euskaraespañol

Redes sociales campusa

Andoni Maiza Larrarte

Trantsizio energetikoa ez litzateke egin beharko munduko garapen maila baxueneko eskualdeen kontura

Ekonomia Aplikatua Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/10/06

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Europan zirkulatzen ikus dezakegun auto elektriko bateko kobrea (baterietarako eta motorrerako erabiltzen da, besteak beste), Peruko Andeetako mendi batetik ateratakoa izan daiteke. Hala, munduko beste leku batzuetan trantsizio berdea gauzatzen ari den bitartean, Andeetako eskualdeetan, Apurímac-en esaterako, mineralen erauzketak gizarte eta ingurumen mailako gero eta tentsio handiagoak eragiten ditu.

Garapen bidean dauden herrialdeetan eta baliabideetan aberatsak diren eremuetan, diru sarrera gehiago lortzeko beharraren eta neurri erraldoiak dituzten meatzaritzako ustiapenek eragindako kalteen arteko dilema sortzen da.

Las Bambas: hasiera eztabaidagarria izan zuen megameategia

Orain gutxi egindako ikerketa batean, Las Bambaseko megameategiaren kasua aztertu dugu. Las Bambas Peruko Apurímac departamenduko Cotambabas eta Grau probintzietan dagoen kobre ustiategia da. Onura eta aukera batzuk eskaintzen dituela ondorioztatu dugu, baina baita kostu eta erronka handiak ere.

Las Bambas ustiatzeko eskubideak Suitzako Xstrata enpresari esleitu zizkioten 2004an, eta, Energia eta Meategiak Ministerioaren arabera, Peruko historiako meatzaritzako kontratu handienetako bat da.

Proiektua abian jarri zenean, bertako komunitatea herrixka berri batera lekualdatu zen Fuerabambatik, eta konpentsazioak emateko promesa egin zieten. Gerora, 2014an, Txinako MMG enpresak meategiaren titularitatea eskuratu zuenean, tokiko komunitateekin zituzten harremanak korapilatu egin ziren, eta agerian geratu ziren bi alderdien arteko kultura mailako alde handiak.

Hori gutxi balitz, urte horretan bertan onartu zen jatorrizko proiektuarekiko aldaketa polemikoenetako bat: minerala garraiatzeko hodi handi bat kamioi astunez ordezkatzea. Horrek gatazka handia sortu zuen herritarrekin, kamioien etengabeko zirkulazioaren ondorioz.

Onura ekonomiko handiak

Proiektuak sekulako zifrak biltzen ditu. Inbertsioak 10.000 milioi dolar baino gehiagokoak izan ziren, eta produkzioak 3.400 milioi dolar baino gehiagoko sarrerak sortu zituen 2023an MMGrentzat. Bertako jarduerari esker, meategiak ekarpen nabarmena egiten die eskualdeko gobernuaren diru sarrerei. Hain zuzen ere, 2022an, transferentzia horiek Apurímaceko gastu publikoaren % 16,6 izan ziren.

2015etik, eskualdeko BPGa bikoiztu baino gehiago egin da, baina meategiarekiko mendekotasun handia dela eta, eskualdearen ongizatea kobrearen prezioaren hegakortasunaren esku dago. Gainera, aldagai hori herrialde bakar batek egindako eskaerak baldintzatzen du: Txinak.

Gainera, ekarpena askoz ere txikiagoa izan da enpleguari dagokionez. Hain zuzen ere, megameategiak eskualdeko enplegu osoaren % 2-% 3 inguru bakarrik sortzen du.

Gizarte, ingurumen eta kudeaketa arloetako erronkak

Eskualdean hezkuntza eta osasun arloetan egindako aurrerapenak ere ez dira esperotakoak bezain handiak izan. Bilakaera aldekoa izan den arren, adibidez, desnutrizio eta anemia tasak oraindik ere handiak dira. Gainera, saneamendu egokia eta edateko ura izatea dira, oraindik ere, oinarrizko beste erronketako batzuk. Izan ere, etxeen % 70ek oraindik ere ez du kontsumitzeko tratatutako ur hornidurarik.

Gainera, ingurumeneko adierazleek narriadura kezkagarri bat erakusten dute. MMG enpresa nazioarteko estandarretara atxikita dagoen arren, meategiak hondakinen bolumen handiak sortzen ditu, ur kontsumo handiak behar ditu eta negutegi efektuko gasak igortzen ditu.

Gainera, meategiko lanak direla eta degradatutako lur azalera 4.000 hektarea ingurukoa da eta meatzaritzako jarduerarekin lotutako ingurumeneko salaketen kopurua ere handia da.

Meatzaritzako megaproiektuen kudeaketak erronka handiak ekarri ohi ditu berekin. Dokumentazio teknikoa bertako komunitateek ulertu ahal izateko konplexuegia izaten da. Gainera, jarduera horiek arautzeko legeak dauden arren, Peruren kasuan Munduko Bankuak onartu duen moduan, ustelkeria eta administrazio txarra ohiko arazo bihurtu ohi dira.

Horri guztiari gehitu behar zaio ingurumen kalteak ebaluatzeko metodologiak ez direla nahikoak, eta horrek zaildu egiten duela zehaztea komunitateek jasotako konpentsazioak bidezkoak diren ala ez. Gaur egun, anbiguotasun handia dago honako hauekin lotutako kalkuluan, adibidez: hondeaketek eragindako kalteak, uren kutsadura eta abar. Administrazioek aholkularitza enpresak kontratatzen dituzte ingurumen inpaktuaren azterketen kalkuluak egiteko, baina, askotan, aholkularitza enpresa horiek berek onartzen dute kalkuluak gutxi gorabeherakoak baino ez direla.

Etorkizunerako gomendioak

Las Bambaseko kasuari oraindik garapen bidean dauden eskualdeetan dauden megameategiek dituzten onurak zalantzan jarri dituzten beste azterketa batzuk gehitu behar zaizkio. Hori dela eta, nazioarteko erakunde aholkulari kualifikatu bat sortzea proposatzen dugu, meatzaritza proiektuek eragindako komunitateei aholkularitza eskain diezaien.

Gainera, beharrezkotzat jotzen dugu gizarte eta ingurumen inpaktuak kontabilizatzeko nazioarteko estandarrak finkatzeko lanean aurrera egitea. Hala, balizko kalteak modu egokian kalkulatzeko berme handiagoak egongo dira, eta administrazio publikoek meatzaritzako enpresa handiei beharrezko neurri zuzentzaileak eskatu ahal izango dizkiete. Neurri horiek mota askotakoak izan daitezke: konpentsazio ekonomikoetatik hasi, eta hasieran planteatutako proiektuekiko aldaketa edo obra batzuk baztertzera arte, besteak beste.

Trantsizio energetikoak bidezkoa izan beharko luke planetako biztanle guztientzat, edozein tokitan bizita ere.