-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Kiroldegian, kirolean
-
‘Zinema eta Zientzia’ ziklo berria abian da
-
Ahozko historiak ikasleen enpatia eta motibazioa hobetzen ditu
-
EHUko International Welcome Centre-ak ‘Ikerketa ibilbideak munduan zehar’ jardunaldiak antolatu ditu
Aníbal M. Astobiza
Pseudozientziak: nortzuek eta zenbatek sinesten dute telepatian, estralurtarrekiko harremanean edo emozioek minbizia sortzen dutela
Doktoratu osteko ikertzailea, zientzia kognitiboetan eta etika aplikatuetan espezializatua
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2023/03/06
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Gizarte gisa ondo immunizatuta gaude gezur pseudozientifikoen aurrean?
Duela pare bat hilabete egin genuen inkesta batean, sinesmen pseudozientifikoen onarpenaren neurgailu bat barne hartu genuen; Ángelo Fasce ikertzaile eta pseudozientzietan espezialistak garatutako neurgailu bat. IMOP Insights-en online paneletik abiatuz (argitaratzeke), Espainiako heldu populazio bati gezur edo txorakeria pseudozientifikoekin lotutako baieztapen zerrenda batekiko adostasun edo desadostasuna adierazteko eskatu genion.
Baieztapenak askotarikoak ziren, adibidez: zientziak gaitasun telepatikoen existentzia egiaztatu duela, emozio negatiboek minbizia sortzen dutela “frogatu” dela, baita arkeologoek antzinako zibilizazioen eta izaki estralurtarren arteko topaketa erregistratu dutela ere.
Horrekin lotuta, sinesmen horietan batezbesteko puntuazio handiagoa izateak gezur eta sinesmen pseudozientifikoak onartzeko joera handiagoa adierazi ohi du.
Populazioaren gehiengoak ideia pseudozientifikoen posibilitatea onartzen du
Inkestako datuek iradokitzen dutenez, gaur egun Espainian gezur pseudozientifikoen aurreko ohiko erantzuna agnostizismoa da: ez dira erabat babesten edo errefusatzen; aitzitik, ezjakintasuna aitortzen da. Orduan, edalontzia erdi beteta dago?
Benetan hala den bi aldiz pentsatzeko arrazoiak daude. Espainiako helduen populazioaren gehiengoak ideia pseudozientifikoak aintzat hartzeko prest dagoela erakusten du, eta, gainera, kasu batzuetan, herritarren ehuneko oso handi batek babesten ditu sinesmen horiek.
Unibertsitate ikasketak edukitzeak ez du esan nahi pseudozientziekiko sinesmena txikiagoa denik
Nola liteke Espainiako helduen % 30 ados egotea telepatia zientifikoki frogatuta egotearekin? Edo inkestatuen ia laurden batek esatea historiaurrean zibilizazio estralurtarrekiko harremanak izan ziren froga egiaztatuak daudela?
Gure inkestan ohiko aldagai demografikoak erabili genituen (adina, generoa, hezkuntza maila). Lasaitua eman zigun hezkuntza mailak ideia pseudozientifikoen aurrean neurri batean sinesberatasun txikiagoa izatea iragartzen duela ikusteak. Estatistikoki adierazgarria izan arren, unibertsitate ikasketak bukatu izanaren eta ideia pseudozientifikoak babestearen arteko korrelazioa txikia zen. Pozteko arrazoia edo atsekabetzekoa gehiago? Azken finean, dirudienez, zenbait urtetako goi mailako prestakuntza izateak ez du iruzur intelektualen aurreko immunizazio handirik eragiten.
Kontraste gisa, adinak (belaunaldi helduago batekoa izatea) ia hezkuntza mailak bezainbesteko pisua zuen iragarpenean: hezkuntza maila bera izanda, belaunaldi helduagoek sinesmen horiek onartzeko joera handiagoa dutela ematen du.
Nola liteke gure gizarteari eta gure gazteei ahalegin handia eskatzen dien unibertsitate heziketa ez izatea txorakeria pseudozientifikoen aurrean sendo babesteko faktore bat?
Zenbat dakigu zientziaz
Gure azterlanean, herritarrek jakintza zientifikoaren izaera zenbateraino ulertzen duten jakiteko neurri bat barne hartu genuen. Hau da, Espainian bizi diren helduek jakintza zientifikoaren filosofia eta zientzia jardueraren izaera zenbateraino ezagutzen dituzten neurtu genuen. Horretarako, jendeak emaitza bat zientifikoa izan arren eztabaidagarria izan daitekeela ulertzen duen eta parekoen ebaluazioa ulertzen duen ere neurtu genuen.
Jakintza zientifikoaren filosofiaren ezagutza maila handia izatea bai, gezur pseudozientifikoak errefusatzearen adierazle argia zen. Hain zuzen ere, gure ereduan, unibertsitate prestakuntzak gezur pseudozientifikoen aurrean babesten zuen zientziaren filosofiaren ulermen minimo bat transmititzeko balio izan bazuen.
Bestela, unibertsitate prestakuntza zeukaten pertsonek gainerakoen aldean ez zuten ideia pseudozientifikoak babestu edo errefusatzeko joera handiagorik.
Horrek iradokitzen duenez, Espainian unibertsitate prestakuntza, kasu askotan, ez da zientziaren izaeraren ulermen filosofiko minimo bat transmititzen ari.
Arrisku faktoreak
Gure inkestan, emakumea izatea ere sinesmen pseudozientifikoak onartzeko arrisku faktore gisa agertzen zen. Baita beste aldagai batzuk kontrolatuta ere. Hau da, hezkuntza maila bera edo zientziaren filosofiaren ezagutza maila bera izanik, emakumeek batez beste sinesteko joera handiagoa zuten. Ez dakigu zergatik gertatzen den hori, beraz, “hurrengo azterlanetan auzi hori aztertu beharko litzateke” esamoldea aplikatu daiteke hemen. Hala ere, emaitza hori beste inkesta batzuetan errepikatu denez eta gizarte ahultasun egoerei aurre egiteko funtsezkoa izan daitekeenez, gure ustez, auzi horretan genero dimentsioan arreta jartzea merezi du.
Ohikoa denez, batez besteko alde horiek txikiak dira. Inola ere ez du esan nahi sexu bat bestea baino sinesberagoa denik (beste inkesta batzuetan gizonek konspirazioaren teoriak babesteko joera handiagoa dutela agertu ohi da, nahiz eta teoria horiek burugabeak izan).
Aurretik azpimarratutako aukera bat da batez beste enpatia maila handiagoa izateak bihurtzen dituela emakumeak sinesberago. Beste aukera kezkagarriago bat da sinesmen horietako asko emakumeen artean jarraitzaile gehiago lortzeko manufakturatu izana edo (birus baten anduia bere ostalarira egokitzen den bezala) koeboluzionatu izana.
Beste inkesta batzuetan agertzen denez, adibidez, gure gizartean, emakumeen artean, terapia alternatiboekiko (kasu batzuetan, pseudozientzia bereziki kaltegarriak) harberatasuna zabalduago dago.
Gizarte sinesgogorrago bateranzko bidea
Duela urte askotatik, gure herrialdean gripe epidemia zaindu eta detektatzeko dugun sistema inbidiagarria da kasu askotan. Era berean, COVID-19aren eraginez, argi geratu da patogenoak goiz detektatzeko sistemak behar direla, agerraldi leherkor posibleak prebenitzeko eta hedatu ez daitezen garaiz esku hartu ahal izateko. Esperientziari eta azterlan batzuen emaitzei erreparatuz, herritarren artean gezur pseudozientifikoak hauteman, horien jarraipena egin eta modelizatzeko beharra benetan kontuan hartu behar dela ikusten dugu.
Ideia kaltegarri batzuk hedatzearen eta talde batzuk kalteberagoak izatearen eragilea zein den ulertuz gero, pseudozientzien eta horien ondorio kaltegarrienen aurrean immunitate handiagoa izango genuke.
Gizartea sinesgogorragoa bada, desinformazioa eta praktika kaltegarriak onartzeko joera txikiagoa izango du, eta probableagoa izango da bere osasunaren, ingurumenaren eta bestelako auzi garrantzitsuen inguruan hartzen dituen erabakiak nahikoa ezagutza izanik hartzea.
![]()