euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Begoña Sanz Echevarría, Usue Ariz López de Castro, Fátima Ruiz-Litago eta Ainhoa Fernández Atutxa

Tabakoa, edoskitzearen etsai

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/03

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Tabakoak hil egiten du. Badakigu, besteak beste, paketeetan jartzen duelako. Badakigu “biriketako 10 minbizitik 9 tabakoak eragiten dituela”, “erretzeak bihotzekoak egiten dituela”, bai eta “erretzeak espero duzun umea hil dezakeela” ere. Baina, paketeek ez digute esaten haurdunaldian erretzearen ondorioz laburragoa izaten dela amagandiko edoskitzaroa.

Amagandiko edoskitzeak onura ugari ditu, eta berehalakoenak haurtxoaren osasunarekin zerikusi dutenak dira. Baina, gainera, eragin positiboa du adimenaren garapenean eta helduaroan gaixotasun kronikoen prebentzioan.

Hori dela eta, ama erretzaileen haurtxoek arrisku bikoitza izaten dute: batetik, fetuaren garapenean tabakoak duen eragina, eta, bestetik, edoskitze laburragoei lotutakoa.

Tabakoaren garrantzia edoskitzearen hasieran

Haurdunaldian erretzea eta amagandiko edoskitze-tasen beherakada oso lotuta daudenez, erabaki genuen gertakari hori sakonki aztertzea. Bularra emateko asmoa zuten 401 emakumek parte hartu zuten ikerlan batean, haurdunalditik hasi eta haurtxoak urtebete bete arteko informazioa jaso zen. Honako hau ikusi genuen haurdunaldian erretzeari dagokionez:

  • Haurdunaldian erre egin zuten emakumeen edoskitze-aldia laburragoa izan zen erre ez zutenena baino. Bi taldeen arteko alde nabarmenena jaio ondorengo lehenengo astean eta lehenengo hilabetean antzeman genuen, baina urtebetera alde hori desagertu egiten da.
  • Haurdun geratzean erre egiten zuten baina haurdunaldian erretzeari utzi zioten emakumeek edoskitze-aldi luzeagoa izan zuten, inoiz erre ez zuten emakumeek baino askoz ere luzeagoa.
  • Gainera, haurdunaldia erre egiten zuten emakumeek maizago erabili zituzten tetinak eta txupeteak haurtxoaren lehenengo astean, eta lehenago hasi ziren formula-esnea ematen.

Azken puntu hori garrantzitsua da; izan ere, amagandiko edoskitzeari hasiera emateko ezinbestekoa da haurtxoak bularra hartzea eta titiburua behin eta berriro estimulatzea jaio orduko. Etengabeko zurrupaketak bi hormona jariarazten ditu: esne-ekoizpena estimulatzen duen prolaktina eta esnea kanporatzea ahalbidetzen duen oxitozina. Hori dela eta, formula-esnea azkarregi ematen hastea eta haurtxoa jaio ondorengo lehenengo egunetan txupetea erabiltzea edoskitzea oztopa dezakete.

Horri gehitu behar zaio nikotinak eta tabakoaren beste osagai batzuek prozesu horretan eragin zuzena dutela; izan ere, eragina izan dezakete edoskitzea ahalbidetzen duten hormonetan.

Nola sustatu edoskitzea ama erretzaileen artean

Jasotako datuen arabera, haurdunaldian erretzeak nahiko eragin handia du amagandiko edoskitzean. Faktore fisiologikoek kaltetu egin dezakete amagandiko edoskitzea, baina, halaber, faktore psikologikoak ere aintzat hartu behar dira, besteak beste, motibazioa eta edoskitzaroarekin lotutako ohiturak eta jardunbideak.

Argi dagi erretzeari haurdunaldian uzteak eta beste testuinguru batean uzteak xehetasun ezberdinak dituztela. Hori dela eta, emakume erretzaileen artean edoskitzea sustatzeko estrategiek arrakasta izan dezaten, ezinbestekoa da aintzat hartzea etapa horretan emakume bakoitzak dituen inguruabarrak.

Aintzat hartzeko alderdi garrantzitsu bat da haurdunaldian erretzeari uzteko farmako baimendu gutxi daudela. Horrez gain, haurtxoaren osasunarekin zerikusi duen motibaziozko osagai sendoa ere badago, eta hori giltzarri izan daiteke tabakoa uztean arrakasta izateko.

Bestalde, ezin zaionean erretzeari utzi, beharrezkoa da amagandiko edoskitzaroan erretzeari buruz maiz sortzen diren zalantzei erantzutea, alderdi psikologiakoak (besteak beste, antsietatea eta emakume horiek izan dezaketen erru-sentimendua) ahaztu gabe.

Amaitzeko, ikerlan honen ondorioetan oinarrituta, gure ikertaldeak honako esku-hartze espezifiko hauek proposatzen ditugu tabakoari eta edoskitzeari dagokienez:

  • Ama izateko asmoa duten eta ugalketa-adinean dauden emakumeentzat bereziki eta haien bikotekideentzat erretzeari uzteko estrategiak ezartzea. Interesgarria litzateke ikasketa-maila handieneko emakume gazteen artean jartzea arreta; izan ere, horiek izaten dute tabakismo-maila handiena eta, aldi berean, amagandiko edoskitze-maila txikiena. Haurdunaldiaren aurretik hasi behar da erretzeari uzten.
  • Bularra eman nahi duten ama erretzaileei bularra ematen laguntzeko protokolo espezifikoak diseinatzea. Protokolo horiek tetinak eta txupeteak goizegi erabiltzea eta formula-esneak goizegi ematen hastea saihesten lagundu beharko lukete, jardunbide horiek lotuta baitaude edoskitzean arrakasta txikiagoa izatearekin.
  • Emakume erretzaileei laguntzea eta amagandiko edoskitzearen onuren berri ematea. Azpimarratzekoa da, ahal den guztietan, hobe dela amaren esnea formula-esnea baino, are gehiago, ama erretzailea bada.

Ez dago zalantzarik: jaiotzetik helduarora arte osasuna hobetzeko, amagandiko edoskitze-tasa handitu behar da. Horretarako, beharrezkoa da tabakoaren eta edoskitzearen arteko harreman konplexuari erantzutea.

 

UPV/EHUk finantzatu ditu artikulua ‘Journal of Neonatal Nursing’ aldizkarian sarbide irekian argitaratzeari lotutako gastuak. Artikulu horretan, testu honetan azaldu diren emaitzak aurkeztu dira.