“Norengana jo dezaket ?”, “Lagun al diezadake inork?” Unibertsitatea ez da ikasgelan hasi eta bukatzen beti. Zailtasun akademiko baten atzean beste zerbait egon daiteke: arazo ekonomikoak, bakardadea, familiaren egoera korapilatsua edo ondoez emozionala. Batzuetan, zailena lehen pausoa egitea da: laguntza ba dagoela jakitea eta eskatzera ausartzea.
-
Partekatu autoa, aurreztu dirua eta iritsi zuzenean campusera
-
Hogeita hamar bat nazioarteko unibertsitatek esperientziak eta praktika onak partekatu dituzte Donostian
-
Hara norekin topatu ginen Ondarrun!
-
Osasun mentala: gainditu gabeko gaia
-
Artea eta ikerketa uztartuko ditu Zientzia Asteak doako ekitaldi inklusiboekin
EHU Gertu-Gertutik: Entzute Sarea
Entzute Sarea: «Ez zaude bakarrik. Hemen gaituzu»
EHUko Entzute eta Erantzute Sareko 321 laguntzaileei esker, errazagoa da laguntza eskatzea
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/22
Errealitate hori gogoan hartuta sortu zen EHUko Entzute eta Erantzute Sarea , 2021-2022 ikasturtean. Pandemiaren ondorioek markatutako testuinguru batean sortu zen ekimena, irakasleak eta ikastegietako lantaldeak arlo akademikoa gainditzen zuten zaurgarritasun egoerez jabetzen hasi zirenean. Harrezkero, Sarea arian-arian handitu da eta, gaur egun, 29 fakultate eta zentrotan dago eta 321 laguntzaile ditu, unibertsitateko kideak.
Sarearen helburua sinplea da, errealitatea askotan halakoa izan ez arren: ezein ikaslek ez diezaiola zailtasun bati bakarrik aurre egin behar izan, norengana jo ez dakielako. Horretarako, ikastegietako eguneroko bizitzan parte hartzen duten pertsonen gertutasuna Unibertsitateak laguntzeko dituen zerbitzu eta baliabideekin konektatzen ditu Entzute Sareak.
Haizea Galarraga Ikasleen eta konpromiso Sozialerako Errektoreordetza ko Gizarte Ekintzarako zuzendaria da eta Entzute Sarearen arduraduna. Erantzukizun horretatik abiatuta, koordinatzen duen sarearen xedea oinarrizkoa bezain garrantzitsua da: laguntza eskatzea errazagoa izan dadila.
Norengana jo esatea baino askoz gehiago
Norbait egoera latz bat bizitzen ari denean, ez du beti jakiten egoera horri izena jartzen. Arazo akademiko bat duela pentsa dezake baina, egiaz, horren atzean diruarekin edo familiarekin zerikusia duen kezka bat egon daiteke. Ondo ez dagoela senti dezake, baina laguntza psikologikoa behar ote duen jakin gabe. Edo zailtasun jakin bat izan dezake, eta Unibertsitateak eskaintzen dituen baliabideen berri izan ez.
Haizea Galarraga: «Kontua ez da bideratzea soilik, baizik eta entzutea, orientazioa ematea eta lehen urratsak egiten laguntzea»
Hain zuzen ere, hortxe sartzen da Entzute Sarea. “Ulertarazi nahi dizugun lehen gauza da, laguntza eskatu ahal izateko, ez duzula zertan jakin zehazki zer gertatzen zaizun, ezta zein zerbitzutara jo behar duzun ere”, azaldu du Galarragak. Galdera batekin eta galdera hori entzuteko prest dagoen Sareko norbaitekin hasten da dena. Hori da pertsona horren zeregina: hasierako harremanerako puntu bat eskaintzea, gertukoa, eta hortik entzutea, beharrak identifikatzen laguntzea eta baliabide egokienetara bideratzea, ahal duen heinean laguntza eskainita.
Eta entzuteak ez du esan nahi bideratzea soilik. Haizeak esan digunez, “entzuteak, batez ere, hor egotea esan nahi du. Ikasleari konfiantzazko gune bat eskaintzea, zerk kezkatzen duen adierazi ahal izateko, epaitua sentitu gabe, eta bere egoera nola azaldu edo zer laguntza mota behar duen aldez aurretik jakin behar izan gabe”.
Aldea txikia izan daiteke, itxuraz, baina garrantzitsua da. Telefono zenbakien edo helbide elektronikoen zerrenda bat besterik gabe ematea baino, entzungo zaituen norbait eskaintzea da asmoa, baliagarri izan dakizkizukeen baliabideak identifikatzen lagundu eta, ahal denean, baliabide horiek eskuratzeko bidea azalduko dizun norbait. “Entzuteak ez du esan nahi erantzun guztiak izatea, baizik eta gertutasuna eta orientazioa ematea laguntzaile bakoitzaren aukeretan oinarrituta”, laburbildu du Galarragak.
Gertu-gertuko sare bat
Entzute Sarea ez da zerbitzu isolatu bat, ezta leihatila berri bat ere. Berezitasuna, hain zuzen ere, Sarea osatzen duten pertsonak eta ikasleekiko duten gertutasuna dira.
Ikastegi bakoitzean erreferente bat dago eta, harekin batera, unibertsitateko hiru kidego nagusietako laguntzaileek osatzen dute Sarea: irakasleak, teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak (TEKAZEL) eta ikasleak.
Norbait Sareko kide batengana hurbiltzen denean, lehen urratsa ez da konponbidea berehala bilatzea. Hitz egitea da. Pertsona horri zer gertatzen ari zaion eta zer behar dezakeen ulertzen saiatzea. Begirada bakoitzak gauza bat hauteman dezake. Eskola batean edo tutoretza saio batean, irakasle bat kontura daiteke ikasle batengan zerbait aldatu dela. TEKAZEL bat premia batez jabetu daiteke eguneroko gestio batean. Ikaskide batek sumatu dezake, inork baino lehenago, norbait une latz bat bizitzen ari dela.
María Pilar Tazón: «Entzute Sareak ikasleei laguntzeko baliabide gehiago izateko aukera eman zigun»
TEKAZEL kolektiboko kide eta Entzute Sareko kolaboratzaile den Igone Berrio ren arabera, ekimenaren balio nagusietako bat «espazio seguru» hori eskaintzea da, laguntza eskatzea errazagoa izan dadin. «Garrantzitsuena da pertsona epaitua izateko beldurrik gabe entzuna senti daitekeen gune bat eskaintzea. Batzuetan, norbait entzuteko prest izatea bera ere lasaitasun handia da». Gainera, Sareak laguntza behar duten pertsonei Unibertsitatean eskura dituzten baliabideak eta zerbitzuak hobeto ezagutzen laguntzen diela azpimarratzen du.
Bestalde, María Pilar Tazón Ansola Erizaintza II Saileko irakasleak eta Entzute Sareko kolaboratzaileak gogorarazi du egoera horietako asko Sarearen sorrera baino askoz lehenago azaleratzen zirela tutoretzetan. "Irakasleok banaka lantzen genituen egoera horietako asko, tutoretzen esparruan. Hala ere, Entzute Sareak ikasleei laguntzeko baliabide gehiago izateko aukera eman zigun, baita prestakuntza espezifikoa jasotzeko eta eguneroko jardunean aurkitzen ditugun esperientziak eta egoerak beste lankide batzuekin partekatzeko ere".
Ildo horretan, Galarragak bat egiten du ikuspegi horrekin: “Sarearen indargune nagusietako bat, hain zuzen ere, horretan datza. Ez da zerbitzu isolatu bat, baizik eta unibertsitateko eguneroko bizitzan parte hartzen duten pertsonen sare bat”.
Entzute Sarearen zeregina ez da zerbitzu espezializatuen ordezko izatea. Sareko kideek ez dute esku-hartze psikologikorik edo terapeutikorik egiten, baina prestakuntza jasotzen dute entzute aktiboko eta komunikazioko trebetasunetan janzteko eta egoera batean arreta espezializatua noiz behar den bereizteko. Entzuteko eta orientazioa emateko zeregin horrek berekin dakar, halaber, laguntzaile bakoitzaren eginkizunak non amaitzen diren eta beste zerbitzuetara noiz jo behar den jakitea. Tazónek nabarmendu duenez, prestakuntza horrek ikasleak ikuspegi integral batetik ulertzen laguntzen du, haien dimentsio akademikoa ez ezik, egoera pertsonalak eta sozialak ere kontuan hartuta.
Prestakuntzak, gainera, beste ondorio bat ere badu: ikastegi eta kidego desberdinetako pertsonek elkar ezagutzea eta esperientziak partekatzea ahalbidetzen du, kasuan kasuko arretaz haratago.
Erantzun guztiak galdera batekin hasten dira
Entzute Sarea definitzen duten ideietako bat da erantzun guztiak galdera batekin hasten direla. Eta ez da kasualitatea.
Haizea Galarraga: «Pertsona batek diruarekin edo familiarekin lotutako kezkak baldin baditu, ezin ditu kezka horiek fakultateko atean utzi eskolan sartzen denean»
Unibertsitateko etapak aldaketak, erabakiak eta erantzukizunak dakartza, baina baita zalantzak, beldurrak eta ziurgabetasunak ere. “Galdera itxuraz sinple baten atzean kezka askoz sakonago bat egon daiteke, edo ikasleak nola adierazi oraindik ez dakien behar bat”, azaldu du Sareko arduradunak. Horregatik, erantzunak bilatu aurretik, entzun egin behar da.
Sareak mota askotako baliabideei buruzko orientabidea eman dezake: arreta psikologikoa, orientazio akademikoa, bekak eta laguntza ekonomikoak, desgaitasuna edo hezkuntza premia espezifikoak dituzten ikasleentzako laguntzak, etxebizitza programak, errefuxiatuentzako edo asilo eskatzaileentzako baliabideak, goi mailako kirolarientzako neurriak edo diskriminazio, indarkeria edo bizikidetza egoera zailen aurreko protokoloak.
Aniztasun horrek errealitate bati erantzuten dio: ikasle baten zailtasunak gutxitan agertzen dira isolatuta
“Arazo ekonomikoak dituen ikasle batek ordu asko lan egin behar izango ditu bizi ahal izateko, eta horrek eragina izan dezake eskoletara joatean, errendimendu akademikoan eta, azkenik, ikaslearen ongizate emozionalean”, azaldu du Galarragak.
Era berean, familian egoera zaila izateak eragina izan dezake kontzentrazioan, harremanetan edo ikasten jarraitzeko aukeran. “Pertsona batek diruarekin edo familiarekin lotutako kezkak baldin baditu, ezin ditu kezka horiek fakultateko atean utzi eskolan sartzen denean”, gaineratu du.
Batzuetan kosta egiten da laguntza eskatzea
Baliabideak, pertsonak eta zerbitzuak egon badaude; orduan, zergatik ez dugu laguntza eskatzen batzuetan? Erantzunetako bat ezjakintasuna da. Zenbait ikaslek ez dakite laguntza jakin batzuk badaudela, edo ez dute Entzute Sarearen berri. Baina beste oztopo batzuk ere badira: epaitua izateko beldurra, konfiantzarik eza, gertatzen dena nola azaldu ez jakitea edo arazoa “hainbesterako ez dela” pentsatzea.
Ainhize Gamarra: «Ikastegi bakoitzean erreferentziazko pertsonak daude, distantziak murrizten eta konfiantza sortzen laguntzen dutenak»
“Egoerak ez du are larriago izan beharrik laguntza eskatzeko, eta kezka bat inoiz ez da txikiegia, entzutea ere merezi ez izateko”, azpimarratu du Galarragak.
Sareak, hain zuzen ere, lehen urrats hori normalizatzen lagundu nahi du. Ez da beharrezkoa zer gertatzen den argi izatea, ezta zer zerbitzu dagokion jakitea ere. Hasteko, zerk kezkatzen zaituen azal dezakezu, besterik gabe.
Kontaktu hori errazteko, Sarean parte hartzen duten pertsonak identifikatzeko bereizgarriak jartzen ditugu haien lan eremuetan. Bestela, mezu bat idatz dezakezu helbide honetara zuzenean: entzute.sarea@ehu.eus , nora jo ez dakizunean edo baliabide egokia aurkitzen ez duzunean.
Ongizatea, erantzukizun partekatua
Osasun mentala, zailtasun ekonomikoak, bakardadea, familia arazoak, diskriminazioa edo/eta zailtasun akademikoak sortzen direnean, unibertsitateko esperientzia baldintzatu dezakete. Horregatik, Galarragaren ustez, erantzunak ere ezin du soilik zerbitzu bakar baten mende egon.
“Zerbitzu espezializatuak funtsezkoak dira, baina ez dira beti iristen gure ikastegien eguneroko bizitzan gertatzen diren zaurgarritasun egoera guztietara”, azaldu du. “Unibertsitateko kideak, berriz, lehen seinale horiek ager daitezkeen leku horietan daude, hain zuzen ere”.
Entzute Sareak planteatzen duen unibertsitatearen ideian ikasleen ongizatea erantzukizun partekatua da. Zaintzea eta laguntzea ez dagokie soilik zerbitzu espezializatuei; aitzitik, unibertsitateko kide guzti-guztiak inplikatzen dituen zeregina da.
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Energia Ingeniaritza Sail eko irakasle Ainhize Gamarra k ere bat egiten du ikuspegi horrekin. Haren ustez, Sarearen balioetako bat ikasleengandik gertu egotea da: “Ikastegi bakoitzean erreferentziazko pertsona bat eta hainbat kolaboratzaile egoteak distantziak txikitzen laguntzen du, eta ikasleei ingurune seguru batean konfiantza handiagoz adierazteko aukera ematen die”.
Ikasleak ere izan daitezke Sareko kide. Ikasle horien parte-hartzeari esker, ikaskideek are gertuago sentitu dezakete ekimena eta, aldi berean, enpatia, elkartasuna eta konpromiso soziala sustatzen dira.
Igone Berrio: Askotan ez gara jabetzen norbaiti entzuteko minutu batzuk eskaintzea bezain keinu sinple batek izan dezakeen garrantziaz».
Gamarraren arabera, Entzute Sarean parte hartzeak unibertsitateko ingurunearekin harremanak izateko modua ere eraldatzen du. "Entzute Sareko kide garenontzat, gure ingurua beste modu batera begiratzen ikasteko, enpatia garatzeko eta EHUn elkarrekin bizi diren errealitate desberdinez kontzienteago izateko aukera da". Haren ustez, esperientzia horrek komunitate kohesionatuagoa, solidarioagoa eta guztion ongizatearekin konprometituagoa eraikitzen laguntzen du.
Hurrengo erronkak
Ikasle gehiagorengana iristea eta Sarea EHUko ikastegi guztietan ezagun izatea lortu nahiko genuke. Laguntza eskatzea ez dadila porrot edo ahultasun seinaletzat hartu, baizik eta aurrera jarraitzeko beste urrats bat izango balitz bezala.
Kolaboratzaileek ere erronka hori identifikatzen dute. Ainhize Gamarraren ustez, erronka nagusietako bat unibertsitateko komunitate osoak Entzute Sarearen berri izatea da. “Nahi nuke Sareak sendotzen jarraitzea, gero eta pertsona gehiagorengana iristea eta haren presentzia EHUk eguneroko bizitzan modu naturalean txertatzea. Uste dut helburua unibertsitate baterantz aurrera egitea dela, non laguntza eskatzea ez den ahultasun gisa biziko, zerbait naturala bezala baizik”.
TEKAZEL kolektiboko Igone Berriok ere bat egiten du ikuspegi horrekin, eta Unibertsitatean entzute-kultura indartzen jarraitzearen garrantzia azpimarratzen du. “Erronka nagusietako bat Sarea ezagutarazten jarraitzea da, komunitate osoak baliabide hori behar duenean erabili ahal izan dezan”. Haren iritziz, entzutea eguneroko harremanen parte izango den eta gatazkak errespetutik eta elkarrizketatik abiatuta landu ahal izango diren erakunde baterantz aurrera egiteak laguntza eskatzea gero eta modu naturalagoan ikusten lagunduko du.
Azkenean, Entzute Sarearen helburua ez da arazo bakoitzerako erantzun bat izatea. Askoz sinpleagoa da: erantzun hori bilatzeko prozesuan inor bakarrik ez egotea da kontua. Eta hor hartzen du zentzua, berriro ere, Igonek bere ibilbide profesionalean zehar ikasi duen gogoeta batek: “Askotan ez gara jabetzen norbaiti entzuteko minutu batzuk eskaintzea bezain keinu sinple batek izan dezakeen garrantziaz”. Ideia horrek ezin hobeto laburbiltzen du Sarearen espiritua; izan ere, Sarea unibertsitateko esperientziak giza dimentsioa ere baduela gogorarazteko sortu da, hain zuzen ere. "Ez zaude bakarrik. Hemen gaituzu".
Esteka
Irudi galeria
-
Zuzenbide Fakultateko ikasle talde bat, EHUko Entzute Sareari buruzko informazioa kontsultatzen Fakultateko atarian. -
EHUko Entzute Sareari buruzko informazioa eta bereizgarriak -
Zuzenbide Fakultateko ikasle talde bat, EHUko Entzute Sareari buruzko informazioa aztertzen -
Zuzenbide Fakultateko ikasle talde bat, EHUko Entzute Sareari buruzko informazioa aztertzen -
Sarearen bereizgarria -
Zuzenbide Fakultateko ikasle talde bat, EHUko Entzute Sareari buruzko informazioa kontsultatzen Fakultateko atarian. -
Irakasle baten bulegoko bereizgarria -
Entzute Sarearen txapa bereizgarriak -
Entzute Sarearen posterraren irudia -
Entzute sarearen arduraduna, Haizea Galarraga
