euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

SUSIEE: jasangarritasuna eta kulturartekotasuna bizitzaren hastapenetatik eraikitzen

EHUk gidatua, Euskal Herriko, Kataluniako, Italiako eta Hungariako erakundeak batu ditu proiektu honek

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/18

Leire Darretxe eta Monike Gezuraga proiektuko EHUko koordinatzaileak | Argazkia: Egoi Markaida. EHU

"SUSIEE - Jasangarritasuna eta kulturartekotasuna 0-3ko Lehen Haurtzaroaren Hezkuntzan eta Arretan" jasangarritasunean eta kulturartekotasunean oinarritutako Erasmus+ proiektua da. Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatutako nazioarteko ekimen honek 0-3 urteko Lehen Haurtzaroaren Hezkuntza eta Arretari begirada berritzailea eskaini dio, Europako hainbat herrialdetako esperientziak uztartuz.

Proiektuaren koordinazioa Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) hartu du bere gain, eta harekin batera Haurreskolak Partzuergoa, La Xixa (Katalunia), Partners Hungary Foundation eta Józsefváros-eko haur-eskolak (Hungaria), eta CESIE ETS eta Naturalmente (Italia) aritu dira.

SUSIEE proiektua ez da kasualitatez sortu. Antolatzaileek azaldu dutenez, abiapuntua Kataluniako La Xixa erakundearen esperientzia izan zen, eta handik abiatuta bazkideak nazioartean bilatu ziren. Prozesu honetan, EHUko Hezkuntza Fakultateak, KideOn ikerketa taldeak, hain zuzen ere, ekimenean parte hartzeko beharra berehala ikusi zuen. «0-3ko hezkuntza etapa estrategiko bat da, askotan ikerketa, prestakuntza eta baliabide sortzeko prozesuetan ahaztua», azaldu dute proiektuko kideek.

Bestalde, gizarte gero eta anitzagoetan bizi garela, eta horrek hezkuntzari erronka berriak planteatzen dizkiola azpimarratu dute: «Oso garrantzitsua da adin horietako haurrekin lan egitea aniztasuna normalizatzeko eta haren aurrean errespetu-balioak garatzeko. Lan hori jaiotzetik egin behar da, umeekin ez ezik, familiekin eta inguruko eragileekin ere».

Jasangarritasunari dagokionez, SUSIEEk ikuspegi zabalagoa proposatzen du: «Naturarekin lotutako planteamenduetatik haratago, bizitza iraunkorrez ari gara: komunitate jasangarriez, zaintzaz eta bizitza erdigunean jartzeaz». Ikuspegi horrek haurren erritmoak eta beharrak errespetatzea eskatzen duela nabarmendu dute, eta hori izan da proiektuaren ardatz nagusietako bat.

Ezaugarri bereizgarrietako bat metodologia bera sortzeko modua izan da. «Haur-eskoletako hezitzaileak, ikasleak, familiak eta akademiako profesionalak izan dira protagonistak. Prozesua horizontala eta kolaboratiboa izan da».  Lan horrek hainbat fase izan ditu: literatura- eta araudi-azterketa, prestakuntza-ibilbideen diseinua, ekintza pilotuak, ebaluazioa eta, azkenik, metodologia eta laguntza-materialen sorrera.

Proiektuari amaiera emateko, 2025eko azaroan Bilbon egindako Nazioarteko Kongresuak helburu argiak izan zituen: «Egindako lana ikusaraztea, sentsibilizatzea eta topaketarako eta hausnarketarako gune bat sortzea». Antolatzaileen hitzetan, kongresua bera ere SUSIEE metodologiaren isla izan zen: «Bizitzeko sortutako kongresua izan zen, ez soilik entzuteko».

Baliabide ugari

Emaitza gisa, SUSIEEk hainbat baliabide sortu ditu, gaur egun proiektuaren webgunean eskuragarri daudenak: oinarri teorikoak jasotzen dituen gida, profesionalentzako eskuliburua, “SUSIEE Family” aplikazio digitala, eta prestakuntza-saio eta tailerrak hezitzaile eta familientzat.

Proiektuaren emaitza praktikoen artean, haur eta familiekin lantzeko jarduera ugari sortu dira. Proiektuko kideek adibide zehatzak aipatu dituzte, hala nola ‘Nire albuma – nire kultura-identitatea’: «Familia bakoitzak bere albuma sortzen du etxean, eta ondoren ikasgelan partekatzen da, kultura-aniztasuna aberastasun gisa lantzeko». Beste jarduera arrakastatsu bat ‘Jatorrien mapa’ izan da: «Haurren eskolan munduko mapa bat jartzen da, bertan dauden kultura guztiak irudikatzeko, eta etengabe eguneratzen da».

Jasangarritasunaren arloan, naturarekin harremana sustatzeko ekintzak nabarmendu dituzte: «‘Bainu naturala’ bezalako jardueren bidez, ingurunea ezagutzeko eta maitatzeko beharra azpimarratu nahi izan dugu. Naturara gerturatzen gara eta ohikoak diren oztopoak gaindituz (euria ari duela, egun haizetsua dugu…) naturak eskaintzen dizkigun elementuez jabetzen gara, ikasten dugu eta gozatzen dugu. Hostoen koloretan paratzen gara, txorien kantei erreparatzen diegu, e.a».

Nazioarteko lankidetza, begirada zabalagoa

Herrialde desberdinetako erakundeekin lan egiteak balio erantsia ekarri diola uste dute antolatzaileek: «Beste testuinguru batzuk ezagutzeak kontrastea ematen digu, eta egiten ari garen lanari balioa ematen dio».

Aldi berean, antzekotasun eta desberdintasunak identifikatu dituzte: «Kulturartekotasunean aurrerapen handiagoak ikusten ditugu jasangarritasunean baino, eta jasangarritasuna askotan naturaren kontserbaziora mugatzen da». Antzeko beste alderdi bat da, oro har, 0-3 etapan oinarritutako jardunbide egokiak bilatu nahi izan dituztenean, asko kostatu zaiela; “horrek esan nahi du lan hau egin izana, hau zabaltzea eta honetan lanean jarraitzea oso beharrezkoa dela”.

Euskal Herriko testuinguruari dagokionez, zenbait baldintza egoki nabarmendu dituzte, hala nola haurreskolen sarbide unibertsala edo araudi aurrerakoiak (haurreskoletarako sarbide unibertsala; amatasun-/aitatasun-lizentzia zabalagoak; araudiak, protokoloak... kulturartekotasuna eta jasangarritasuna bezalako alderdiei balioa ematen dieten postulatuetatik abiatzen direnak), nahiz eta bide luzea geratzen dela onartu duten.

Bukatzeko, SUSIEEk utzitako ondarea ez dela materialetara mugatzen nabarmendu dute: «Ikasitakoa unibertsitateko prestakuntza-guneetara eta haurreskoletara eramateko aukera ematen digu, eta lankidetza berriak irudikatzeko ere bai».

Amaitzeko, mezu argi bat utzi dute: «Kalitatezko hezkuntzaren eta justizia sozialaren aldeko lana txikitatik hasten da, eta bide horretan jarraitzeko beharra dugu. SUSIEE proiektuan inplikatu diren kide guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu». 

 

Proiektuaren web orrialdea: SUSIEE Project