Eskala Kuantikoko Fisika eta Kimika Teorikoko Mugaz Haraindiko Laborategia errealitate da
UPV/EHUk, Bordeleko Unibertsitateak eta DIPCk bultzatutako proiektuak arlo horretako ikerketa egituratuko du Euskadi-Akitania euroeskualdean
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2017/07/06
Eskala Kuantikoko Fisika eta Kimika Teorikoko Mugaz Haraindiko Lankidetza Laborategia –QuantumChemPhys errealitate da dagoeneko. Euskal Herriko Unibertsitateak, Bordeleko Unibertsitateak eta Donostia International Physics Center – DIPCek bultzatzen dute, CSICen (Consejo Superior de Investigaciones Científicas), CNRSren (Centre National de la Recherche Scientifique) eta Bordeleko Institutu Politeknikoaren (Bordeaux INP) partaidetzarekin. Hauxe da UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak beren mugaz haraindiko campusaren proiektu estrategikoan sustatuko Mugaz Haraindiko Lankidetza Laborategietatik guztiz eratzen den lehena.
QuantumChemPhys laborategiak fisika eta kimika teorikoaren arloko ikerketa bikaina eta graduondoko hezkuntza bultzatzea du helburu. Halaber, arlo horietako aktibitate zientifikoaren ardatza izan nahi du Euskadi-Akitania eskualdearen esparruan.
Oinarrizko hitzarmena pasa den asteko III. Sinposio Bordeaux-Euskampusen sinatu zen, eta UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak, Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñon de Larak, DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek eta Bordeaux INPko zuzendariorde Valerie Vigneras-ek parte hartu zuten. Etxenikek gogorarazi zuen orain 20 urte Bordeleko irakasle Antoine Salinekin hasitako harremana erakundetzen duela laborategi horrek. Etxenikek esan zuenez, ikertzaileei lankidetzarako esparru iraunkorra eskaintzen dieten mota honetako hitzarmenek filosofia honi heldu behar diote: "Lehenik egin, gero sinatu".
QuantumChemPhys-en 25 ikertzaile seniorrek lan egiten dute: 13k Bordelen eta 12k Donostian. Koordinatzaileak Donostia International Physics Center-eko zuzendari eta Materialen Fisikako Zentroko (CSIC-UPV/EHU) ikertzaile Ricardo Díez Muiño, eta Institut des Sciences Moléculaires-eko (Université de Bordeaux – CNRS) Pascal Larregaray dira. Ikerketa lerro nagusiak dinamika molekularrean eta oinarrizko erreaktibitatean dautza, hala nola egitura elektronikoan eta garraio kuantikoan. Dagoeneko 40 artikulu zientifiko argitaratu dituzte elkarlanean eta zortzi kongresu zientifiko antolatu dituzte. Ikertzaileen prestakuntzari dagokionez, tutorekidetzako tesi bat irakurri berri da, bost garatzen ari dira eta beste bat laster hasiko da. Halaber, QuantumChemPhys laborategiak elkarlana eta ikasleen trukatzea bultzatu du Bordeleko Unibertsitateko PCCP masterraren eta UPV/EHUko Nanozientzia masterraren artean, SynPCCP proiektuan integratzearen bidez. SynPCCP proiektuan mundu osoko hamabi unibertsitatek parte hartzen dute.