euskaraespañol

Redes sociales campusa

Antonio Casado eta Susi Marcos

Zertarako balio dute EHUko etika batzordeek?

Ikerketa Errektoreordetza. EHU

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/12

Susi Marcos eta Antonio Casado | Argazkia: Miguel Espiga. EHU.

Azken hilabeteetan, CREA sarearen kasuak arreta publiko handia piztu du eta kezka sortu du unibertsitate komunitateko hainbat sektoretan. Bartzelonako Fiskaltzak abiarazitako eginbideek auzia plano juridikoan ere kokatzen dute; dagokion bideetan eta berme prozesal guztiekin aztertu beharko da. Ez dagokio erakunde akademiko bati ondorioak aurrez ateratzea, ezta organo judizialen lana ordezkatzea ere.

Testuinguru honetan, EHUri bere etika batzordeei buruzko hainbat kontsulta egin zaizkio. Gertakariak argitzeko, hainbat elkarrizketa izan ditugu eta, orain arte eskuragarri dagoen informazioarekin, ez dugu gure unibertsitate kideek egindako argitalpenetan jardunbide okerren zantzurik aurkitu. Egoera honek aukera ematen digu kasu zehatz batetik harago doan gai zabalago bati heltzeko: EHUko etika batzordeen eta ikerketa integritaterako egituren funtzioari.

Zer ulertzen dugu integritate gisa

Integritate zientifikoa ez da kontu indibiduala soilik, ezta iruzurrik eza soila ere. EHUren erreferentzia esparru gisa hartu den ALLEAren Ikerketaren Integritaterako Europako Jokabide Kodeak (All European Academies - European Federation of Academies of Sciences and Humanities) azpimarratzen duen bezala, ikerketa arduratsua fidagarritasunaren, zintzotasunaren, errespetuaren eta erantzukizunaren printzipioetan oinarritzen da. Printzipio horiek benetan eraginkorrak izan daitezen, ez da nahikoa balioak aipatzea: beharrezkoa da prozedurak, organo independenteak eta deliberazio espazioak izatea, arriskuak aurrez antzeman eta neurri egokian kudeatu ahal izateko.

Unibertsitate esparruan komeni da bi funtzio osagarri bereiztea. Batetik, ikerketaren etika batzordeak daude, pertsonen parte hartzea, datu pertsonalen tratamendua, animalien eta genetikoki eraldatutako organismoen (GEO) erabilera, edo testuinguru sentikorretan egindako esku-hartzeak dakartzaten proiektuen ex ante ebaluazioa egiten dutenak. Beharrezkoa denean, haien eginkizuna da edozein ikerketa jardueraren alderdi etikoak, metodologikoak eta juridikoak aztertzea, eta alderdi horiei buruzko aurretiazko txostena egitea, nahitaezkoa eta loteslea dena. Bestetik, integritate zientifikoko egiturak daude, ikerketaren garapenean sor daitezkeen gatazka edo jardunbide desegokiak aztertzeaz arduratzen direnak: egiletza auziak, interes gatazkak, datuen erabilera desegokia, presio hierarkikoak edo argitalpen prozesuko manipulazioak, besteak beste.

EHUn, 2008az geroztik, ikerketaren eta irakaskuntza praktikaren etikako organoak arautzen dituen araudia dago indarrean. Araudi horren garapenean, Ikerketaren eta Irakaskuntza Praktikaren Etika Batzordea (IIEB) eratu zen, baita ebaluazio eta jarraipeneko hiru batzorde ere, zientzia arloaren eta ikerketa gaiaren arabera. IIEB da ikerketa etikaren garapena sustatzen duen organoa EHUn, eta hiru etika batzordeen jarduera erraztu eta koordinatzen duena: GIEB, Giza subjektuekin, haien datuekin eta laginekin egindako Ikerketaren Etika Batzordea; AEEB, Animaliekin egiten den Esperimentaziorako Etika Batzordea; eta ABIEB, Agente Biologikoekin eta GEOekin egindako Ikerketaren Etika Batzordea. Batzorde horiek ez dira oztopo burokratiko bat, ikertzaileen zerbitzura dagoen tresnak baizik: ebaluazio independentea, aholkularitza teknikoa eta prestakuntzarako laguntza eskaintzen dituzte, eta ikerketa jardueren kalitatea sendotzen laguntzen dute.

Zergatik komeni da etika batzordeari kontsulta egitea

Ebaluazio etiko goiztiarrak ez ditu arrisku guztiak ezabatzen, baina nabarmen murrizten du erakundearen eta pertsonen zaurgarritasuna. Proiektu bat dagokion berrikuspenetik igaro ez denean, ondorioak geroago ager daitezke: zalantza editorialen bidez, artikuluen erretiratzearen bidez, finantzaketa ikuskapenen bidez, datuen babesari buruzko gatazken bidez edo izen onari kalteen bidez. Zigorrik ez badago ere, ziurgabetasunak eta esposizio publikoak kostu handia ekar dezakete.

Bereziki delikatua da kanpoko etika batzorde batera jotzea, horretarako justifikazio normatibo edo kontraktualik gabe. Ikuspegi instituzionaletik, unibertsitateak bere organoek aplikatzen dituzten prozedura eta estandarren gainean soilik har dezake erantzukizun osoa. Aurretiazko kontsultarik egin gabe kanpoko instantzietara jotzen denean, zalantzak sor daitezke prozeduren koherentziari buruz eta hartutako erabakiek duten estaldura instituzionalaren irismenari buruz.

Askatasun akademikoak ekimenerako gaitasuna eta autonomia intelektuala dakar. Hala ere, autonomia hori partekatutako esparru instituzionalen barruan gauzatzen da. Ikerketa bat ezarritako prozeduretatik kanpo garatzen denean, erakundeak zailtasunak izan ditzake egindako jarduerei atzeraeraginezko estaldura emateko.

Kultura zientifikoaren ikuspegitik, etika batzordeak ez lirateke oztopo gisa ulertu behar, deliberazio kolektiborako espazio gisa baizik. Zalantzak planteatzeko, alternatibak aztertzeko eta erabakiak dokumentatzeko lekuak dira. Askotan, kontsulta goiztiar batek laguntzen du baimen informatua edo formularioa diseinatzen, protokoloa egokitzen, elkarrizketak planifikatzen, egiletza erantzukizunak argitzen, datuen kudeaketa hobeto definitzen edo interes gatazkak aurrez antzematen. Prozesu horrek, epe laburrean zorrotza dirudien arren, epe ertain eta luzera pertsonak zein erakundea babesten ditu.

Azkenik, komeni da zehaztea indarrean dagoen legediak ez duela ezartzen estatu mailako unibertsitate sisteman garatzen den ikerketa oro derrigorrez ebaluazio etiko baten mende jarri behar denik. Badira betebehar zehatzak zenbait esparrutan, bereziki ikerketa biomedikoan eta datu pertsonalen tratamendua edo pertsonen parte hartze zuzena dakarten kasuetan. Gainerakoetan, ebaluazio etikoa unibertsitateek eta ikerketa zentroek berek ezarritako politika eta prozedura instituzionalen bidez artikulatzen da batez ere, baita deialdien eta editoreen eskakizunak ere.

EHUko Ikerketako Jardunbide Egokien Kodeak, gaur egun idazketa eta kontraste fasean dagoenak, ikuspegi prebentibo hori indartzen du. Helburua da ikerketa egiturei eta taldeei erabaki arduratsuak hartzea errazteko irizpide argiak eskaintzea. Horretarako, estandarrak ezartzen ditu kideen arteko errespetuari, aukera berdintasunari, jazarpenaren prebentzioari, proiektu zuzendaritzaren erantzukizunari eta dagokionean organo eskudunei kontsulta egiteari dagokienez. Era berean, estatu mailako araudi berrian aurreikusitako ikerketaren eta transferentziaren etika eta integritateko batzorde berria eratzeak instituzioaren gaitasuna handituko du, ez bakarrik proiektuen hasierako ebaluazio protokolarioa egiteko, baizik eta integritate zientifikoarekin lotutako gai zabalagoei heltzeko ere.

Eztabaida publikoa piztu duen kasuak gogorarazten digu zientzian konfiantza ondasun kolektibo eta hauskorra dela. Astiro eraikitzen da, baina azkar higatu daiteke. Unibertsitateko organoek ezin dute bermatu gatazka edo irregulartasunik inoiz ez gertatzea, baina prebentziorako eta kudeaketarako esparru argiak, irisgarriak eta zorrotzak eskaintzeko beharra dute. Esparru horiek erabiltzeko daude.

Horregatik, gure gomendio instituzionala sinplea da: zalantzarik izanez gero, kontsulta egin. Kontsulta egin pertsonen parte hartzea edo datu sentikorrak erabiltzea dakarten proiektuak hasi aurretik; kontsulta egin kanpoko instantzietara jo aurretik; kontsulta egin egiletzari, finantzaketari edo emaitzen zabalkundeari buruzko zalantzak sortzen direnean.

Integritate zientifikoa ez da arauekin bakarrik sostengatzen; kontsulta, gardentasun eta deliberazio partekatuan oinarritutako praktikak behar ditu. Eskura dauden batzordeak eta tresnak erabiltzea modu zehatz eta kokatua da ikerketaren kalitatea, konfiantza eta sinesgarritasuna sendotzeko.

Kontsulta egiteko helbideak:

ikerketa-arduratsua@ehu.eus (ikerketako integritatea eta jardunbide egokiak)
ceid@ehu.eus (ikerketa proiektuen eta tutoretzapeko jardueren ebaluazioa)