euskaraespañol

Redes sociales campusa

Osasun mentala: funtsezko irakasgaia

Arreta Psikologikorako Zerbitzuak ikastaro bat antolatu du ongizate emozionala hobetu eta egunerokorako tresna praktikoak eskuratu nahi dituzten unibertsitateko ikasleei zuzenduta

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/29

Unibertsitateko etapa erronka handiz betetako garaia da eta ongizate emozionalak garapen pertsonal, sozial eta akademikorako oinarrizko zeregina betetzen du. Horregatik, osasun mentala zaintzea ikasketa planean jasotako beste edozein irakasgai bezain garrantzitsua da.

Uste horrekin Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arreta Psikologikorako Zerbitzuak ‘Osasun mentala: ikasteko dugun ikasgaia' izeneko ikastaroa prestatu du. Unibertsitateko ikasleei zuzendutako prestakuntza proposamena da eta, testuinguru akademikoaren barruan, gogoetarako, ikasketarako eta autozaintzarako prestatutako tartea eskaintzen du.

Ikastaroaren abiapuntua EHUko Arreta Psikologikorako Zerbitzuko zuzendariaren, Andone Sistiaga Berrondoren, hitzek adierazten duten ideia argia da: “osasun mentalari prebentzioz eta prestakuntzaz erantzuteak ikasleen bizi kalitatea, errendimendu akademikoa eta zailtasun pertsonalei eta unibertsitatekoei aurre egiteko gaitasuna hobetzen laguntzen du. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaion arren, osasun mentala gainditu gabeko ikasgaia da oraindik ere ikasleentzat, eta ‘ikasgai’ hau behar duen espazioa emateko helburuarekin sortu da”.

Ekimena haien ongizate emozionala hobetu eta egunerokorako tresna praktikoak eskuratu nahi dituzten unibertsitateko ikasleei zuzenduta dago. “Astero egingo diren 12 saiotan zehar zeharkako gaitasunak lantzen dira, hala nola estresaren kudeaketa, erregulazio emozionala, komunikazio eraginkorra eta eguneroko zailtasunei aurre egitea, ikuspegi praktiko eta parte hartzailetik, era askotako jardueren bidez: mindfulnessa, yoga, lehen sorospen psikologikoak edo zineforuma, adibidez. Osasun mentalaren desestigmatizazioa, adikzioak, suizidioa eta sare sozialen arriskuak jorratuko dira, besteak beste”.

Prestakuntzako proposamena EHUko hiru campusetan eskaintzen da, ikasle guztiei sarbidea erraztuz. Gainera, ikastaroan parte hartzeak gehienez 1,5 ECTS kreditu lortzeko aukera ematen du, prestakuntzarekin lotutako balioa aitortuz eta ikasketa planean sartzeko aukera emanez.

“Unibertsitateko etapa modu osasuntsu eta orekatuagoan bizitzeko tresnak eskuratzeko, hausnartzeko eta gelditzeko gonbidapena da ikastaro hau. Kontuan izan behar dugu ongizate emozionala ezinbesteko oinarria dela garapen pertsonal eta akademikorako eta bizitzaren garapenerako”, adierazi du Arreta Psikologikorako Zerbitzuko zuzendariak.

Programa eta izena emateko formularioa

Informazio praktikoa

  • Ordutegia: 2,5 orduko saioak. Otsailetik maiatzera, astean behin, 15:00etatik 17:30era.
  • Hizkuntza: elebitan (saioaren arabera)
  • Tokia: Araba - Elurreta ikasgelategia, 210. gela / Bizkaia - Liburutegiko batzar aretoa / Gipuzkoa – Elbira Zipitria zentroa, 0.01-0.02 gela
  • Izen-ematea eta programa: GARRANTZITSUA: izen ematea ikastaro osorako egingo da eta ez da derrigorrezkoa izango saio guztietara joatea.
  • Kredituak: joandako saio kopuruaren arabera emango dira. 0,5 kreditu 4 saio bakoitzeko. Gehienez: 1,5 kreditu.
  • Harremanetarako: talleres.sap@ehu.eus