-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Leire San José, Jose Domingo García-Merino, Nerea San Martín Albizuri
Zergatik dira Europako eskualde batzuk ordainketa elektronikoak abian jartzeko garaian bizkorragoak?
Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Irakasleak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/05/19
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Europak aurrera jarraitzen du eskudirua gero eta gutxiago erabiltzen den teknologian oinarritutako ekonomiarako trantsizioan Nabarmen handitu ziren ordainketa elektrikoak 2024an: % 7. Hori dela eta, EBko ordainketen % 60 baino gehiago aplikazio mugikorrekin eta txartelekin egiten dira dagoeneko. Ordainketa digitalen garrantzia dela eta, EB euro digitala garatzeko lanean ari da. Moneta komunaren bertsio elektroniko horren helburua da aro digitalean eskudirua osatzea.
Europako Banku Zentralak (EBZ) bultzatuta, euro digitalaren helburua da euroguneko enpresa eta herritarrentzako ordainketa bitarteko segurua, irisgarria eta eraginkorra izatea. kriptomonetak ez bezala, euro digitala EBZk babestu du eta, horri esker, aktibo egonkorra eta fidagarria izango da.
Moneta digitalaren abantaila eta aukerak
Ordainbide digitalak orokortu izanak abantaila ugari ekartzen dizkie ekonomia nazionalei: ezkutuko ekonomia murrizten du, segurtasuna hobetzen du (lapurretak eta iruzurrak murriztean), transakzioen eraginkortasuna optimizatzen du, zerga bilketa bidez jasotako diru kopurua handitzen du eta hazkunde ekonomikoa sustatzen du. Baina ordainbide horien ezarpena ezberdina da herrialde batetik bestera, seguru asko erabiltzaileen pribatutasuna mugatzen duelako, finantza inklusioa konplexuagoa da eta gastua kontrolatzea zailagoa da.
Europako eskualde batzuetan, beste batzuetan baino bizkorrago barneratu dute herritarrek eskudirurik gabeko (‘cashless’) ordainketa. Hala, Europako iparraldean, Finlandian eta Estonian, adibidez, ordainketa elektronikoen txertaketa maila handia da. Horren arrazoia da, batez ere, azpiegitura digital onak dituztela eta biztanleriak alfabetatze digitaleko maila handiak dituela. Aldiz, Italian eta Eslovakian, barneratze maila hori txikiagoa da.
Gobernuaren pizgarriek eta ordaintzeko metodoak eskuragarri izateak ere eragina dute. Alemaniaren kasuan, adibidez, saltoki txikietan, txartelek onarpen baxua dute eta hori oztopoa da. Ekonomia eta araudi mailako esparru komuna izan arren, Europako herrialdeen arteko alde horiek ikusita, eskudirurik gabeko ordainketak gutxiago edo gehiago zergatik erabiltzen diren aztertzea erabaki dugu.
Banakako faktoreak eta testuinguruaren araberako faktoreak
Ordainketa digitalak bultzatzen dituzten faktoreak ulertzeko, oinarrizko bi eredu daude:
- Onarpen teknologikoko ereduak (‘Technology Acceptance Model’, TAM) justifikatzen du banakako faktoreak aintzat hartuta teknologia berriaren erabilera maila: batez ere, erabiltzeko erraztasuna eta erabilgarritasuna. Baina guztia ez dago faktore indibidualen esku; beharrezkoa da ingurunea ere kontuan izatea.
- Maila anitzeko ikuspegiak (‘Multi-Level Perspective’, MLP) ikuspegia zabaldu eta eraldaketa soziala gertatzen deneko testuingurua aztertzen du. Planteamendu horrek ezartzen du aldaketa-erabakia hartzen den testuinguruak erabakitzen duela aldaketaren arrakasta. Inguruko faktoreek baldintzatzen dituzte banakako erabakiak.
Ordainbide digitalak barneratzeko prozesuan dauden aldeak ulertzeko, beharrezkoa da bi ikuspegiak bateratzea. Horregatik, eskudirurik gabeko ordainketak erabiltzea banakako eta testuinguruaren araberako faktoreen konbinazioak baldintzatzen duela erakusten duen eredua (Europako Banku Zentralaren (EBZ) eta Eurostaten datuak erabiliz) proposatu zen:
- Faktore indibidualak: teknologiaren erabilerarekiko jarrera, haren erabilgarritasunaren pertzepzioa eta ordainketa elektronikoak erabiltzeko erraztasuna esanguratsuak dira. Dimentsio horiek modu positiboan baloratzen dituzten gizabanakoek azkarrago barneratzen dituzte eskudirurik gabeko ordainketa metodoak.
- Testuinguruaren araberako faktoreak: herrialde baten azpiegitura teknologikoak eta biztanleen gaitasun digitalen mailak funtsezko rola betetzen dute. Herritarrek ezagutza digital gehiago dituzten eta ordainketa elektronikoen sare hobea duten herrialdeetan, eskudiruaren erabilera nabarmen gutxitzen da.
Emaitza horiek ikusita, zer neurri iradoki daiteke Europan eskudirurik gabeko ordainketak ugaritzeko?
Lehenengo eta behin, hezkuntza eta prestakuntza, herritarren alfabetatze digitala eta finantzarioa hobetuko duten programak ezarrita, eta ordainketa elektronikoko teknologien erabilerarekin lotutako konfiantza eta gaitasunak bultzatuta.
Gainera, ezinbestekoa da transakzio elektroniko seguruak eta eraginkorrak ahalbidetuko dituzten azpiegitura teknologikoen garapenean eta mantentzean ere inbertitzea.
Transakzio inklusiboak
Transakzio ekonomikoak eguneroko bizitzaren parte dira, eta eskudirurik gabeko ordainketetarako trantsizioak inklusiboa izan behar du, pertsona guztiek, haien hezkuntza maila, adina, kokapen geografikoa edo egoera ekonomikoa edozein dela ere, horiek erabiltzeko eta haietaz baliatzeko aukera izan dezaten ziurtatuz.
Hori dela eta, ez da nahikoa azpiegiturak hobetzea eta prestakuntza digitala eskaintzea: beharrezkoa da sektore zaurgarrienei banku zerbitzuetarako sarbidea bermatuko dieten finantza inklusioko politikak finkatzea.
Helburua eskudirurik gabeko ordainbideak erabiltzea bada ere, digitalizazioak ordainketa metodo tradizionalen mende daudenak baztertzea saihestu behar da. Horrek esan nahi du ordainketa elektronikoak sustatzeaz gain, beharrezko prestakuntza eta azpiegiturak ere bermatu behar direla, eta eskura ordaindu ahal izateko aukerak erabilgarri izan behar duela. Eskudirua pixkanaka eta modu orekatuan gutxitu behar da, uneoro herritar guztien finantza inklusioa bermatuz.