eta arauen aplikazioa nola egin ikasteko. Orain, bat-bateko ezustea eta harridura iragan ostean, zergatik gertatu zen halako ustekabea, eta zer etor daitekeen hemendik aurrera, labur batean adieraztea da cathedra honen helburua.
Zergatik gertatu da halako ustekabea? Ulertzeko, datu hauei erreparatu behar zaie: Konstituzioaren arabera, zenbait autonomia-erkidegok beren zuzenbide zibil, foral edo bereziak gordetzeko, aldatzeko edo garatzeko aukera dute (149.1.8 art.); eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak horixe bera jasotzen du, zuzenbide hark indarra zein lurralde-barrutian izango duen finkatzeko eskumena gehituz (10.5 art.). Azken arau hori 1979ko abenduan aldarrikatu zenetik, eskumena itzalean jasota (edo gordeta) eduki du Eusko Legebiltzarrak eta, 1992an aireratzen hasi bazen ere (3/1992 Legea: EHAA, abuztuak 8), 35 urte beranduago eguzkiratu da, behingoz, erkidego osoko biztanle guztientzat osotasunean, itxuraz (izenez, zuzenbide zibilari buruzko lege deitu baitzaio).
Eta zer da Zuzenbide Zibila? Edonork egunero besteekin bizi dituen erlazioak bideratzeko arauek osatzen dute zuzenbide zibila: norbanakoaren eskubideak (izena, ospea, intimitatea), ondarea nola eskuratu eta baliatu (kontratuak, obligazioak, erantzukizun zibila), jabeak zer egin dezake bere gauzekin (lursaila, etxebizitza, idatzi duen liburua eta abar), familia-harremanak nola bideratu (ezkontza, umeak), oinordetza antolatzeko moduak (testamentua, seniparteak). Erakunde politikoak beren egitura antolatzeaz eta arazo publikoak konpontzeaz (esaterako, isunak, lizentziak, zergak...) sutsu arduratu dira, baina modu askoz apalean ekin diote jendearen arteko harremanen trataera juridikoa gaurkotzeari.
Zein eremutan sartu da eusko legegilea pertsonen hurbileneko arazo horiei dagokienez? Adin txikikoa izan eta babesik gabeko egoeran geratu direnak izan dira araugilearen kezka, gizarte zerbitzuak antolatzeko eta familientzat laguntzak ezartzeko garaian (12 eta 13/2008 Legeak: EHAA, abenduak 24); orain, gainera, bikoteak krisi-egoeran murgiltzen direnean umeen zaintza partekatzeko aukera bideratu nahi izan da (beharrik gabe, Kode Zibilaren arabera ere posible baita, beti, zaintza partekatua epaileak ezartzea, adingabearen interesa, besterik ez, babestuz). Bestalde, pertsona juridikoaren alorrean, elkarteek eta fundazioek ere araudi propioa dute autonomia erkidegoan (7/2007 Legea: EHAA, uztailak 12; eta 9/2016 Legea: EHAA, ekainak 13). Jabetza-eskubidea mugatzeko arauen artean, lurraren (eta eraikinen) jabe denaren ahalmenak murrizten dira bereziki, gehienbat hirigintza antolatzeko eta mendien kudeaketa ikuskatzeko; aipagarria Bizkaian tronkalitateak (eta foru-sakak) indarrean jarraitzen duela, higiezinak xedatzeko erabakietan kontuan hartu beharrekoa. Familiaren eraentza zehazteko, eredu berriak bideratzen dira ezkondu gabeko (izatezko) bikoteak era baitaitezke (2/2003 Legea: EHAA maiatzak 23); alor horretan, Bizkaian, ezkonduen artean, beraien arteko harreman ekonomikoa bideratzeko, foru-komunikazioa egon daiteke, notarioaren aurrean egindako kapitulazioetan besterik ez bada adierazi. Azkenik, oinordetzaren antolaketa nagusia aurreikustera ere iritsi da legea; ez oinordetzaren inguruko arazo guztiak, alderdi askotan Kode Zibila aplikatuko baita oraindik, baina bai garrantzitsuenak.
Zein dira ezein euskal hiritarrek kontuan hartu behar dituzten arau nagusiak beren oinordekoak izendatzeko? Hasteko, testamentua egitea komeni da oso, notario aurrean hobe; eta, orain, mankomunatua edo ermandadean egin daiteke gainera, hau da, bi pertsonak batera (normalean bikoteak edo ezkontideek) egin dezakete testamentua; agian oinordetza-ituna (edo kontratua) egitea ere interesgarria izan liteke zenbait kasutan, esate baterako gure negozioa (denda, taberna, enpresa) seme edo alabari jada utzi nahi badiogu. Bestalde, erabaki dezakegu ere jaraunslea (herederoa) izendatzeko ardura beste norbaiti uztea: nik ez dut esango nor izango den herederoa eta izendatzeko ahalmen hori nire bikotekideari emango diot, esaterako. Edonola ere, berrikuntzarik nabarmenena, gure ondarea nola banatu erabakitzeko, legeak jartzen dituen mugak aldatu izana da: lehen, hiritar gehienek, Kode Zibilaren arabera, beren ondarearen hirutik bi behintzat, beren umeei (seme-alabei) utzi beharra bazuten ere, orain hirutik bat edozein ondorengoetako bati (umeari, bilobari) uztearekin legearen agindua (senipartea) betetzen da. Muga hori errespetatuz, gainerako ondarea edonori utzi dakioke; normalean familiakoei uzten bazaie ere, ohiko bihurtzen ari da onura publikokoak diren erakundeei, edo "hil buruan" lagundu digunari zerbait edo gainerakoa uztea.
Nola jakin gehiago? Horren guztiaren berri, eta etorkizunean zer etor daitekeenari buruz gehiago jakiteko, hainbat bidetatik jo daiteke: euskal unibertsitate publikoak zuzenbide zibila jorratzeko sail berezia badauka (Zuzenbide Zibila Saila) eta bere baitan egin diren lan ugariren berri ematen da web-orrian (www.ehu.eus/es/web/derechocivil/derecho_civil_vasco); bestalde, egungo araudiaren analisi zorrotza eskuliburu praktiko batean topa daiteke (www.atelierlibros.es/libros/manual-de-derecho-civil-vasco/9788416652242); gainera, euskal zuzenbide zibilari buruzko etengabeko prestakuntzako ikastaro bat ere eskaintzen du Sailak (www.ehu.eus/es/web/derechocivil). Hurbilpen honen atzetik, legelariaren zain geratzen gara, ea Kataluniak eraiki duen bideari ekiteko indarrik baduen, "zibilista" adituen laguntzaz noski (civil.udg.es/normacivil/cat/CCC/ES/Index.htm); bitartean, zalantzak argitzeko, Zuzenbide Zibila Saileko adituak zuen esanetara.
Argazkiak: Nagore Iraola. UPV/EHU.