UPV/EHUren azterlan batek egiaztatu duenez, ereduak eskuz egitean, arkitekturako ikasleek trebezia garrantzitsuak garatzen dituzte beren prestakuntzarako, forma geometrikoak ikasten dituzten bitartean.
-
EHUko ikerketa batek Arabako Errioxako historia berridatzi du
-
Emakumeak eta Zientzia: lau ikertzaile-belaunaldi XXI. mendeko erronkei aurre egiteko
-
Seguridad, miedo y ciudadanía: el joven magrebí como chivo expiatorio
-
Abortos financiados con dinero público, pero realizados en clínicas privadas
-
Oles, oles lurra esna zaitez!
Saskigintzaren bidez arkitektura ikasten da
Saskigintzako teknikekin esperimentatzeak aukera eman diezaieke ikasleei sormen prozesu oso baten kontrola izateko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2022/04/07
Mundu hau gero eta birtualagoa da, eta arkitekturaren profesionalak ezin du bazter utzi bere bizitzako alderdi bakoitzean dagoen digitalizazioa. Giza gaitasunean, arrazoiketan eta estetikan oinarritu izan da arkitektura, baina, gaur egun, mundu digitalean bizi da, non teknologiak protagonismo berezia hartzen duen. Hala ere, Amaia Casado Rezola Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakaslearen hitzetan: “Arkitektura sortu eta eraiki ahal izateko ezinbestekoa da hiru dimentsioko forma geometrikoak ulertzea eta kontrolatzea. Aro digitalak geometria horiek ulertzeko eta kontrolatzeko moduan aldaketa positiboa ekarri badu ere, badirudi aldaketa horrek eragina izan duela asmatzeko eta hausnartzeko prozesuan. Arkitektura ikasteko modua aldatzen ari da, beraz. Gaur egungo ikasleei –ohituta daude errealitatea formatu digitalean partekatzen den ingurune birtual batera– hardwareen eta softwareen ahalmenak edozein erronkari edo arazori berehala erantzuteko jarrera errazten die, gogoeta prozesua alde batera utzita. Horrek adimenaren eta eskuaren arteko deskonexioa eragiten du, eta horrek proiektu edo sormen prozesuaren distortsioa eragiten du”.
Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan, geometria irakasgaiaren zati bat garatzeko, forma geometrikoen azterketa saskigintza tradizionalean oinarritutako ereduen lanketarekin lotzen da. “Zura gurutzatua ohiko eraikuntza material gisa erabiltzen da munduko leku askotan: oraindik ere ikus daiteke fatxadetan, estalkietan, barruko trenkadetan edo dekorazioan eta altzarietan. Saskigintza tradizionaleko artisau adituei zor zaie obran jartzea. Antzinako teknika hori milaka urtetan garatu da herrialde askotan. Izan ere, gaur egungo arkitekto ospetsuak –jarraitu du Amaia Casadok– saskigintzarekin lotutako arkitektura ehartetuarekin esperimentatzen ari dira”. Baina arazoa da munduko leku askotan saskigintzako teknika horien ezagutza galtzen ari dela. “Artisau produkzioko eta manipulazioko prozedurek ez dute oinarri zientifikorik, eta zaila da kopiatzea. Gero eta diseinu aukera gutxiago egin daitezke, eta ez da forma berririk sortzen. Izan ere, zuntz plastikoz egindako produktuak modu masiboan agertzeak krisian jartzen ditu saskigintzako artisau tailerrak –landa eta hiri industria oso garrantzitsuak dira–. Saskigintza, tradizioz, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ogibide bat da, eta leku askotan desagertzeko arrisku handia dago. Egungo ondarearen defentsa bateratzea da helburua, Arkitekturaren eremuan forma eta formatu berriak sortzeko”.
Eremu horietan esku hartzen saiatzeko, Amaia Casado irakasleak egindako ikerketak eskala txikiko arkitektura ehartetuaren berrikuntzan jartzen du arreta, forma berriak sortuz gaztainondo zurezko tira lauko saskigintzarekin –hori da Euskal Herrian nagusi den teknika–. “Pentsamenduaren prozesuak indartzeko, nire azterlanak eskulana eta artisautza zaintzea eta erreskatatzea proposatzen du, geometria ikasgaian proiektuari aplikatutako prozesuen laborategi gisa”. Teknika digital aurreratuak eta munduko artisau teknika zaharrenetako bat –hots, saskigintza– batera erabiltzea da gauza. “Irakaskuntza berrikuntza horretan, saskigintzako teknikekin esperimentatzeak aukera eman diezaieke ikasleei sormen prozesu oso baten kontrola izateko, hasieratik bukaeraraino, eskuak erabiltzeko espazioa eta denbora errespetatuz”.
Erabilitako ikerketa metodoa DSR (Design Science Research) da. Ikerkuntza ikuspegi horrek ardatz du artefaktuen garapena eta ebaluazioa, prozesuen errendimendu funtzionala hobetzeko asmo esplizituarekin. “Erabilitako ikerketa tekniken artean daude dokumentuak analizatzea, kasuak aztertzea, datuak lortzea, oinarrizko ikerketarako laborategiko saiakuntzak egitea eta sorkuntza aplikatuko laborategiko esperimentazioan aritzea. Gaztainondo zurezko tira lauarekin eharteturiko lanen kasu ugari oinarrizko geometrietan aztertu eta aplikatu ondoren, artefaktu berriak sortu ahal izan dira gaztainondo zurezko tira lau bidezko bilbe gurutzatuak erabiliz, materialaren propietate mekanikoak kontuan hartuta”.
Horrela, metodo sekuentzial bat sortuz joan da, eta 19 artefakturen prestaketa diseinatu, ezarri eta ebaluatu da ikerketa honetarako berariaz sortutako esperimentazio laborategian. “Horren ondorioz, ikasleek gaztainondo zurezko tira lauekin eharteturiko forma berriak sortu ahal izateko metodo bat sortu da, zortzi urratsekoa. Metodo hori hainbat ezaugarritako 5 artefaktu egiteko prozesuan ezarri da, eta ikasleekin egindako berariazko tailer batean baliozkotu da. Ereduak eskuz egitean, ikasleek arkitekturan prestatzeko trebetasun garrantzitsuak garatzen dituztela eta, aldi berean, forma geometrikoak ikasten dituztela egiaztatu ahal izan da”.
Informazio osagarria
Azterlan hau Amaia Casado Rezolak egindako doktorego tesiaren barruan dago (Análisis de la geometría de superficies entretejidas en cestería de tira plana de madera. Aplicación en la enseñanza de Arquitectura). Aurora Herrera Gómez CEU San Pablo Unibertsitateko Arkitekturako Proiektuetako irakaslea eta Iñigo León Cascante Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Saileko irakaslea dira tesiaren zuzendariak. Amaia Casado irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.